Azaroaren 11n eta 12an, Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) Hotzaren Zientzia eta Tekniken Iberiar Penintsulako X. Kongresua eta VIII. Kongresu Iberoamerikarra (CYTEF 2020) eginen du. Bi urtean behin egiten da, eta elikagaien hozteari, prozesatzeari eta kontserbazioari, klimatizazioari, eraginkortasun energetikoari eta energia berriztagarriei buruzko Iberoamerika osoko aditu eta ikertzaile onenak biltzen ditu, industria-sektorekoak nahiz unibertsitate eta zentro teknologikoetakoak.
Ezkerretik eskuinera: Gurutze Pérez Artieda, Álvaro Martínez Echeverri, Álvaro Casi Satrústegui, David Astrain Ulibarrena, Leyre Catalán Ros, Antonio Rodríguez García, Patricia Alegría Cía eta Patricia Aranguren Garacochea
Aurtengo edizioa NUPeko Ingeniaritza Termikoko eta Fluidoen Ingeniaritzako ikerketa-taldeak antolatu du, Hotzaren Zientzia eta Tekniken Espainiako Elkartearekin batera, eta lehen aldiz birtualki eginen da, COVID-19ak eragindako egoera dela eta. 2002an lehen aldiz egin zenetik, CYTEF topagune garrantzitsu bihurtu da parte-hartzaileek ezagutza, esperientzia eta iritziak partekatzeko eta elkarrengandik ikasteko.
Hotzaren ekoizpena eta berotegi-efektua
Hotzaren ekoizpena historiako asmakizun garrantzitsuenetakotzat jotzen da, eta zeregin erabakigarria du gizarteen garapenean, premia biziko produktu galkorren kontserbazioan duen funtsezko eginkizunari eta eraikin eta ibilgailuetan erosotasun baldintzak sortzeko duen gaitasunari esker. Hozketaren eta klimatizazioaren sektoreak 500 bilioi dolar fakturatzen ditu urtero munduan eta 15 milioi pertsonari ematen die lana. Alderdi energetikoei dagokienez, kalkulatzen da kontsumitutako energia elektrikoaren % 20 sektore horri dagokiola, eta, beraz, eragin handia du ingurumenean. Hozketaren Nazioarteko Institutuaren datuen arabera, 2014. urtean hozketaren eta airea egokitzearen sektoreak 4140 milioi tona CO2 isuri zituen atmosferara, hots, urte horretan munduan isuri ziren berotegi-efektuko gasen % 7,8. Guztizko kopuru horretatik 2610 milioi argindarraren kontsumoak eragin zuen, eta, gainerakoa, erabilitako fluido hozgarriek eragin zuten zuzenean.
David Astrain Ulibarrena NUPeko katedradun eta 2020ko kongresuko buruak adierazi duenez, “datu horiek agerian uzten dute sektoreak duen garrantzia, eta eraginkortasuna hobetzeko eta ingurumenean duen eragina murrizteko premia”. Gainera, COVID-19ak gaur egun eragindako munduko osasun-krisiak “agerian utzi du sektore honetako teknikariak zenbait urtez salatzen ari diren arazoa, hots, jendea bizi den espazio itxietan airea behar bezala eta eraginkortasunez berritzeak duen garrantzia; izan ere, OMEren arabera, denboraren % 80 baino gehiago igarotzen dugu halako espazioetan”.
Testuinguru horretan eginen da CYTEF 2020 kongresua, eta alor horretan egiten den ikerketa eta garapen teknologiko handia bilduko ditu. Kongresuaren funtsezko helburuak honako hauek dira: energia-kontsumoa murriztea, berotegi-efektuan ekarpen txikia edo batere ekarpenik ez duten fluido hozgarriak erabil daitezela erraztea eta elikagaien kontserbazioaren kalitatea hobetzea, bai eta klimatizazioko airearen kalitatea hobetzea ere.
Ehun bat hitzaldi
Honako hauek osatzen dute CYTEF 2020ren batzorde antolatzailea: Antonio Rodríguez, Álvaro Martínez, Gurutze Pérez, Patricia Aranguren, Miguel Araiz, Leyre Catalán, Álvaro Casi, Patricia Alegría eta David Astrain (kongresuko burua), NUPeko Ingeniaritza Termikoko eta Fluidoen Ingeniaritzako ikerketa-taldeko kideak denak.
Kongresuan bi osoko bilkura eginen dira, 87 hitzaldi eta poster erako 11 aurkezpen, bi saio paralelotan banatuta azaroaren 11n eta 12an. Herrialde hauetakoak dira parte-hartzaileak. Espainia (77 ekarpen), Ekuador (4), Mexiko (3), Portugal (2), Brasil (2), Erresuma Batua (2), Suedia (2), Frantzia (2), Kolonbia (1), Alemania (1), Norvegia (1), Bulgaria (1).