Joan eduki nagusira

Teknologiaren zaleen Navarra LAN Party topaketak “online” formatua izanen du bere hirugarren edizio honetan. Teknologia Zabaltzeko Nafarroako Elkarteak antolatu du ekitaldia (ANDITEC), Nafarroako Unibertsitate Publikoaren (NUP), Nafarroako Gobernuaren eta Iruñeko Udalaren babesarekin, eta asteburu honetan ospatuko da: irailaren 25eko 15:00etatik (ostirala) irailaren 27ko 15:00ak arte (igandea), etenik gabe. Topaketa digital honek NUPeko Smart Cities Institutua (ISC) eta UGM (Un grillo en Marte), MarsGaming eta TGX enpresak ditu laguntzaile. Doakoa da, aurretik “online” izena emanda, baina antolatzaileek 20 euro balio duen eta etxera bidaltzen duten “pack” bat eskaintzen dute sarrera birtualarekin, kamiseta batekin eta akreditazio fisikoarekin.

zoom Lan Party

Aurreko urtean NUPen modu presentzialean egindako Navarra LAN Partyko parte-hartzaile batzuk

Aurten ere, Navarra LAN Partyren programan sormen digitaleko jarduerak, hitzaldi eta lantegiak eta bideo-joko lehiaketak izanen dira. Alde batetik, zenbait hitzaldi antolatu dira teknologiarekin lotutako gaiei buruz: nola funtzionatzen duen datuen kudeaketak Iruñeko Udalean, nola monitorizatzen diren ingurune digitalak edo nola erabiltzen diren “git” izeneko eta bestelako tresna informatikoak. Bestetik, zenbait aditu ariko dira lantegietan programazioari, gauzen Internetari, 3D inprimaketari eta arte digitalaren garapenari buruzko edukiak zuzenean irakasten. Horiek guztiak ekitaldiaren webgunetik jarraitzen ahalko dira.

Bideo-joko lehiaketak ere antolatu dira, besteak beste “League of Legends”, “CSGO” edo “PUGB” bideo-jokoenak. Aipatzekoa da zenbait bideo-jokoren lehiaketak lehenbiziko aldiz eginen direla edizio honetan: “Fall Guys”, “Valorant”, “Dirty Rally” eta “Brawlhalla”. Bestalde, arte digitaleko lehiaketak ere eginen dira, Nafarroan “demoscene” delakoa babesteko helburuz, hau da, makinaren baliabide guztiak erabiliz programatzeko eta arte produkzio bat sortzeko modua. Horrez gainera, sormen artistikoko txapelketak ere eginen dira, diseinuaren, argazkigintzaren eta bideoaren ingurukoak.

zoom Lan Party kartela

Aste honetan eginen den Navarra LAN Party topaketaren kartela

Navarra LAN Party topaketaren lehenbiziko bi edizioak Nafarroako unibertsitate-pabiloian egin ziren, 2018an eta 2019an, eta bi mila lagun inguru bildu zituzten.

IKTen aldeko elkartea

Teknologia Zabaltzeko Nafarroako Elkartea (ANDITEC) irabazi asmorik gabeko erakunde bat da, 2018an sortua, eta Nafarroan informazioaren eta komunikazioaren teknologiak (IKT) zabaltzea eta bultzatzea du helburu, bai eta gizarteari teknologia hurbiltzea eta teknologien inguruko komunitatea sortzea ere.

Ekitaldiari buruzko informazio gehiago dago kontsultagai Navarra LAN Party topaketaren webgunean eta @navarralanparty Twitter kontuan.