Joan eduki nagusira

Osasuneko, Kontsumoko eta Ongizate Sozialeko Ministerioaren mende dagoen Elikadurako Segurtasuneko eta Nutrizioko Espainiako Agentziak (AESAN) Mikel Izquierdo Redín NUPeko ikertzaileak koordinatutako VIVIfrail proiektuari eman dio familian eta komunitatean jarduera fisikoa sustatzeko NAOS Estrategia Sariaren 2. accesita.

NAOS Estrategia (Nutrizioa, Jarduera Fisikoa eta Gizentasunaren Prebentzioa) Espainiako Gobernuak osasunaren arloan bultzatzen duen ekimen bat da. Arlo horretako nazioarteko zenbait erakundek (OME, Europar Batasuna...) markatutako ildo politikoei jarraikiz, elikadura osasungarriaren eta jarduera fisikoaren praktika erregularraren bidez gizentasunari eta haren ondoriozko bestelako gaixotasun kronikoei aurrea hartzea xede duten ekimenak sustatzen ditu.

zoom rueda de ejercicios Vivifrail

VIVIfrail programak 70 urtetik gorakoentzat proposatzen dituen ariketen zirkuituetako bat

Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) koordinatutako VIVIfrail proiektuari emandako accesit honek herritarren artean jarduera fisikoa sustatzeko duen gaitasuna aitortzen du. VIVIfrail osagai anitzeko proiektu bat da, eta, zehazki, 70 urtetik gorakoengan ariketa fisikoa sustatzea du helburu, erorikoak eta hauskortasuna prebenitzeko. Bost herrialdetako (Alemania, Espainia, Frantzia, Italia eta Erresuma Batua) kideek lan egin dute proiektu horretan, eta Europar Batasuneko Osasuna eta Bizi Kalitatea Sustatzeko Estrategiaren barruan kokatu da.

NAOS Estrategia Sarien XIII. ediziora 87 eskabide aurkeztu ziren guztira saritutako zazpi modalitateetarako. AESANek aurrez ebaluatu zituen eskabide horiek, eta 44 proiektu finalista hautatu zituen epaimahaiak ebaluatzeko.

Parte hartu duten ikertzaileak

Mikel Izquierdo Redín NUPeko Fisioterapiako katedradunak koordinatu du VIVIfrail proiektua, eta beste hauek ere hartu duten parte: Nicolás Martínez Velilla eta Álvaro Casas Herrero (Nafarroako Ospitaleguneko Geriatria Zerbitzua), Fabricio Zambóm Ferraresi eta Mikel López Saez de Asteasu ikertzaileak (Navarrabiomed-NUP), Leocadio Rodríguez-Mañas eta Cristina Alonso Bouzón ikertzaileak (Getafeko Unibertsitate Ospitaleko Ikerketa Biomedikorako Fundazioa, Espainia), Roberto Bernabei eta Antonio Sgadari irakasleak (Erromako Sacro Cuore Unibertsitate Katolikoa, Italia), Andreh Zeyfang (Ulm-eko Unibertsitatea, Alemania), Bruno Vellas (Tolosako Unibertsitate Ospitalea, Frantzia) eta Alan Sinclair (Diabetes Frail erakundea, Erresuma Batua).

Proiektua garatu duten bazkideek indarra, oreka eta ibilketa batzen dituen entrenamendu-programa bat diseinatu dute, 70 urte baino gehiago daukaten pertsonentzat, ezer ez egitea baita hauskortasuna sortzen duen arrisku-faktore nagusia. "Posiblea da adinekoen desgaitasunari aurre egitea hauskortasunean eraginez, azken hau atzematen ahal delako eta haren aurka esku hartzen ahal delako", esan du Mikel Izquierdok.

Ikertzaileek zenbait material grafiko argitaratu dute programa zabaltzeko. Materialak doakoak dira, eta osasuneko profesionalei eta kirol eta ariketa fisikoko profesionalei zuzentzen zaizkie. Materialak hauek dira: hezkuntza gida bat, gailu mugikorrentzako aplikazio bat (telefono adimentsu eta tabletetarako), eta liburu elektroniko bat. Dena eskuratzen ahal da proiektuaren webgunetik.

Gainera, Mikel Izquierdo irakasleak adineko pertsonen zainketa osorako gida berri baten garapenean hartu du parte, Osasunaren Mundu Erakundeko (OME) aditu gisa, Nazio Batuen organismo horrek munduan zehar daraman Osasuna eta Bizi Kalitatea Sustatzeko Estrategiaren barruan. Gainera, 2017an Europako Batzordeko adituen talde batek "jardunbide egoki" gisa hautatu zuen VIVIfrail proiektua, eta Osasunaren Mundu Erakundeak adinekoen gaitasun funtzionala hobetzeko ekimen gisa gomendatu zuen.