Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) bere sei eskola eta fakultateetako zuzendari eta dekanoak aukeratzeko hauteskundeak egin ditu, eta, ondorioz, kargu guztiek arduradun berria dute orain. Hiru ikastegitan hautagai bakarra aurkeztu zen: Sandra Cavero Brújula aukeratu dute Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultateko dekano; Rafael Lara González, Zientzia Juridikoen Fakultateko dekano; eta Javier Goicoechea Fernández, berriz, Industria, Informatika eta Telekomunikazio Ingeniaritzako Goi Mailako Eskola Teknikoko zuzendari. Bestalde, Inés Gabari Gambart Giza, Gizarte eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko dekano aukeratu dute Miguel Rodríguez Wilhelmiren aurretik; Ramo Barrena Figueroa, Nekazaritzako Ingeniaritzako eta Biozientzietako Goi Mailako Eskola Teknikoko zuzendari Eduardo Sánchez Prietoren aurretik; eta, Osasun Zientzien Fakultateko dekanoa izateko bozketan, Javier Fernández Montalvo gailendu egin zaio Roberto Aguado Jiménezi.
Eskola eta fakultate bakoitzeko hauteskunde batzordeek dagoeneko sinatu dute hautetsiak behin betiko aldarrikatzeko ebazpena. Hauteskundeak urriaren 7an izan ziren, eskola eta fakultate bakoitzean. Irakasleek eta ikasleek ikastegi bakoitzeko ordezkari gorena aukeratu behar zuten zuzenean, boto ponderatuaren bidez. Lotura iraunkorra duten irakasleen botoak % 59 balio zuen; gainerako irakasle eta ikertzaileenak, % 21; eta ikastegi bakoitzeko titulazioetan matrikulatutako ikasleenak, gainerako % 20a.
Arduradunen curriculuma
Sandra Cavero Brújula, Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultateko dekanoa, Enpresen Administrazioan eta Zuzendaritzan lizentziatua da Zaragozako Unibertsitatean (1990), Ekonomiako masterra egin zuen Bartzelonako Pompeu Fabra Unibertsitatean (1993) eta Ekonomia eta Enpresa Zientzietako doktoretza unibertsitate berean (1996). Irakasle titularra da Enpresen Antolaketaren arloan, eta Zuzendaritza Estrategikoarekin, Enpresaren Ekonomiarekin, Giza Baliabideekin eta Lidergoaren Garapenarekin lotutako irakasgaiak eman ditu gradu, master eta doktoretza mailetan, bai Zaragozako Unibertsitatean, bai Pompeu Fabra Unibertsitatean eta bai Nafarroako Unibertsitate Publikoan, baita Purdue Unibertsitateko Krannert Graduate School of Business erakundean ere (AEB), Visiting Research Scholar gisa (1996). Gainera, profesionalentzako espezializazio ikastaroak ematen ditu Nafarroako Unibertsitate Publikoaren titulu berekietan.
Enpresen zuzendaritzaren, industria-antolaketaren eta marketinaren arloetan espezializatua dago bere ikerketa, eta emozioek eta adimen emozionalak zuzendaritza-gaitasunean duten eragina aztertzen du bere azken lanetan. Ikerketa Jardueraren Batzorde Nazionalak bermatzen du bere ikerketa-jarduera, ikerketako bi seiurteko esleitu baitizkio. Kudeaketaren arloan, Enpresen Zuzendaritzako Unibertsitate Masterreko zuzendari akademikoa izan da, baita Plangintzaren Arloko zuzendaria ere Plangintza eta Gai Ekonomikoetako Errektoreordetzan. Familiaren Zuzendaritza Nagusiko Plangintza Zerbitzuko zuzendaria ere izan da Nafarroako Gobernuko Gizarte Ongizateko Departamentuan. Hainbat enpresa eta erakunderekin sinatutako I+G arloko kontratu askoren gidari izan da. Gaur egun, praktiken eta kalitatearen arduraduna da Enpresen Administrazioko eta Zuzendaritzako Graduan.
Inés Gabari Gambarte, Giza, Gizarte eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko dekanoa, Didaktikako eta Ikastetxearen Erakuntzako irakasle titularra da. 1990ean sartu zen NUPen, eta hainbat jakintza-arlotan irakasten du, bai graduetan, bai masterretan, baita doktoretza mailan ere.
Garuneko lesioa duten pertsonengan funtzio neuropsikologikoak lateralizatzeari buruzko doktoretza-tesiarekin heldu zion bere ikerketa-ildoari, eta Hezkuntza eta Osasuna ikerketa-taldearen barnean garatzen du. Zehazki, askotariko ikerketa-ildoak lantzen ditu: osasuna eta generoa, dibertsitatea, laneko arriskuen prebentzioa, osasunaren sustapena, Lehen Hezkuntzako curriculum arruntean integratutako salutogenesia (haurren istripu-tasa prebenitzea eskola-ingurunean) eta, beste norabide batean, ikerketa kualitatiboa (tresna narratiboen erabilera ikerketan eta goi mailako irakaskuntzan).
Hainbat erakundek finantzatutako ikerketa-proiektuetan egin du lan, eta tokiko, eskualdeko, nazioko eta nazioarteko hirurogeita hamar topaketa zientifikotan baino gehiagotan hartu du, parte Europan, Latinoamerikan eta Estatu Batuetan. Era berean, berrogeita hamar bat argitalpen egin ditu liburuetako kapituluei, proceeding-ei eta kongresuetako aktei dagokienez, baita berrogeita hamar artikulu baino gehiago ere Espainiako eta nazioarteko aldizkarietan.
Esparru akademikoan, hogei lan baino gehiago gidatu ditu ikertzeko gaitasunerako doktoretza aurreko lanen eta gradu eta master amaierako lanen artean, baita sei doktoretza-tesi ere. Kudeaketako karguei dagokienez, Psikologia eta Pedagogia Saileko zuzendariordea izan da, Unibertsitate Zabalpeneko Ataleko zuzendaria eta Esperientziaren Gelako idazkaria, eta Giza eta Gizarte Zientzien Fakultateko hainbat batzordetan hartu du parte.
Rafael Lara González, Zientzia Juridikoen Fakultateko dekanoa, Merkataritzako Zuzenbideko katedraduna da. Bere ikerketa-jarduera merkataritzako kontratuetan, sozietate-zuzenbidean, kontabilitate-zuzenbidean, kontsumo-zuzenbidean eta lehia desleialaren zuzenbidean oinarritu da nagusiki, eta gaur egun diziplinaren beste sektore batzuetan dihardu, hala nola konkurtso-zuzenbidean edo kanbio-zuzenbidean. Ikerketa-lanak egin ditu Sienako Unibertsitatean, Tolosako Unibertsitatean, Zuzenbide Pribaturako Max Planck Institutuan (Hanburgon du egoitza), UNIDROIT Zuzenbide Pribatua Bateratzeko Nazioarteko Institutuan (Erroman du egoitza), Strathclyde-Glasgowko Unibertsitatean, London School of Economicsen, Milango Unibertsitate Katolikoan eta Coimbrako Unibertsitatean.
Zuzenbide Pribatuko Saileko zuzendaria izan da (2010 eta 2018), eta, gaur egun, Iruñeko Abokatuen Elkargoak eta NUPek eskaintzen duten Abokatutzarako Sarbideko Masterreko Batzorde Akademikoko kide da. 2004tik 2008ko ekainera, Nafarroako Foru Komunitateko Kontsumoko Arbitraje Batzordeko presidente izan zen, eta Nafarroako Probintzia Auzitegiko ordezko magistratua da 2008ko irailaz geroztik. 2019an, Huancavelicako Unibertsitate Nazionalak (Peru) "honoris causa" doktore izendatu zuen.
Ramo Barrena Figueroa, Nekazaritzako Ingeniaritzako eta Biozientzietako Goi Mailako Eskola Teknikoko zuzendaria
Ramo Barrena Figueroa, Nekazaritzako Ingeniaritzako eta Biozientzietako Goi Mailako Eskola Teknikoko zuzendaria (NIBGMET), nekazaritzako ingeniari teknikoa (1990), nekazaritzako ingeniaria (1998) eta nekazaritzako ingeniaritza doktorea da (2005). Doktoretza aurreko eta ondoko egonaldiak egin ditu Valentziako Unibertsitate Politeknikoan, Tunisiako Institution de Recherceh et d’Enseignement Superieur Agricole delakoan eta Sonorako Unibertsitatean (Mexiko). Graduko eta masterreko ikasketetan irakasten du. Doktoretza-tesi bat eta masterreko 5 tesi gidatu ditu, baita gradu eta master amaierako 100 lan baino gehiago ere. Garapenerako lankidetzako zenbait programatan ere irakasle aritu da Piurako Unibertsitate Nazionalean (Peru), Pedro Ruiz Gallo Unibertsitate Nazionalean (Peru) eta Mozambikeko Unibertsitate Katolikoan.
Ikerketaren ikuspegitik, elikadurako kontsumitzailearen portaera aztertzea izan du ardatz, eta azken urteotan, kontsumitzaileak elikadura-berrikuntzak nola onartzen dituen ikertu du bereziki. Horrez gain, ingurumen-ondasunen balorazio ekonomikoa egiteko tekniken hainbat aplikaziotan egiten du lan. Nekazaritzako Politika, Soziologia eta Ekonomia ikerketa-taldeko eta ISFOOD ikerketa-institutuko kidea da. Nazioko eta nazioarteko 13 proiektutan hartu du parte zenbait unibertsitaterekin lankidetzan (Valentziako Unibertsitate Politeknikoa, Madrilgo Unibertsitate Politeknikoa, Sonorako Unibertsitatea, Kenteko Unibertsitatea, Municheko Unibertsitatea), eta 30 argitalpen zientifiko indexatu baino gehiagoren eta 7 liburu-kapituluren egilea izan da. Gainera, Espainiako eta nazioarteko 70 kongresutan baino gehiagotan aritu da hizlari.
Kargu akademikoei dagokienez, Elikagaien Prozesu eta Produktuen Berrikuntzako Gradua garatzeko Batzorde Akademikoko kide izan da, Unibertsitate Proiekzioko Arloko zuzendaria, Nekazaritzako Ekonomiako Espainiako Elkarteko zuzendaritza-batzordeko kide, NUPeko Gobernu Kontseiluko kide eta NIBGMETeko Nekazaritzako Elikagaien eta Landa Ingurunearen Ingeniaritzako Graduko zuzendariorde arduraduna.
Javier Goicoechea Fernández, Industria, Informatika eta Telekomunikazio Ingeniaritzako Goi Mailako Eskola Teknikoko zuzendaria
Javier Goicoechea Fernández, Industria, Informatika eta Telekomunikazio Ingeniaritzako Goi Mailako Eskola Teknikoko zuzendaria (IITIGMET), industria ingeniaria da (NUP, 2003) eta “cum laude” ingeniari doktorea Nafarroako Unibertsitate Publikoan (2008). Gaur egun, irakasle kontratatu doktorea da, Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoaren eta Komunikazio Ingeniaritzaren Sailari atxikia, eta 2003az geroztik, NUPen dihardu ikertzaile eta irakasle gisa. Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoaren eta Komunikazio Ingeniaritzaren Saileko zuzendariordea izan da, Teknologia Elektronikoko Arloa koordinatuz (2011-2014), eta, 2014tik, IITIGMETeko zuzendariordea izan da, baita Industria Teknologien Ingeniaritzako Graduko arduraduna ere. Gainera, Nafarroako Industria Ingeniarien Elkargo Ofizialari lotutako NUPeko Ingeniaritzaren eta Enpresaren Katedraren idazkaria da.
Bere ikerketak azaleren funtzionalizazioa izan du ardatz, baita sentsore optikoak eta ,batez ere, zuntz optikokoak garatzeko material nanoegituratu berrien azterketa ere. Ikerketa-egonaldi bat egin zuen Lisboako Goi Mailako Institutu Teknikoan (IST), 2005ean. JCR eragin-adierazlea duten aldizkarietan nazioarteko 38 argitalpenen eta nazioarteko edizioko 7 liburutako kapituluen egilea edo egilekidea da. Bere lanak 1.200etik gora aldiz aipatuak izan dira, eta h indizea 20koa du (Scopus). Bi doktoretza-tesiren zuzendarietako bat izan da, eta beste bat gidatzen ari da gaur egun.
Deialdi lehiakorreko 19 ikerketa-proiektutan hartu d parteu, eta horietako hirutan ikertzaile nagusia izan da. Gaur egun, ikerkuntzako erronkei buruzko I+G+b-ko Estatuko Planaren proiektu baten ikertzaile nagusia da. Gainera, enpresekin egindako 6 transferentzia-kontratutan baino gehiagotan aritu da, eta patente baten asmatzaileetako bat da. Oinarri teknologikoko 3 enpresaren sorreran ere hartu du parte: Nanoresist SL (2009ko Ideactiva saria), zeinaren bazkide sortzailea izan baitzen, eta ondoren Eversens SL (2015eko Sustapen Ekintzailea, 2015eko Campus Iberus Emprende Saria, H2020 - SME Instrument Phase I) eta Pyroistech SL (accesita 2019ko Iníciate sarietan). Hiru horiek NUPeko spin-off enpresa gisa aitortu dira.
Javier Fernández-Montalvo, Osasun Zientzien Fakultateko dekanoa, Psikopatologian katedraduna da Nafarroako Unibertsitate Publikoan. Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan Psikologian lizentziatu zen (1992), eta Euskal Herriko Unibertsitatean egin zuen doktoretza (1998), baita aparteko saria jaso ere. 1997az geroztik, “Psikologia Klinikoa eta Psikopatologia” ikerketa-taldea zuzentzen du NUPen, baita, 2020ko urtarriletik, Nafarroako Osasun Ikerketako Institutuan ere (IdiSNA).
7 liburu argitaratu ditu, eta 150 lan baino gehiago zientziarekin lotutako liburu eta aldizkarietan (gehienek nazioartean dute eragina). Bere ikerketa-ildoen ardatza psikologia klinikoa eta psikopatologia dira, eta, zehazkiago, adikzio-jokabideak, bikoteko indarkeria, adingabe arau-hausleak, suizidatzeko asmoa eta esku-hartze klinikoko programen ebaluazioa. I+G-ko 13 ikerketa-proiektutan, ikerketako 5 OTRI kontratutan eta zenbait erakunderekin sinatutako 7 hitzarmenetan hartu du parte. Halaber, 12 doktoretza-tesiren zuzendaria izan da, eta ikerketa zientifikoko 7 sari irabazi ditu; horien artean, Nafarroako Unibertsitate Publikoak ikerketa-ibilbide pertsonal osoari emandako Ikerketa Saria (2015). Irakasle bisitaria izan da Edge Hill Unibertsitatean (Erresuma Batua), Yale Unibertsitatean (AEB), Unibertsitate Konplutentsean (Madril), King 's College erakundean (Erresuma Batua) eta Rutgers Unibertsitatean (The State University of New Jersey, AEB), baita irakasle gonbidatua ere graduondoko eta masterreko ikastaro ugaritan, gure herrialdeko hainbat erakundetan.
Kudeaketari dagokionez, Psikologia eta Pedagogia Saileko zuzendaria eta idazkari akademikoa izan da, Psikologiako doktoretza-programaren arduraduna, Osasun Zientzien Fakultateko Psikologiako Graduaren dekanordea (2019-2020) eta Unibertsitateko hainbat batzordetako kidea. Era berean, NUPeko Psikologiako Gradua garatu zuen lantaldeko kide izan zen (2017-2018).