Joan eduki nagusira

Hemezortzi eta hogeita hamaika urte bitarteko gazte nafar ekintzaileek abenduaren 11ra arte ematen ahal dute izena gazte ekintzaileei laguntzeko Explorer programa berrituaren XI. edizioan. "Konponbideak ematen dituzten gazteak" izeneko ekimenak gazteen talentua bultzatzen du, eta prestakuntza, baliabideak, online hitzaldiak eta aurrez aurreko ekitaldiak uztartuko ditu aurten. Gazteekin eta ekintzailetzarekin zerikusia duten beste zenbait online ekitaldi ere antolatu dira datozen hilabeteetarako, esate baterako Q&A con Sofía Belenguer izenekoa. Explorer ekimenean parte hartuz "MyRealFood" app-a diseinatu zuen Sofía Belenguerrek, eta ekitaldiko parte-hartzaileen galderei erantzunen die azaroaren 4an Instagram bidez (https://www.instagram.com/p/CG22yFijvmg).

zoom Explorer

Mirian Rubio Lecuona, NUPeko Telekomunikazioko ingeniaria, Teknologia Disruptiboen 2019ko Explorer Sarietako bost finalistetako bat izen zen REHHAND proiektuarekin.

 

Interesdunek Explorer webgunean eskuratzen ahal dute edizio honetako informazio guztia. Ekimenean hautatutako taldeetako bateko kideek izen oneko erakunde batean osatuko dute beren prestakuntza 2021eko uztailean berrikuntzako hub europar batean parte hartuz. Banco Santanderrek bultzatzen du ekimena Santander Unibersidades-en bidez, Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) laguntza ematen dio, eta CISEk zuzentzen du (Centro Internacional Santander Emprendimiento).

"Explorer Space Navarra" programak Nafarroako Unibertsitate Publikoan du egoitza 2016tik, Arrosadiko campuseko El Sario eraikinean (Iruñean). Hamabi astez, ekintzaile izateko trebetasunak eskuratuko dituzte parte-hartzaileek, hala nola lidergoa, talde lana edo komunikazio trebetasunak. Explorer programak behar diren baliabideak emanen dizkie parte-hartzaileei Nazio Batuen 2030erako Garapen Jasangarriko Helburuekin lotutako arazoei konponbide sendo, bideragarri eta iraunkorrak eman diezazkieten. Edizio honetan, bada berritasun bat: prestakuntza, baliabideak eta online hitzaldiak emateaz gainera, ekitaldi presentzialak eginen direla Explorer Spaces delakoetan, hots, Explorer programak Espainian dituen coworking eta lan kolaboratiborako lekuetan.

zoom Explorer2

Aurtengo edizioko sustapen bideoaren irudi bat.

 

Hamabi aste horietan egindako lana aztertuta, Explorer Space bakoitzeko ebaluazio taldeak erabakiko du zein taldek jarraituko duen prestakuntzarekin —gehienez hiru kideko taldeak—. Sona handiko hezkuntza-erakunde batek emanen die prestakuntza osagarria 2021eko uztailean berrikuntzako hub europar batean, zeina programako parte-hartzaileek aukeratuko baitute elkarlanean; izan ere, programan aurrera egin ahala, aukeran dituzten alternatiben abantailak ezagutuko dituzte, Global Startup Ecosystem Report 2020 txostenaren irizpideetan oinarrituta.

Jasangarritasuna, autoenplegua eta soft skills direlakoak

Deialdi honetako programa ekintzailetzako prestakuntza-proposamen abangoardista bat da, eta berrikuntza globalaren testuinguru berrira egokitua dago. Programa arrakastatsu hau formatu digitalera eraldatu da gainera, egoera berrira moldatu beharra zegoelako, eta, hala, ekintzaile-profil zabalagoari zabaldu dizkio ateak, proposamen gehiago eta askotarikoak egiten baitituzte.

Explorer programak jasangarritasunaren alde egiten du nabarmen, 2030erako Garapen Jasangarriko Helburuekin zerikusia duten konponbide berritzaileak bilatzen baititu. Banco Santanderren 2030erako Garapen Jasangarriko Helburuetako batekin edo gehiagorekin lerrokatu beharko dituzte proiektuak hautagaiek: pobrezia desagerraraztea, kalitate oneko hezkuntza, genero berdintasuna, energia ez-kutsagarria arrazoizko prezioan, lan duina eta hazkunde ekonomikoa, desparekotasunen murrizketa, hiri eta komunitate jasangarriak, ekoizpen eta kontsumo arduratsua, klimaren aldeko ekintzak eta helburuak lortzeko aliantzak.

10 urtez sendotuz joan da ekintzaileentzako prestakuntza

Hamar urteko ibilbidea egin du programak dagoeneko, 8.000 ekintzaile baino gehiagoren proiektuak bultzatu, eta ehunka enpresa sortu ditu. Urtetik urtera, gero eta jende gehiagok parte hartu du: 32 parte-hartzaile izan zituen lehenbiziko edizioan; orain, aldiz, 1.500 baino gehiago Espainian, Portugalen, Argentinan eta Mexikon dauden berrogeita hamar bat Explorer Spacetan. 

Ekintzaileen batez besteko adina 24 urte da, unibertsitateko ikasleak izaten dira, eta mundua aldatzeko gogoa izaten dute. Aipatu behar da emakumeen parte-hartzea % 102,8 handitu dela hamarkada honetan. Parte-hartzaileen % 34k enpresa bat sortu du; enpresa horien % 40k atzerrira esportatzen du, eta haien ia % 50ek 2 langile edo gehiago ditu. 

Banco Santanderreko Banka Arduratsuaren Politikaren barruan sartzen da ekimena. UNEP FI izeneko ekimenarekin bat egin du bankuak klima-aldaketari aurre egitearen arloan (United Nations Environment Programme Finance Initiative), eta sektore pribatuaren aliantzarekin inklusio finantzariorako. Gainera, Santander Asset Management sozietatearen funts jasangarriak merkaturatu ditu, energia berriztagarrien transakzioetako lidergoa sendotu du (SCIB), eta zuzeneko laguntza eman die 2030erako Garapen Jasangarriko 17 helburuetako 10i.

Santander bankua eta unibertsitateko hezkuntzari emandako laguntza

Banco Santanderrek konpromiso sendoa du aurrerapenarekin eta hazkunde inklusibo eta jasangarriarekin, eta unibertsitateko hezkuntzaren aldeko apustu irmoa egin du; munduko gainerako finantza-erakundeetatik bereizten du horrek. 2002az geroztik, 1.800 milioi euro baino gehiago bideratu ditu ekimen akademikoetara Santander Universidades-en bidez, eta 430.000 beka eta laguntza baino gehiago eman ditu 2005az geroztik. Horri esker, munduan hezkuntzan gehien inbertitzen duen enpresa izendatu zuten (Varkey/UNESCO/Fortune 500 txostena); izan ere, akordioak eginak ditu 22 herrialdetako 1.000 unibertsitate eta erakunderekin.

Ekintzaile espiritua sustatzen duen zentro bat da CISE, eta startup enpresen sorrera bultzatzen du Espainia osoan. Banco Santanderren, Kantabriako Unibertsitatearen eta Kantabriako Gobernuaren laguntzarekin, prestakuntza-programak jartzen ditu martxan sormena akuilatu eta berrikuntza sustatzeko.