Joan eduki nagusira

Daniel Lopatnikov Rojok, Soziologiako lizentziaduna Nafarroako Unibertsitate Publikoan, ibilgailu pribatuaren rol hegemonikorik gabeko mugikortasun jasangarrirako trantsizioaren eragin soziala aztertu du bere doktoretza-tesian. Iruñeari, Paueri, Munichi, Helsinkiri eta Torontori aplikatutako ikuspegi konparatibo bat erabili du bere ikerketan, “jakiteko zer gizarte mota izaten ari diren arrakastatsuenak epe luzera iraunkorra izanen den mugikortasun bat ezartzeko orduan. Arrakasta horren gakoa ez da soilik auto pribatua gutxiago erabil dadila lortzea, baizik eta baita, adibidez, mugikortasunerako berdintasunezko sarbidea lortzea ere”, adierazi du egileak.

zoom Daniel Lopatnikov Rojo

Daniel Lopatnikov Rojo

“The appropriation and the social implications of the mobility transition. The case of Navarra (Spain) from an international comparative perspective” (Mugikortasunerako trantsizioaren eskuratzea eta inplikazio sozialak. Nafarroaren kasua (Espainia) nazioarteko ikuspegi konparatibo batetik) izenburupeko doktoretza-tesia Jesus Oliva Serrano NUPeko Soziologiako katedradunak zuzendu du, eta nazioarteko aipamena duen bikain cum laude kalifikazioa lortu du.

Hirien arteko azterketa konparatiboa egiteko, ikertzaileak nazioarteko egonaldiak egin zituen, elkarrizketa sakonak egin zizkien eragileei eta profil jakin batzuetako herritarrei, inkestak egin zizkien ikasleei eta langileei, eztabaida-taldeak egin zituen zenbait ingurunetan, datu estatistikoen analisia egin zuen, eta ikerketa sozialaren berezko beste teknika batzuk erabili zituen.

Dauden aukeren adibide gisa, egileak hiri hauek hartu zituen erreferentziatzat: Munich (Alemania), hiri trinko eta arrakastatsu gisa; Helsinki (Finlandia), hiri sakabanatu eta arrakastatsu gisa —merezimendu handikoa da hori, adierazi duenez sakabanaketak autoaren erabilera murrizteko eta garraioa kolektibizatzeko arazoak ekartzen baititu—; Toronto (Kanada), hiri trinko eta ez arrakastatsu gisa; eta Pau (Frantzia), hiri sakabanatu eta arrakastatsu gisa.

Konparazio horren arabera, “Iruñea eta Iruñerria tarteko egoeran daude. Hiri trinkoa izan arren, ibilgailu pribatuaren erabilera ez da txikia. Eredu duala da, non autoa erabiltzea eta oinez ibiltzea diren argi eta garbi hegemonikoak, eta beste aukera batzuk gutxiago erabiltzen diren (garraio publikoa, bizikleta eta mugikortasunerako bitarteko berriak)”.

Ondorio nagusiak

Daniel Lopatnikov Rojoren esanetan, auto elektrikoa erabiltzen hasteak onurak ekartzen ahal ditu, baina “auto elektrikoen erabileran oinarritutako eredu bat ez litzateke ideala izanen, beste arazo batzuek indarrean jarraituko luketelako". Ildo horretan, defendatu du egokiena “paradigma multimodal bat dela, non auto pribatua ez den hegemonikoa izanen eta oreka handiagoa izanen den mugikortasun aukeren artean”.
Hala, azpimarratzen du "mugikortasun jasangarriago baterako trantsizioa egin behar dela, ez bakarrik ekologikoki, baizik eta baita sozialki ere, baztertutako biztanleria-talderik egon ez dadin (baliabide gutxiko pertsonak, adinagatik edo beste faktore batzuengatik gidatu ezin duten pertsonak, etab.)”.

Azkenik, adierazi du “egiaztatu dela faktore sozialak, hala nola bizitegi-banaketa eta aberastasuna, mugikortasunarekin lotuta daudela, eta, beraz, eredu batetik besterako trantsizioa ikuspegi integral batetik egin behar dela". Bereziki, aipatu du “auto pribatua hegemonikoa ez den eta alternatiba eraginkorrak eta irisgarriak dituen inguruneak lortuz gero, egitura-aldaketa ez ezik, aldaketa batez ere kulturala eta soziala ere lor litekeela". 

Curriculum laburra

Daniel Lopatnikov Rojo Soziologiako lizentziaturako azken promozioko ikaslea izan zen, titulazio horiek gradu bihurtu aurretik. Ikasten ari zela, ikasmaila oso bat atzerrian egin zuen, Erasmus programan, Birmingham City Universityn (Erresuma Batua). Ondoren, Irakasleen Masterra (Isabel I.a Unibertsitatea) eta “Aldaketa dinamikak gizarte moderno aurreratuetan” Masterra (NUP) egin zituen, bere ibilbide akademikoari jarraipena emateko eta doktoretza egiteko. Nazioarteko zenbait konferentziatan eta Helsinkiko Unibertsitateko eta Torontoko Unibertsitateko ikerketa-taldeetan hartu du parte. Gainera, nazioarteko zenbait argitalpenen egilea eta egilekidea da; haien edukiek lotura estua dute bere doktoretza-tesiarekin.