Nafarroako Unibertsitate Publikoko AN Taldearen Katedrak nekazaritzaren, nekazaritzako industriaren eta kooperatibismoaren alorretako ikasketa amaierako lanik onenak saritu ditu. Epaimahaiak erabaki zuen lehen saria ex aequo ematea Paloma Azcona Casadok eta Fermin Tabar Liberalek aurkeztutako lanei; Oihane Oneka Múgicak bigarren saria eskuratu zuen.
Aurkeztutako hautagaien lehen ebaluazioa egin ondoren, epaimahaiak hiru finalistei dei egin zien beren lanak jendaurrean azaldu eta defendatzeko ekitaldia egin zezaten. Lehen saria, 2.000 eurokoa, ex aequo irabazi zuten Paloma Azcona Casadok (Elikagaien Prozesu eta Produktuen Berrikuntzako Gradua) eta Fermín Tabar Liberalek (Nekazaritzako Ingeniaritzako Unibertsitate Masterra), eta 1.000 bana euro jaso zituzten.
Paloma Azconaren Gradu Amaierako Lanaren izenburua “Innovación en el tratamiento higienizante de ensaladas de IV gama” zen, eta ontziratu baino lehen hautatu, ebaki eta garbitzeko gutxieneko prozesatu bat izan duten frutei eta barazkiei buruzkoa da. Fermin Tabarrek, berriz, “Efectos de los tiempos de espera al sacrificio sobre los rendimientos en matadero en diferentes tipos de broiler” lana egin zuen (broilerra haragia ekoizteko berariaz garatutako oilasko barietate bat da).
Bestalde, Oihane Oneka Múgicak (Nekazaritzako Elikagaien eta Landa Ingurunearen Ingeniaritzako Gradua) bigarren saria jaso zuen, 1.000 eurokoa, “Recuperación del patrimonio vitícola de la cuenca de Pamplona” lanagatik.
Honako hauek osatu zuten epaimahaia: Francisco Arrarás, AN Taldeko eta AN Taldearen Fundazioko burua; Silvia Arazuri, AN Taldearen Katedrako buru eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakaslea; eta Maite Muruzábal, AN Taldearen Fundazioko zuzendari eta Katedraren Batzorde Mistoko kidea.
Nafarroako Unibertsitate Publikoko AN Taldearen Katedraren helburua da ezagutza sortzea Ingeniaritza eta Teknologiaren, Oinarrizko Zientzien eta Osasun Zientzien, Zientzia Ekonomikoen eta Juridikoen, eta Gizarte Zientzien arloetan. Horretarako, AN Kooperatiba Taldearen Fundazioak finantzatutako katedra horrek ekintzak egiten ditu nekazaritzaren, nekazaritzako industriaren eta nekazaritzako kooperatibismoaren arloko ikerketak eta jarduerak bultzatzeko, garatzeko eta babesteko. 2015etik, Nekazaritza Ingeniaritzako, Industria Ingeniaritzako eta Ekonomiako 38 ikaslek egin dituzte beren curriculum-praktikak eta gradu amaierako lanak.