Nafarroako Unibertsitate Publikoa (NUP) “Times Higher Education 2021” nazioarteko sailkapenean sartu da lehen aldiz, aztertzen diren hamaika arloetako zazpitan: “klinika, aurreklinika eta osasuna”, “konputazioaren zientziak”, “ingeniaritza eta teknologia”, “bizitzaren zientziak”, “zientzia fisikoak”, “gizarte zientziak: soziologia” eta “negozioak eta ekonomia”.
Edizio honetan, munduko 1500 unibertsitate baino gehiago baloratu ditu rankingak, aipatu bezala hamaika arlotan, eta irakaskuntzako 500 erakundetik gora sartu dira lehen aldiz, horien artean, NUP. Sailkapenean aztertzen diren datuak unibertsitateetatik, ekoizpen zientifikoa biltzen duen "Scopus" datu-basetik eta mundu osoko akademikoei egindako inkestetatik datoz. Sailkapenak guztira 13 balio erabiltzen ditu, bost adierazletan taldekatuta: ikerketaren eragina, industriatik datozen diru-sarrerak, nazioarteko ikuspegia, ikerketa eta irakaskuntza.
NUPen postua arlo bakoitzean
Zehazki, “negozioak eta ekonomia” atalean (“business and economics”), NUP rankingean agertzen diren Espainiako lehen 21 unibertsitateen artean dago sailkatuta (unibertsitate horietako 6 NUPen errendimendu talde berean daude). Bestalde, bai “klinika, aurreklinika eta osasuna” atalean (“clinic, preclinic and health”), bai “konputazioaren zientzia” atalean (“computer science”) Espainiako lehen 20 unibertsitateen artean dago (horietako 9 eta 8 NUPen tarte berean daude, hurrenez hurren), eta “ingeniaritza eta teknologia” atalean ("engineering and technology"), lehen 34en artean (13, tarte berean).
Horrez gain, “bizitzaren zientziak” atalean (“life sciences”), Nafarroako Unibertsitate Publikoa Espainiako lehen 36 unibertsitateen artean dago (horietako 17, errendimendu talde berean), “zientzia fisikoak” atalean (“physical sciences”), lehen 38 unibertsitateen artean (horietako 17, tarte berean) eta “gizarte zientziak” atalean (“social sciences”), Espainiako lehen 33 unibertsitateen artean (horietako 16, tarte berean).