Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) zenbait ikertzailek Erasmus+ proiektu batean parte hartuko dute, Aix Marsella Unibertsitatearekin (Frantzia), Erasmus Hogeschool erakundearekin (Belgika), Bruselako Unibertsitate Librearekin (Belgika) eta Montrealgo Unibertsitatearekin batera (Kanada), joko bat garatzeko, simulazio birtualaren bidez erizainek ikas dezaten ospitaleratutako pazienteen bihotz-biriketako narriadura baloratzen eta ebaluatzen.
Ezkerretik eskuinera: Leticia San Martín Rodríguez, Nely Soto Ruiz, Cristina García Vivar, Paula Escalada Hernández, Marta Ferraz Torres eta Itsaso Elizalde Beiras
Proiektuak 410.000 euroko dirulaguntza jaso du guztira, eta aipatutako lau unibertsitateen ekarpena eta Kanadako unibertsitatearen esperientzia uztartuko ditu. Zehazki, “serious game” delakoetako bat garatuko du (joko serioak edo ikasteko jokoak), ikasteko tresna digitaltzat hartzen direnak. Erabiltzaileen ezagutzak eta gaitasunak hobetzeko eta ebaluatzeko ahalmena dute, esperientzian oinarritutako ikaskuntzatik (simulazio birtuala) eta arazoak konpontzearen bidezko ikaskuntzatik abiatuta (jokoaren elementuak ebatzi beharreko erronka gisa, etab.).
Hauek dira NUPeko taldeko kideak: Leticia San Martín Rodríguez (koordinatzailea), Itsaso Elizalde Beiras, Marta Ferraz Torres, Cristina García Vivar, Paula Escalada Hernández eta Nely Soto Ruiz, guztiak ere Nafarroako Osasun Ikerketarako Institutuari (IdiSNA) atxikitako INNOCARE erizaintzako praktika berrien ikerketa taldekoak. Gainera, Nafarroako Ospitaleguneak ebaluazio-zentro gisa lagunduko du proiektu honetan, eta, beraz, behin garatuta, 300 erizainek jokoaren funtzionamendua probatuko dute.
Hau da proiektuaren izena: “COEURious G@me: “joko serio” bat garatzea, erizainek ospitaleratutako pazientearen bihotz-biriketako narriaduraren balorazioa egin dezaten”. Leticia San Martin NUPeko koordinatzaile eta Erizaintzako irakasleak azaldu duenez, “ospitalean dagoen paziente baten bihotz-biriketako narriadura azkar detektatzea hil edo bizikoa izan daiteke horri lotutako konplikazioak saihesteko, hilgarriak izan daitezkeenak, esate baterako shock bat edo bihotz-geldialdi bat”. Ildo horretan, esan du “erizainen iritzi klinikoa, hau da, pazientearen egoera klinikoari buruz duten interpretazioa, funtsezkoa dela bihotz-biriketako narriadura detektatzeko, behar diren zainketak eta tratamenduak ezartzeko eta lotutako konplikaziorik ez agertzeko”.