Mikel Bueno Urritzelki historialariak berriki defendatu du Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) "El PSOE y la UGT en Navarra (1974-1982): creación, formación y desarrollo” izenburua duen doktoretza tesia. Emilio Majuelo Gil Giza eta Hezkuntza Zientzien Saileko irakasleak zuzendu du. Tesiak bikain "cum laude" kalifikazioa lortu du.
Honako mugarri hauek zedarritzen dute ikerketaren esparru kronologikoa: hamabost laguneko talde batek bi erakundeak Tuteran sortu zituen urtea eta Nafarroako Alderdi Sozialistaren eraketa (PSN-PSOE) Pablo Iglesiasek 1879an sortutako alderdiaren barruan federazio autonomo gisa.
Tesiaren metodologiaren oinarria da sarbide publikoko hamar artxibo eta hamabost artxibo pribatu kontsultatzea, eta aurkitutako dokumentazioaren osagarri, Nafarroako Talde Sozialistako (ASN) eta UGTko pertsonei egindako berrogeita hamar elkarrizketa daude, lau taldetan banatuta: sektore ofizialeko pertsonak (Gabriel Urralbururengandik hurbil daudenak), bi erakunde sozialistetatik kanporatutako pertsonak (sektore kritikoa), garai hartan Nafarroako PSOEko buruzagiekin harremana izan zuten beste alderdi batzuetako pertsonak, eta, azkenik, estatu mailako alderdi sozialistako eta UGTko pertsonak. Pertsona hauek daude elkarrizketatuen artean: Víctor Manuel Arbeloa, Miguel Ángel Ancizar, Carlos Artundo, Alberto Arregui, José Antonio Carpintero, Nicolás Redondo, Francisco Bustelo, Javier Sáez de Cosculluela, Virgilio Zapartero, Javier Erice, Carlos Garaikoetxea edo Jaime Ignacio del Burgo.
Sektore iraultzailearen eta erreformistaren arteko liskarra
Autoreak bere tesian zehazten duenez, PSN-PSOEren sorrerak, 1982ko erdialdean, Nafarroako Talde Sozialista 1974an eratu zenean aurreikusi gabe zegoen proiektu politikoa burutu zuen. ASN PSNren aurrekaria bazen ere, autodeterminazio eskubidea defendatzen zuen eta 1976ko abenduan bere burua inperialismoen aurkakotzat, proletargoaren diktaduraren aldekotzat, eta, bere historian lehenengo aldiz, ofizialki marxistatzat jo zuen alderdi batekoa zen ASN. ASNk izan zuen bilakaera ezin da bereizi PSOEk berak Estatuan izan zuenetik, hori gabe ez baitzen Nafarroan halako bilakaerarik gertatuko.
“Tesi hau defendatzen da azterlanean: 1976ko abenduko XXVII. Biltzarrean estatuko PSOEk hartutako ideologia ez zela koiunturazko arazo baten ondorio izan, baizik eta bi sektoreren arteko borroka ideologikoa izan zela, bata iraultzailea eta bestea erreformista, alderdian batera zeudenak”, dio autoreak. “Ideologia iraultzailea onartzea izan zen lehen sektorearen garaipena, Felipe González buru zuen Alderdiko zuzendaritzak gidatutako sektore erreformistaren tesien aurka, zeinak ez baitzuen nahi PSOE iraultzailea. Hala ere, batetik tesi iraultzaile batzuen alde egin eta bestetik zuzendaritza erreformista bat hautatu zuten oinarrien kontraesana gertatzean, zuzendaritzak aukera izan zuen kasurik ez egiteko XXVII. Biltzarreko hainbat aginduri”, azaldu du NUPeko doktore berriak.
Tesiaren egilearen arabera, Nafarroako PSOEren kasua paradigmatikoa da. Hiru urteko tarte txikian, 1974an Tuteran sortu zenetik 1977ko hauteskunde orokorretara bitartean, barne-liskarrak izan ziren, hiru korronte ideologiko desberdin zeudelako. Alde batetik, haustura demokratikoaren aldekoak ziren bi, bata marxista, eta bestea sozialdemokrata aurreratua. Bi korronte horiei kontrajarrita, ideologia sozialdemokrata moderatuko korronte bat, erreforma politikoaren aldekoa eta PSOEren zuzendaritza federalarekin lotura estua zuena.
“Alderdiak hautu sozialdemokrata eginik, bai Estatuan, bai Nafarroan, 1978tik aurrera, nafar buruzagiek “Nafarroa berezitua” eraikitzera bideratu zuten beren proiektu politikoa, hau da, “Erresuma zaharra Euskal Autonomia Erkidegoan sartzeko aukera bertan behera uztera”, dio Mikel Buenok. Hala, ASNk bat egin zuen bai UCDrekin bai UPNrekin Nafarroa foru komunitate gisa eraikitzerakoan, “helburu hori estatu-arazo bihurtu zen, eta, gainera, euskal independentismoa eta haren proiektu politikoa ahultzea zuen helburu”, adierazi du. “Azken batean, Nafarroako Alderdi Sozialista sortzea ezinbesteko tresna izan zen Nafarroan Foru Hobekuntzaren bidez erreforma politikoa finkatzeko. PSN ez zen sortu Hobekuntzari esker, alderantzizkoa gertatu zen, nahiz kronologiak ez hala adierazi”, esan du. “Nafarroako Foru Komunitatea sortzearekin, Autonomien Estatuaren eraketarako eta Franco hil ondoren hasitako erreforma politikoaren bilakaera onerako arazo handienetako bati erantzun zitzaion. PSOEk Nafarroan izandako bilakaerarik gabe, arazo horietako bat bera ere ez zen gertatuko gertatu zen bezala”, dio tesiaren egileak.
Mikel Bueno Urritzelkiren curriculuma
Mikel Bueno Urritzelki (Iruñea, 1984) Historian lizentziaduna da (UPV/EHU, 2013). Horretaz gain, titulu hauek ditu: Historiari, Espazioari eta Ondareari buruzko Ikasketa Aurreratuetako Masterra (NUP, 2014); Bigarren Hezkuntzako Irakasletzako Masterra (NUP, 2017) eta Giza eta Gizarte Zientzietako doktore titulua (NUP, 2020). Zenbait argitalpen zientifikoren egilea da, Amnistía ’77. La lucha del pueblo vasco izenburuko liburu bat argitaratu du Argentinan eta La represión estatal en Navarra: 1936-2016. Un análisis multidisciplinar liburuaren koordinazioan parte hartu du. Hala nazioko nola nazioarteko zenbait biltzarretan ere hartu du parte.