Joan eduki nagusira

Miguel Beruete Díaz Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Seinalearen Teoriako eta Komunikazioetako irakaslea NUPeko ikertzaile nagusia da “Miracle” europar proiektuan. Proiektu horrek hormigoia berrasmatzea proposatzen du, metamaterialen bidez diseinatuz, halako eran non beroa kanpoko espaziora barreiatuko duen, energia gehigarria alferrik galdu gabe. Espainiako, Belgikako, Frantziako, Italiako eta Alemaniako ikertzaileek osatzen dute partzuergoa, eta proiektua burutzeko epea 48 hilabetekoa da, 3 milioi eurotik gorako aurrekontuarekin.

zoom Miguel Beruete

Miguel Beruete Díaz, NUPeko ikertzaile nagusia eta Europako Miracle proiektuko parte-hartzailea

Buru den Beruetez gain, Iñigo Liberal, Iñigo Ederra, Jorge Teniente eta Juan Carlos Iriarte ikertzaileek osatzen dute NUPeko lantaldea. “Proiektu honetan, asmo handiko ideia apurtzailea planteatzen da: teknologia baxuko material xumeak, hala nola hormigoia eta zementua, goi teknologiako metamaterial fotoniko ekologiko bihurtzea”, azaldu du Miguel Beruetek. Ikerketa hori metamaterialetan oinarritzen da, hau da, naturan ez dauden ezaugarriak izan ditzaten diseinatutako egitura artifizialetan. “Miracle”n, ikertzaileek metahormigoi fotoniko bat garatuko dute. Argiaren aurrean duen erantzuna erradiazio bidezko hozte pasiboa lortzeko diseinatuko da. “Horrek esan nahi du metahormigoiak beroa kanporatzen ahalko duela eraikinetatik kanpoko espaziora, energia gehiago kontsumitu gabe. Berotze global gero eta handiagoaren testuinguruan, aurrerapen zientifiko eta teknologiko horrek eragin handia izaten ahal du ia energiarik ez duten eraikinen xurgapenean eta CO2-aren aztarna murrizteko estrategia globalean”.

Miracle proiektuak (erradiazio infragorriaren bidez hozteko gaitasuna duen metahormigoi fotonikoa, energia asko aurrezteko) modu naturalean gertatzen diren zenbait kointzidentzia ustiatzen ditu. Alde batetik, edozein gorputz, tenperatura jakin batean egoteagatik, energia irradiatzen dio inguruko inguruneari; bestetik, atmosferak gardentasun-banda bat du infragorrien eremuan, eta, azkenik, kanpoko espazioa oso hotz dago, zero absolututik hurbil. “Kontua da, giro-tenperaturan, gorputzek erradiazio maximoa dutela justu atmosferaren leihoan; hala, erradiazio hori galerarik gabe hedatzen da atmosferan zehar, eta kanpoko espaziora iristen da, zeina bero-hustubide ia ideala baita. Emaitza da gorputza berez hozten dela, aparteko energiarik eman gabe”, adierazi du Miguel Beruete ikertzaileak. “Fenomeno horren ondorioz, gau oskarbietan tenperatura oso baxuetara iristen ahal da, eta horrek ihintza, lantzurda eta izotza eragiten ditu, baita basamortuko eremuetan ere”.

Proposatutako konponbidea

Erradiazio bidezko hozte pasiboaren etsairik handiena eguzkiak egunez duen erradiazio konstantea da, zeinak lortzen ahal den hoztea konpentsatu eta gainditzen baitu. Horregatik, proposatu ziren lehen konponbideek gaueko hoztea bakarrik hartzen zuten kontuan. “Egunez erradiazio bidezko hoztea lortzeko giltzarria da eguzki-erradiazioa uhin laburrekoa dela, eta bero-erradiazioa, berriz, uhin luzekoa dela —azaldu du ikertzaileak—. Errezeta da eguzki-erradiazio guztia islatzea eta ahal den guztia leiho atmosferikoan igortzea, tenperaturaren gutxiagotze garbia lor dadin”. 

Gaur egun, teknologia horren garapena botila-lepo batean dago, eta proposatutako soluzioak konplexuak eta garestiak dira oro har, material arraroak eta urriak behar baitituzte, nanofabrikazioa eskatzen duten egiturak, eta eskala luzean ekoizteko zailak dira. “Miracle proiektuak planteatzen du ea zementuz indartutako materialak erradiazio bidezko hozterako “behin betiko konposatuak” izaten ahal diren —adierazi du Beruete irakasleak—. Gure aurretiko esperientzian oinarritua, uste dugu behar bezala sintonizatutako hormigoia galdera horri erantzuten dion konbinazio irabazlea izaten ahal dela, hormigoia material ugaria eta erabat estandarra baita eraikuntzan, eta, gainera, ingeniaritza aurreratua onartzen duelako metamaterial fotonikoen ideiak aplikatuz erradiazio bidezko hozte pasiboaren gaitasuna emateko”.

Europako partzuergoa

Donostiako Materialen Fisikako Zentroko Jorge Sánchez-Dolado ikertzaileak koordinatzen du lantaldea (Ikerketa Zientifikoen Kontseilu Gorenaren eta Euskal Herriko Unibertsitatearen ekimena), eta gainerako bazkideak zentro hauetako ikertzaileak dira: Technische Universitat Darmstadt (Alemania), Nafarroako Unibertsitate Publikoa (Espainia), Tecnalia Research & Innovation Fundazioa (Espainia), Katholieke Universiteit Leuven (Belgika), Microlight3D Sas (Frantzia) eta Politecnico Di Torino (Italia).

Miracle proiektuak 48 hilabeteko iraupena du eta “Future Emerging Tecnologies Open – Novel ideas for radically new technologies” deialdiaren barnean kokatzen da. Guztizko aurrekontua 3.192.466 eurokoa da, eta horietatik 507.286 euro NUPi dagozkio.