Joan eduki nagusira

Eneko Sanz Pascual NUPeko ingeniari industrialari eman diote Nafarroako Unibertsitate Publikoko Alumni Nabarmenaren V. Saria. Egresatuen garapen pertsonal eta profesionalean Unibertsitateko prestakuntzak zenbateko garrantzia duen erakutsi nahi du sariaren bidez NUPek, eta, beraz, zer-nolako onurak dakartzan Unibertsitatean egindako inbertsio publikoak. Saria emateko, ekitaldi instituzional bat eginen da urrian.

zoom Eneko Sanz

Eneko Sanz Pascual NABRAWIND enpresako bulegoetan

Epaimahaiko kideek adierazi dutenez, “ekintzailetzaren bidez Nafarroaren garapen ekonomiko eta sozialari eta berrikuntzari ekarpen azpimarragarria egin dielako” eman diote saria Eneko Sanz Pascuali. Saridunak esan du “NUPen jasotako prestakuntza funtsezkoa izan duela karrera profesionalean”, eta nabarmendu du “Ikasketa Amaierako Saria jaso zuenean lotura hautsezin bat finkatu zuela NUPekin, eta bere prestakuntzan parte hartu zuten NUPeko komunitateko kide guztien merezimendu ere badirela gerora jaso dituen sariak”.

Ekimenaren beste helburu bat da NUPen eta bere ikasle ohien arteko harremana estutzea eta denok instituzio beraren parte izatearen sentimendua indartzea. Saridunen ereduak pizgarri gisa balio du etorkizun profesionala planteatzen ari diren ikasleentzat, baita Unibertsitateak etorkizun horretan izanen duen eginkizuna nabarmentzeko ere. Ohorezko sari bat da, eta ez du esleipen ekonomikorik.

Eneko Sanz Pascualek Industria Ingeniaritzako Gradua egin zuen NUPen, eta, 2000n ikasketak bukatu zituenean, promozioko Espediente Onenaren Saria eman zioten. Aurreko urtean, 1998-1999 ikasturteko Espediente Onenaren Saria emana zioten Pádovan (Italia) Erasmus ikaslea zela, “eta horrek erakutsi zidan NUPen maila akademikoa punta-puntakoa zela”, dio ikasle ohiak. Ikasketa amaierako proiektuan fabrikatu zuen gailua, hots, laborategietarako Francis turbina bat, erabiltzen segitzen dute ingeniaritzako ikasleek fluidoen tailerretan praktikak egiteko.

Proiektu hori egiten ari zela (1999), hau da, 22 urterekin, Gamesa Eólica enpresan hasi zen lanean Eneko Sanz, eta pala-moldeen inguruko zenbait proiektu gidatu zituen han. 2004an, bere proiektu nagusiari ekin zion enpresa horretan bertan: innoblade izeneko pala modularra garatzea. “Ezohiko erronka tekniko bat izan zen hura, orduan ezein fabrikatzailek ez baitzuen halako teknologiarik”. Gamesan aritu zen bitartean, beste sari batzuk ere jaso zituen: Gamesaren Historiako Patenterik Onenaren Saria (2009) eta JEC Composites-en Wind Turbine Energy Innovation Award saria Parisen (2012).

NABRAWIND enpresaren sortzailea

2012an, NABRAWIND izeneko enpresa sortu zuen —Nafarroa, Brasil eta wind (haizea) hitzez osatutako akronimoa—. Teknologia aurreratua garatzen du enpresak, eta haren lider eta zuzendari nagusia da Eneko Sanz. Enpresaren bazkide sustatzaileak Brasilgo bi ingeniari eta Bilboko beste ingeniari bat dira. “30 lanpostuko plantilla sortu dugu, eta datozen hiru urteetan kopuru hori bikoiztea espero dugu. Langileen % 50 NUPeko tituludunak dira; gainerakoak, berriz, Brasil, Portugal, Venezuela eta Alemaniakoak. Hango eta hemengo langileak izanik, NUPeko egresatuen gaitasunak eta munduko punta-puntako talentudunenak batzen ditugu”.

Sektorean aitzindariak diren bi teknologia garatu ditu enpresak: pala modular bat eta bere kabuz goititzen den dorre bat, altuera handiko garabirik gabe muntatzen dena. “Produktu horiek ezinbestekoak dira trantsizio ekologikoko gaur egungo norgehiagokan, baliagarriak baitira lurreko haize-sorgailuen hazkunderako”, nabarmendu du Eneko Sanzek. 2020an, Afrikako dorrerik altuena ari dira instalatzen Marokon (144 metrokoa). 2021ean, 200 metroko dorre bat instalatuko dute Nafarroan, eta munduko gailur eolikoa izanen da, orain arteko altuenak 178 metro baititu.

NABRAWINDek 17 patente eskatu ditu dagoeneko, eta AEEko Berrikuntzarik Onenaren Eolo Saria (2018) eta 2019ko Ekintzaile Onenaren ASTER Saria (2019) jaso ditu.

Alumni Nabarmenaren saridunak harremanetan segitzen du NUPekin: Gizarte Kontseiluaren CEO Klubean eta ikerketa institutuen zenbait proiektutan hartzen du parte, mentore ari da Explorer proiektuetan, eta NUPen 2020-2023ko Plan Estrategikoa prestatzen lagundu du. 

zoom Jurado Alumni Distinguido

Ezkerretik eskuinera, epaimahaikideak: María Jesús Gamboa, Cristina Bayona eta Ana Burusco (lehenbiziko ilaran); María Inmaculada Jurío, Joaquín Ansa eta Idoia Zabaleta (tartekoan); eta Emilio Domínguez eta Roberto Aguado.

Epaimahaikideak

Epaimahaiko burua Cristina Bayona Sáez izan da, Ikasleen Gaietarako, Enplegurako eta Ekintzailetzarako errektoreordea; epaimahaikideak, berriz, Joaquín Ansa Erice NUPeko Gizarte Kontseiluko burua, Maria Jesús Gamboa Artieda Unibertsitate-Gizarte Fundazioaren jarduneko kudeatzailea, Emilio Domínguez Irastorza Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultateko dekanoa, Roberto Aguado Jiménez Osasun Zientzien Fakultateko dekanoa, Ana Burusco Juandeaburre Nafarroako Gobernuko Unibertsitateen zuzendari nagusia, eta María Inmaculada Jurío Macaya Nafarroako Parlamentuko presidenteorde nagusia; eta epaimahaiko idazkaria, azkenik, Idoia Zabaleta Arregui A3U-Alumni Programaren zuzendaria (NUPen lagun eta ikasle ohien programa).