Joan eduki nagusira

Dayan Pérez Quintana Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Seinalearen Teoriaren eta Komunikazioen arloko doktoretzako ikasle eta Telekomunikazio Ingeniaritzako graduatuak irabazi du Metamaterialen eta Nanofotonikaren Nazioarteko V. Biltzarreko  METANANO poster onenaren hirugarren saria, Georgiatik berriki “online” egin dena. Saritutako posterrak “Circular Polarization Antennas using Gap Waveguide Technologies at 60 GHz” du izenburua (Polarizazio zirkularra duten antenak, 60 GHz-eko Gap Waveguide teknologia erabiliz). 

zoom Metamateriales

Dayan Pérez doktoretzako ikaslea, NUPen.



Saritutako ikerketa guztiz metalikoa den antena konpaktu bat da, uhin milimetrikoen bandan lan egiten duena, bereziki 60 GHz-eko maiztasunean, “5G-n proposatutako bandetako bat baita biharko abiadura handiko haririk gabeko komunikazioetarako, IoT-rekin (gauzen Internet) eta, agian, 6Grekin lotura estua duen teknologia”, azaldu du lanaren egileak. “Garapen horiek arindu egiten dute komunikazio mugikorren zerbitzuek lan egin ohi duten mikrouhin-bandaren saturazio handiaren arazoa”, argitu du. 

Antenak, NUPeko antena-taldeko laborategietan ikasle sarituak eta haren tutore Miguel Beruete eta Iñigo Ederrak garatuak, uhin milimetrikoen bandarako berariaz garatutako teknologia bat erabiltzen du, Gap-Waveguide Technology (gida-hutsuneko teknologia) izenekoa, soluzio tradizionalak baino hobea fabrikazioko akatsei aurre egiteko sendotasunari dagokionez. Gainera, antenari polarizazio zirkularra eman nahi izan zitzaion espezifikoki, indoor inguruneetako (itxita) hedapen-galerei dagokienez komunikazio sendoagoak egiteko.  


Diamante antena


Lanak DHG izeneko antena bat sortzea ere jasotzen du (ingelesezko siglak: “Diamond-Horn-Groove”). 9 GHz-etik gorako banda-zabalera zabalean lan egiten du, eta 11.12 dB-rainoko irabazia du, purutasun handiko polarizazio zirkularrarekin. “Aukera hau oso lehiakorra da, ozta 30 x 30 mm-ko elementu sinple batekin banda-zabalera eta irabazi handiak lortzen baitira”, adierazi dute ikertzaileek.
Diseinu hori Diamante Antena izenaz ezagutzen den egitura sinpleago batean oinarritzen da (irekieraren erronbo formagatik deitzen zaio horrela), eta lan berean ere agertzen da. Antena horrek ia 7 GHz-eko (60.5-67.4 GHz) banda-zabalera eraginkorra lortzen du 5.49 dB-ko gehienezko irabaziarekin. Hori dela eta, aukera interesgarria da banda-zabalera handia behar duten 60 GHz-eko aplikazioetarako.