Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Gobernu Kontseiluak “honoris causa” doktore izendatu du Juan Ramón Cuadrado Roura Ekonomia Aplikatuko katedraduna (Girona, 1938). Alcalá de Henareseko Unibertsitateko ohorezko irakaslea eta Camilo José Cela Unibertsitateko doktoretza programaren zuzendaria da (biak Madrilen), eta “honoris causa” doktorea Málagako, Jaéngo eta Granadako unibertsitateetan eta Mexikoko Unibertsitate Autonomoan eta Ekuadorreko Unibertsitate Tekniko Partikularrean ere. Irailean, Regional Science Association International elkarteko “fellow” izendatu zuten.
Juan Cuadrado Rourak 62 liburu eta monografia baino gehiago idatzi ditu Espainiako eta nazioarteko argitaletxe ospetsu askotan; ikertzaile nagusi gisa jardun du nazioarteko, nazioko eta eskualdeko erakunde publikoek eta Espainiako erakunde pribatuek finantzatutako 39 ikerketa-kontratutan; lan bera egin du erakunde nazional eta nazioartekoei lotutako beste 27 proiektutan; 40 doktoretza-tesi baino gehiago zuzendu ditu, bakarrik nahiz lankidetzan; eta aditu, aholkulari eta kontseilari gisa jardun du ELGAn (OCDE), Europako Batzordean, Munduko Bankuan, Garapenerako Banku Interamerikarrean eta Asian Development Bank erakundean, esaterako, baita Espainiako, Portugaleko eta Italiako gobernuetan eta Espainiako hainbat autonomia-erkidegotan ere. Horrez gain, Espainiako eta nazioarteko aldizkari zientifikoetako dozena bat erredakzio-kontseilutan hartzen du parte, eta ebaluatzaile aditua da aldizkari horietako zenbaitetan.
Katedradun ospetsua Ekonomia Zientzietan doktorea da Madrilgo Unibertsitate Konplutentsean (1970), eta Politika, Ekonomia eta Enpresa Zientzietan lizentziatu zen unibertsitate horretan bertan. Bere ikerketa-ildoak honako hauek dira: Europar Batasuneko politika ekonomikoa, ekonomia eta politikak; eskualdeetako eta hirietako ekonomia eta politika; zerbitzuen sektoreko ekonomia eta politika; hazkunde ekonomikoa; kontabilitate ekonomikoa, eta errentaren banaketa, konbergentzia eta horrekin lotutako proiektuak. Espainiako trantsizio politikoan Garraio, Turismo eta Komunikazio Ministerioko idazkari nagusi izan zen 1982 eta 1986 artean. Ondoren, Espainiako Pribatizazioen Aholku Kontseiluko kide eta presidente izan zen.
Akademiko konprometitua, erreferentea eta gertukoa
“Honoris causa” doktore izendatzeko proposamenean, katedradunaren “ibilbide profesional bikainaz” bestalde, NUPeko Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultateak azpimarratu egin du erreferentziazko maisua izan dela unibertsitateko beste irakasle batzuentzat, eta, ezagutzaz gain, “esparru akademikoan oso beharrezkoak diren balio eta jarrerak transmititu dituela, hala nola, exijentzia, zintzotasuna, ongi egindako lanarekiko gustua, adiskidetasuna, irakaslanerako eta ikerkuntzarako seriotasuna, jakin-min intelektuala edo etengabeko ikaskuntza”.
Gainera, nabarmentzekoa da duela lau hamarkada aitzindari izan zela eskualdeko ekonomian, Alcaláko Unibertsitateko Ikerketa Ekonomiko eta Sozialeko Unibertsitate Institutuaren sorreran, input-output analisiaren esparruko lan enpirikoen garapenean edo Europar Batasunari buruzko analisian. Cuadrado Roura irakasleak arlo horietan egindako ekarpenek “zalantzarik gabeko aitorpen nazionala eta nazioartekoa dute, eta bere lidergo intelektuala aintzatetsi izan da”, proposamenean agerian gelditzen denez. Halaber, nabarmentzekoa da “Espainiako ekonomialariak nazioartean baloratuak eta aitortuak izan daitezen agertu duen kezka”.
“Honoris causa” doktore berriaren merezimendu akademikoak eta profesionalak alde batera utzita, Fakultateak azpimarratu du “laguntzeko eta lankidetzan aritzeko etengabeko prestasuna” izan duela, bai eta “hurbiltasuna eta afektua” ere: “Juan Ramón beti egon da prest laguntza, iritzi edo aholku eske joan garen irakasleen garapen eta aurrerapen akademikoari ekarpenak egiteko”, dio testuak.
“Honoris causa” doktoreen zerrenda
Juan Cuadrado Roura baino lehen, Nafarroako Unibertsitate Publikoak beste hamahiru pertsona izendatu ditu “honoris causa” doktore, eta Unibertsitatearen webgunean kontsultatzen ahal dira. Honako hauek dira, ordena kronologikoaren arabera: Manuel Losada (landare-fisiologiaren eta biokimikaren eremuko zientzialaria), Ángel G. Jordán (Estatu Batuetako Pittsburghko Carnegie Mellon Unibertsitateko errektore ohia eta mikrotxiparen diseinuaren aitzindarietako bat), Joseph D. Novak (hezkuntzaren teoriaren eremuko eta zientziak irakasteko metodoei buruzko aditua), Enrique Sánchez-Monge y Parellada (nekazaritzako ingeniaria, landareen genetikan aditua), Rafael Moneo (arkitektoa), Pedro Miguel Etxenike (fisikaria), Richard Serra (eskultorea), Montxo Armendariz (zinemagilea), Agustín González Acilu (musikaria), Enric Trillas (adimen artifizialaren eremuko aitzindaria), Adolfo Eraso (kimikaria eta geologoa), Miguel de la Quadra-Salcedo (erreportaria eta kirolaria) eta Marysa Navarro Aranguren (historiografia feministari eta Latinoamerikako emakumeen historiari buruzko aditua).