Javier Vidorreta Salillas enpresari eta Nafarroako Enpresaburu Gazteen Elkarteko presidentea (AJE) hautatu zuten Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Gizarteko Kontseiluko lehendakari berri atzo, 2020ko azaroaren 16an, egindako osoko bilkuran. Bilera hartan, Gizarte Kontseiluko kide berriak aukeratu ziren, besteak beste kontseiluburu berria, 2016az geroztik kargu hori izan duen Joaquín Ansa Ericeren ordezkoa. Bozketaren emaitza aldeko 12 boto eta 4 boto zuri izan zen. Kontseiluko hiru kide falta ziren. Gero, Nafarroako Gobernuari proposatuko zaio kargu berrien izendapena, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean (NAO) argitaratuko da azkenik.
Nafarroako Gobernuak, Javier Vidorreta Salinas ez ezik, Ana Ollo Hualde (aurreko karguan berriz), Teresa Catalán Sánchez eta Mar González Paredes ere izendatu ditu Gizarte Kontseilurako. Nafarroako Parlamentuak, berriz, Miguel José Arrarás Paños (aurreko karguan berriz), Juan Ramón Corpas Mauleón, Ubaldo González Delgado (aurreko karguan berriz), Esteban Morrás de Andrés eta Idoia Sara Pérez. Azkenik, Nafarroako Enpresaburuen Elkarteak (CEN) izendatutako María José Ballarín Domequek ere kargua hartu zuen atzoko bileran.
Javier Vidorreta Salillasen profila
Javier Vidorreta Salillas (Tutera, 1989) diplomaduna da Ingeniaritza Tekniko Industrial Mekanikoan Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP), Industria Diseinuko sakontze-lerroarekin, eta ilustratzaile editoriala Madrilgo ESDIP Arte Eskolan.
NUPeko Enpresak Sortzeko Unibertsitate Laborategiari esker (LUCE), ekintzailetzarako bokazioa zuela konturatu zen ikasle garaiko azkeneko urtean, eta Nafarroako Gobernuak Moderna Ekintzailearen Beka eman zion CEINen bidez. Zazpi urtez aritu da diseinatzaile industrial gisa produktu berriak merkaturatzeko I+G-ko proiektuak gidatzen, eta 2015az geroztik produktuen diseinuaz, ingeniaritzaz eta markaz arduratzen den “Vidorreta Design” estudioaren sortzailea eta zuzendari kreatiboa da. 2018az geroztik, “Almotech” start-up enpresa teknologikoaren bazkide fundatzailea ere bada. Enpresa horrek sukaldeko olio erabiliari beste erabilera bat ematen dion gailu bat garatzen du, olio erabilia zuzenean eta etxean xaboi bihurtzen duena. CEINen Impulso Emprendedor eta Iníciate programak irabazi zituen proiektuak.
2018az geroztik, halaber, Nafarroako Enpresaburu Gazteen Elkarteko presidentea da (AJE), eta Nafarroako Enpresen Konfederazioko eta Enpresaburu Gazteen Elkarteen Espainiako Konfederazioko batzorde exekutiboetako kide da, eta, 2019az geroztik, Nafarroako Merkataritza Ganberako osoko bilkurako kide ere bai.
Azkenik, NUPeko Ekintzaileen Klubean, Mentoretza Seniorraren Programan, “Explorer, konponbideak ematen dituzten gazteak” izenekoan eta “Iruña, Ekintzaile” delakoan ere hartzen du parte, eta dibulgatzaile aritzen da zenbait arlotako biltzar eta hitzaldietan.
Gizarte Kontseiluaren eginkizunak
Gizarte Kontseilua organo kolegiatu bat da, eta haren bidez hartzen du parte gizarteak Unibertsitatearen gobernuan eta administrazioan. Arlo ekonomikoan eginkizun garrantzitsuak ditu, hala nola aurrekontua onartzea, Unibertsitatearen zenbait urtetako programazioa egitea, eta Unibertsitatearen jarduera ekonomikoak eta bere zerbitzuen errendimendua gainbegiratzea. Organo horri dagokio, halaber, gizarteak Unibertsitatearen finantziazioan lagun dezan sustatzea.
Hemeretzi kidek osatzen dute; horietako hamahiru alderdi sozialekoak dira, eta sei, Unibertsitatekoak. Unibertsitatearen ordezkariak errektorea, idazkari nagusia, kudeatzailea eta Gobernu Kontseiluko hiru kide dira. Alderdi soziala, berriz, Nafarroako Parlamentuak izendatutako bost kidek, Nafarroako Gobernuak izendatutako lauk eta ordezkaritza handiena duten sindikatu- eta enpresa-erakundeek izendatutako beste lau kidek osatzen dute.