Joan eduki nagusira

Aitor Nicuesa García Enpresen Administrazioko eta Zuzendaritzako eta Zuzenbideko Gradu Bikoitzaren Nazioarteko Programako hirugarren ikasmailako ikaslea Europar Batasuneko karrera profesionalen enbaxadorea izanen da Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) 2020-2021 ikasturtean. NUP martxoan hautatu zuten, Espainiako beste lau unibertsitaterekin batera, "EU Career Students Ambassador" programan parte hartzeko. Nazioartekotzeko eta Lankidetzako Errektoreordetzak sustatu zuen Unibertsitatearen hautagaitza, eta Nafarroako Gobernuaren babesa izan zuen.

zoom AitorNicuesa

Aitor Nicuesa, NUPen.

 

Langileak Hautatzeko Europako Bulegoaren (EPSO) eta EBn lan egin nahi duten unibertsitateko komunitateko pertsonen arteko lotura izatea da Aitor Nicuesaren zeregina, eta, horretarako, informazio hitzaldiak emanen ditu aurrez aurre eta “online”, enplegu-topaketetan eta antzeko ekitaldietan parte hartuko du, beste erakunde batzuekin sareak ezarriko ditu, eta kasu zehatzetan aholkularitza pertsonalizatua emanen du. Gainera, Instagrameko kontu hau erabiliko du: eucareersambassador.upna.nup. 

Ikasle enbaxadorearen hautaketa eta prestakuntza

Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultateak Aitor Nicuesa hautatu du bere ikasketa-espedienteagatik, ingelesa jakiteagatik eta nazioartean duen proiekzioagatik. Bere lana garatzeko, ikasturtean zehar EPSOren etengabeko laguntza jasotzen ahalko du. 

Era berean, Aitor Nicuesak prestakuntza jaso du EBko hautaketa-prozesuei, eta oratoria edo jendaurrean hitz egiteari buruz, besteak beste, eta hilean behin prestakuntzako eskola magistraletan parte hartuko du. “Europako unibertsitateetako enbaxadore guztiak harremanetan gaude orain, lanari ekiteko eta herrialdeen arteko ekitaldietan parte hartzeko gogo handiarekin”, adierazi du ikasleak.