Joan eduki nagusira

Ismael Pellejero Alcázar Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Zientzien Saileko Ingeniaritza Kimikoaren arloko ikertzaile eta Material Aurreratuetarako eta Matematikarako Ikerketa Institutuko (INAMAT2) kideak 179.080,00 euroko estatuko dirulaguntza lortu du fotosintesi artifiziala deritzon prozesu baten bidez energia garbia lortzeko aukera emanen duen proiektu bat garatzeko. Ekimena “Fotoconversión de CO2 a combustibles mediante fotocatalizadores híbridos (MOF-Óxido-Metal) integrados en microrreactores (Proyecto MoFOX)” deitzen da, eta Ikerketa Zientifikorako eta Teknikorako eta Berrikuntzarako Estatuko 2017-2020ko Planean kokatzen da, JIN azpiprogramaren barruan (entitate batekin loturarik ez duten ikertzaile gazteak). Mikel Imízcoz Aramburu NUPeko prestakuntzaldiko ikertzaileak ere parte hartzen du proiektuan. 
 

zoom Fotosintesis

Ezkerretik eskuinera, Mikel Imízcoz eta Ismael Pellejero.

Proiektua hiru urtean garatuko da, eta erregai fosiletatik energia-forma garbiago eta jasangarriagoetara igarotzeko bidean laguntzea du helburu (erregai fosilak erabiltzea da Lurraren berotze globala eragiten duen faktoreetako bat), bai eta atmosferara CO2 gutxiago isurtzea ere. “Karbono dioxidoaren erredukzio kimikoa etorkizun handiko estrategia da energia- eta ingurumen-kezkak arintzeko; izan ere, bihurketatik lortutako hidrokarburo arinak erregai gisa erabiltzen ahal dira, eta aldi berean CO2-a deuseztatu, karbono-zikloa itxiz. Horretarako, fotosintesi artifiziala da proposamen nagusia”, azaldu du ikertzaileak. 

“Fotosintesi artifiziala honako hau da: CO2-a erreduzitzea erreduktore gisa H2O-a soilik erabiliz eta eguzkiaren argia energia iturri bakar gisa hartuz, fotosintesi naturalean landareen barruan gertatzen den prozesua imitatuz. Prozesu garbi eta jasangarri hori oso konplexua da teknikoki, landareen hostoek egiten duten prozesua imitatzeko gai diren gailuak garatzea eskatzen baitu, hots, eguzkiaren argia xurgatzeko eta argi hori nahi dugun erreakzioak egiteko erabiltzeko gai diren gailu konplexuak”, adierazi du. Hau da proiektuaren kodea: PID2019-106687RJ-I00 /AEI/ 10.13039/501100011033.

Landareen portaera modu artifizialean imitatzea

MOFox proiektuak bi alderditatik heltzen dio planteatutako arazoari: batetik, fotokatalizatzaile hibrido oso aktiboak garatzea bilatzen du, CO2-a harrapatu eta eguzkiaren argiaren eraginez eraldatzeko gai direnak (fotosintesi naturalaren prozesuaren antzera), eta, bestetik, 3D inprimaketaren bidez fabrikatutako mikroerreaktoreak garatzen ditu, miniaturizazioari esker argiaren, erreaktiboen eta katalizatzailearen arteko interakzio hobea ahalbidetzen dutenak, landareen hostoen egitura imitatuz. “Helburua da CO2-a neurri handi batean erregai edo balio erantsi handiko bestelako konposatu kimiko bihurtzea”, azaldu du ikertzaileak.

“Proposatutako fotokatalizatzaile hibridoa oxido erdieroaleetatik abiatuta sintetizatutako egitura organiko metalikoetan (MOF) oinarritzen da, erreaktiboen adsortzioa eta fotokatalizatzaile estandarren gaitasun fotokimikoak hobetzeko”, zehaztu du Ismael Pellejerok. “Gainera, zenbait nanopartikula metaliko gehitu dira erreakzio kimikoak errazteko kokatalizatzaile gisa. Sistema fotokatalitikoaren nukleoa den material hibrido hori 3D inprimaketa protokoloen arabera fabrikatutako mikroerreaktoreetan integratzen da, eta zelula edo panel fotokatalitiko bat sortuz mihiztatzen dira, gaur egungo panel fotovoltaikoen antzera”, amaitu du ikertzaileak.