Joan eduki nagusira

Javier López Garcíak, Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) irakurritako doktore-tesian, forma-memoria duten aleazio metamagnetikoen sintesia eta karakterizazio estruktural eta magnetikoa ikertu du; hau da, kanpoko estimulu jakin batzuen eraginpean jarri ondoren, adibidez tenperaturaren edo eremu magnetikoaren aldaketaren eraginpean, hasierako forma berreskuratzen dutenena. Halako materialak bereziki interesgarriak dira hozte magnetikoko sistemetan eta antzeko aplikazioetan; izan ere, halako sistemetan, material bati eremu magnetiko bat aplikatzen zaio materialaren tenperatura aldatzeko. Halako hozte-sistemak efizienteagoak dira gaur egungoak baino, eta onuragarriagoak dira ingurumenerako; izan ere, gasak konprimatzeko eta hedatzeko egungo sistemek berotegi-efektu handia eragiten dute. Ikerketako emaitzei esker, "hobeki ulertzen dugu zer funtzio duen mikroegiturak eta nolako eragina duen forma-memoria duten material metamagnetikoen propietateetan elementu magnetiko berri bat sartzeak, eta propietate funtzionalak hobetzeko bideak identifikatu ditugu", adierazi du egileak.

zoom Javier López García

Javier López García

Javier López Garcíak Institut Laue-Langevinen (ILL) egin du ikerketa, neutroiekin esperimentuak egiteko zentro zientifiko europar batean, Grenoblen (Frantzia). Ikertzaileak azaldu duenez, "ikerketak erakutsi du materialean elementu magnetiko berri bat, bereziki kobaltoa, sartzean materialaren osaerak jasandako aldaketek eragin handia dutela materialaren magnetismoan". Bestalde, akats mikroestrukturalek, hala nola hutsuneek, dislokazioek edo irismen luzeko ordena atomikoak, zer-nolako eragina duten aztertu du, eta “frogatu du eragin handiko parametroak direla sistema mota horietako propietate magnetoestrukturalak aldatzeko; hala, akats kantitate txikiek efektu magnetokalorikoa bera hobetu dezakete eta, beraz, baita hozte magnetikoan duten aplikazioa ere”.

Doktoretza-tesiaren izenburua “Influence of microstructure in martensitic transformation and in physical and magnetic properties in metamagnetic shape memory alloys” da. Vicente Recarte NUPeko Zientzien Saileko irakasleak eta José Alberto Rodríguez Velamazán Institut Laue-Langevineko zientzialariak zuzendu dute ikerketa, eta ‘Bikain Cum Laude’ kalifikazioa lortu du.

CV laburra

Javier López Garcíak Fisikako Gradua lortu zuen Euskal Herriko Unibertsitatean (UPV/EHU) 2014an, eta Gradu Amaierako Lanean eragin magnetokalorikoa zuzenean neurtzeko sistema bat garatu zuen. Hortik etorri zen ikertzailearen lehenbiziko argitalpena, “Simple set-up of adiabatic measurements of magnetocaloric effect”. Hurrengo urtean, BCMaterials Fundazioaren beka bat lortu zuen "Material Berriak" izeneko masterra egiteko, UPV/EHUren eta Kantabriako Unibertsitatearen arteko masterra.

Gero, Nafarroako Unibertsitate Publikoko "Propietate Fisikoak eta Materialetako Aplikazioak" ikerketak-taldean sartu zen, eta hor hasi zen forma-memoriadun aleazio metamagnetikoen sintesian eta karakterizazio estruktural eta magnetikoan sakontzen. Gaur egun, ikertzaile laguntzaile gisa dihardu ikerketa-talde horretan.