Nafarroako Unibertsitate Publikoak Bettina Steible legelariaren doktoretza-tesiaren egokitzapen bat argitaratu du. 2019an, Jaime Brunet Doktoretza-tesien III. Saria jaso zuen; tesien oinarrizko ikerketa-edukiak giza eskubideekin, haien defentsarekin eta sustapenarekin zuzeneko lotura duten tesiak aintzatesten ditu sari horrek. 2000 euroz gainera, lan irabazlea argitaratzea dakar sariak.
"Ensuring compilance with International Humanitarian Law. The EU, France and Spain" ("Nazioarteko Zuzenbide Humanitarioa betetzen dela ziurtatzea. Europar Batasuna, Frantzia eta Espainia) tesia 2017an defendatu zen Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan eta Teresa Freixes katedradunak zuzendu zuen. Nazioarteko Zuzenbide Humanitarioaren desafiorik handienetako bat jorratzen da, hots, hura behar bezala aplikatu eta gauzatzera bideratutako kontrol mekanismo zentralizatuen falta munduko zenbait tokitako gatazka armatuen testuinguruan.
Tesiak azaltzen duenez, 1949ko Genevako lau Hitzarmenen 1. Artikulu Komunaren arabera, estatu alderdiak behartuta daude Nazioarteko Zuzenbide Humanitarioa (NZH) betetzera eta betearaztera. Tesiaren helburua Europar Batasunak eta bere estatu kideetako bik —Frantziak eta Espainiak— NZH betearazi beharra betetzen ote duten aztertzea izan zen.
Zehazki, aztertzen ahalegintzen da bi corpus juridiko, hots, NZH eta Batasunaren Zuzenbidea nola uztartu eta elkar lotu ziren. NZHk Estatuen premia du bere eraginkortasuna ziurtatzeko. Europar integraziorako prozesuak, berriz, nazioz gaindiko maila gehitzera behartzen du: EB. Konfigurazio horrek NZHren zirkulu birtuoso bat sortzen du, zeinaren arabera 1. Artikulu Komunaren aginpide juridikoa sendotuta geratzen baita. Halaber, EBk bere balioak proiektatzen ditu nazioarteko agertokian, eta giza eskubideen arloko liderraren paperean sendotzen da. Gainera, bai bermearen eta bai jardunaren maila gehigarria da EB bere estatu kideentzat, zeinek NZHren ondoriozko betebeharrei efektua emateko erabiltzen baitute.
Finean, esaten da Europar Batasuna NZHren funtsezko eragile bihurtu dela nazioarteko agertokian. EBa —giza eskubideen arloko lider autoaldarrikatua— eta haren estatu kideak lotetsi egiten ditu 1. Artikulu Komunak, eta, horretaz gainera, nazioarteko agertokian beren agintaldia eraginkortasunez betetzea onartu dute.
Bettina Steibleren CV laburra
Bettina Steible (Montpellier, Frantzia, 1987) doktorea da Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan (UAB), hain zuzen Zuzenbide Publikoko eta Filosofia Juridiko Politikoko programan. Zuzenbidean lizentziatu zen 2008an, Montpellierreko Unibertsitatean, eta Zuzenbide Publikoko Masterra egin zuen han bertan. Ondoren, Europar Batasuneko Zuzenbideko eta Politiketako Masterra egin zuen, hots, bi urteko programa elebiduna, eta mugikortasun egonaldiak egin zituen hura antolatzen duten lau unibertsitateetan: Universitat Autónoma de Barcelona (UAB), Università degli Studi di Milano (Italia), Uniwersytet Szczecinski (Polonia) eta Université Montpellier I (Frantzia).
Doktoretzari dagokionez, Bettina Steiblek beste ikerketa-egonaldi batzuk egin ditu Berkeleyko Unibertsitatean (Kalifornia, Estatu Batuak) eta Paris II edo Panthéon-Assas Unibertsitatean (Frantzia). Gainera, UABek doktoretza aurreko lau urteko beka bat esleitu dio, eta Yusteko Europar Akademia Fundazioak, bestalde, "Carlos V" saria eman dio. Arlo akademikoan ikertzaile eta aholkulari moduan izandako esperientziaz gain, irakasle aritu da UABen eta Pompeu Fabra Unibertsitatean (Bartzelona).
Gaur egun UOCen (Universitat Oberta de Catalunyan) egiten du lan eta UABeko irakasle elkartua ere bada. Bere ikerketa-arloak Europar Batasuneko zuzenbidea, nazioarteko zuzenbidea, oinarrizko eskubideak eta zuzenbide konstituzionala dira.