Ramón Gonzalo García Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak eta Jose María Agramonte Aguirre Bardeako Komunitateko buruak "Zientziaren eta Ondarearen Errege Bardea Katedra" sortzeko hitzarmena sinatu dute asteazken honetan, irailak 23, Tuteran. Hitzarmen horren bidez, aipatutako parke naturalaren eta biosferaren erreserbaren eremuan arlo hauetako ezagutza sortzeko ekintzen garapena sustatuko da: Ingeniaritza eta Teknologia, Oinarrizko Zientziak eta Osasun Zientziak, Zientzia Ekonomikoak eta Juridikoak eta Giza eta Gizarte Zientziak.
José María Agramonte Bardeako Komunitateko burua eta Ramón Gonzalo NUPeko errektorea, hitzarmena sinatzeko ekitaldian
Katedraren helburuen artean daude, besteak beste, bi erakundeen arteko lankidetza bultzatzea ezagutza berria sortzeko eta bientzat interesekoak diren alderdi guztien zabalkundea sustatzeko, ikerketa aurreratua sortzea, eta unibertsitateko ikasleen eta enpresa-sektoreko profesionalen prestakuntza praktikoan laguntzea. Bestalde, katedrak unibertsitate zabalpeneko jardueretarako laguntza sustatuko du (kulturaren, kirolaren edo gizartearen arlokoak), eta Bardearekin zerikusia duten gaiei buruzko zientzia- eta ikerketa-jarduerak sustatuko ditu Bardeako Komunitateko herri partzuerretan.
Era berean, bi erakundeen arteko lankidetza modu askotarikoak aurreikusten ditu hitzarmenak. Ildo horretan, ikerketa-proiektuak sustatuko dira ingurumen-zientzien, ingurumen-hezkuntzaren eta ondarearen jarduera-eremuko ildo tematikoetan. Honako hauek ere sustatuko dira: doktoretza-tesiak eta karrera amaierako proiektuak aipatutako katedraren jarduera-eremuan egitea; Nafarroako Errege Bardeako Komunitateak sustatutako karrera, master edo gradu amaierako proiektuak egitea; aipatutako ezagutza-eremuetako profesionalentzako prestakuntza espezifikoa; Nafarroako Errege Bardeako Komunitatean ikasleen praktikak egitea; hitzaldiak, mintegiak, ikastaroak eta abar antolatzea; eta sariak eta bekak ematea.
Jarraipen-batzorde mistoa
Jarraipen-batzorde batek, alde bakoitzeko bi ordezkarik osatua, jardueren urteko programa gauzatzen dela gainbegiratuko du. Gainera, katedraren jardueren urteko oroitidazkia onesteaz eta beste erakunde batzuekin egiten ahal diren lankidetza-hitzarmenen onespena proposatzeaz arduratuko da, besteak beste.
Nafarroako Unibertsitate Publikoak, jarraipen-batzordeak proposatuta, katedrako zuzendari bat izendatuko du, eta hark urtebeteko aldietan beteko du kargua, luzatzeko aukerarekin. Katedrako zuzendariaren eginkizunen artean baliabideak sortzeko eta aplikatzeko planak egitea dago; jarraipen-batzorde mistoak onetsi beharko ditu plan horiek.