Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) 2020-2021 ikasturtearen hasiera-ekitaldia egin du gaur ostirala, irailak 11. 200 pertsonatik gora etorri dira. Ekitaldiak Ramón Gonzalo García Unibertsitateko errektorea eta María Chivite Navascués Nafarroako Gobernuko lehendakaria izan ditu buru, eta Foru Komunitateko agintari gorenak eta Unibertsitateko komunitateko kideak bildu ditu. Juan Manuel Cabasés Hita Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Ekonomia Aplikatuko katedradunak eman du hasierako ikasgaia: “Osasunaren ekonomia: balioaren neurria osasungintzan”.

zoom Ramon Gonzalo

Ramón Gonzalo errektorea, hitzaldia ematen.

Bere hitzaldian, Ramón Gonzalo errektoreak, lehenik eta behin, COVID-19a NUPentzat izan den desafioa aipatu du, eta honako hau adierazi du: “unibertsitateko komunitatearen erantzuna eredugarria izan da, eta ahalegin, lan eta konpromiso guztia jarri du egoera hori gainditzeko; elkartasunez, pazientziaz eta ulermenez erantzun die sortutako zailtasunei”. Pandemian, “aintzat hartu da pertsonek erakunde batean duten garrantzia”, adierazi du, azpimarratzeko, “erakunde baten ospea erakunde hori osatzen duten pertsonen balioarekiko zuzenki proportzionala dela”.

Testuinguru horretan, azpimarratu du “presentzialtasunaren balioa unibertsitateko diferentzial handienetako bat dela. Ikasleari ezagutzak transmititzeko eta irakasleen eta ikasleen artean ideiak trukatzeko funtsezkoa izateaz gain, pertsonak prestatzeko funtsezko ardatza ere bada”. 

zoom aula

Fernando Remacha aretoaren ikuspegi orokorra

Gainera, NUPek antolaketa eta higiene eta osasun arloko zenbait neurri hartu ditu, unibertsitateko komunitate osoaren segurtasuna bermatzeko, eta “ahalegin ekonomiko handia egin du ikasturte honetan ikasgelei eta sailei azpiegiturak emateko, baliabide informatikoak hobetzeko, berariazko prestakuntza egiteko eta behar ekonomiko eta digitalak dituzten ikasleei laguntzeko”. Horregatik guztiagatik, errektoreak adierazi du “Nafarroako Gobernuaren konplizitatea behar dugula, Estatuko COVID funtsetatik datorren finantzaketaren zati batek ahalbidetu dezan Unibertsitateak ikasturte honi ahalik eta baldintzarik onenetan aurre egitea”. “Aurrean duguna bezalako garaietan, unibertsitatearen alde egindako inbertsio ausarta eta oztoporik gabea, ezagutza eta berrikuntza apustu seguruak eta etorkizun handikoak dira”.

Bestalde, aipatu du koronabirusaren pandemiak osasunaren arlo osoa behartu duela batera lan egitera. “Horregatik, are garrantzitsuagoa da NUPen apustu estrategikoa, Nafarroako sektore publiko biosanitarioa sendotzeko Medikuntza Gradua finkatuz, sektorearekin zerikusia duten eta NUPek ematen dituen beste gradu batzuekin batera (Bioteknologia, Ingeniaritza Biomedikoa, Erizaintza, Fisioterapia eta Datuen Zientzia). “Ezinbestekoa da osasun-ekosistema publikoa sortzea, gure ongizate-gizartearen funtsezko oinarri gisa, ezagutza sortzeko eta ikuspegi eta irtenbide berritzaileak aplikatzeko”, adierazi du.

zoom Juan Manuel Cabases

Juan Manuel Cabasés Hita katedraduna, hasierako ikasgaia irakurtzen

Juan Manuel Cabasés Hitaren hasierako ikasgaia

Juan Manuel Cabasés katedradunaren hasierako ikasgaia osasunaren ekonomiari buruzkoa izan da, herritarren osasuna eta ongizatea hobetzeko eskasak diren baliabideak esleitzea helburutzat duen diziplinari buruzkoa. Osasun teknologien ebaluazio ekonomikoari buruzko gogoeta batzuk egin ditu, eta osasuna norbanakoen eta gizartearen ongizaterako nola neur daitekeen aztertu du. “Espero dut —esan du— erakutsiko dizuedala nolako garrantzia duen neurtzeko modu horretan pazienteak esaten duenak, guk gerok esaten dugunak, galdera erabakigarri honi erantzuteko: Zenbat geundeke prest ordaintzeko osasun beteko urte bat izateagatik?”

Hala, COVID-19aren pandemiak izan duen eragina aipatu du, “zeinak gauetik goizera lehentasunak berrorientatzera behartu baikaitu osasun-zerbitzuak lehen planoan jarriz”, baina gogorarazi du, halaber, “baldintza normaletan ere osasunaren arloko erabaki kolektiboak lehentasunak zehaztearen mende daude ”.

zoom aula fernando Remacha

Agintariak, Fernando Remacha aretora sartzen

Cabasés Hitak beste alderdi batzuk ere landu ditu, hala nola, osasun-politika eta osasun-teknologien ebaluazio ekonomikoa, eraginkortasuna eta ekitatea, osasun-adierazleak eta osasunaren neurketa, bizi-kantitate eta -kalitate gisa ulertua.

Azken gogoetan, azpimarratu du Nafarroak azter dezakeela eraginkortasun eta ekitate azterketak sistematikoki egitea, osasun eta osasun publikoaren arloko erabakiak bideratzeko. “Osasun-teknologien ebaluazio ekonomikorako esparru berekia eduki beharko luke dauden ikerketa organoetakoren batean integratuta: IdisNa, Navarrabiomed, INSPSL, NUP. Banakako osasun-zorroa osasunarekin lotutako bizi-kalitatearen adierazleen edukiontzi erabilgarria izan daiteke”.

zoom publico

Bertaratutakoen irudi bat

“Osasuna neurtzeko ikerketak orain duen desafio nagusia —esan du— osasunaren eremuak zabaltzea da agian, ongizatearen kontzeptu zabalago batera jotzeko, eta gero eta zaharragoa den, patologia kroniko asko dituen eta arreta soziosanitarioa galdatzen duen gizarte honen beharrei hobeki egokitzeko”.

Bertaratu diren agintariak

Errektoreaz eta Nafarroako Gobernuko lehendakariaz gainera, ekitaldian izan dira Unai Hualde Iglesias Nafarroako Parlamentuko lehendakaria eta José Luis Arasti Pérez Gobernuaren ordezkaria Nafarroan. Haiekin batera bertaratu dira: Elma Sainz Delgado Ekonomiako eta Ogasuneko kontseilaria; Carlos Gimeno Gurpegui Hezkuntzako kontseilaria; Juan Cruz Cigudosa García Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilaria; Manu Ayerdi Olaizola Ekonomia eta Enpresa Garapeneko kontseilaria; Ana Ollo Hualde Herritarrekiko Harremanetako kontseilaria; eta Eduardo Santos Itoiz Migrazio Politikako eta Justiziako kontseilaria.

zoom rector y presidenta

Errektorea eta Nafarroako Foru Komunitateko lehendakaria izan dira hasiera-ekitaldiaren buru

Honako hauek ere izan dira ekitaldian: José Antonio Sánchez Sánchez-Villares Nafarroako fiskal nagusia; Asunción Olaechea Estanga Kontu Ganberako burua; María Echávarri Miñano Iruñeko Udaleko zinegotzia (Iruñeko alkatea ordezkatuz); talde politiko diferenteetako diputatu, senatari eta parlamentariak, Iruñeko zinegotziak, antolakunde ekonomiko eta sozialen ordezkariak eta Uxue Barkos Berruezo Nafarroako Gobernuko lehendakari ohia.

Irakaskuntzaren esparrutik, bertan izan dira Julio Lafuente López eta Antonio Pérez Prados, hots, Nafarroako Unibertsitate Publikoko aurreko errektoreetako bi; baita Alfonso Sánchez Tabernero Nafarroako Unibertsitateko errektorea; Nekane Balluerka Lasa EHUko errektorea; José María Guibert Ucín Deustuko Unibertsitateko errektorea; eta Carmen Jusué Simonena Iruñeko UHUNeko zuzendaria.

zoom autoridades academicas

Agintari akademikoak

Segizio akademikoaren desfilerik gabe

Osasun arloko murrizketen ondorioz, toki gutxiago egon dira aurreko ekitaldiekin alderatuta, eta ekitaldian ez da egin segizio akademikoaren ohiko desfilea, ez aurreko ikasturteko memoriaren irakurketa ere. Hala, eguerdiko 12:00etan hasi da ekitaldia, eta Fernando Remacha Gelan togatuak sartu dira (NUPeko errektore ohiak eta beste unibertsitate batzuetako errektoreak), errektorea, Nafarroako Gobernuko lehendakaria eta Nafarroako Parlamentuko lehendakaria, “ZuraQuartet” laukoteak “Erresuma Sartzeko Martxa” (anonimoa, XVIII. mendea) jotzen zuen bitartean.

zoom cuarteto

Musika-emanaldiaren une bat

Lehendabizi, hasierako ikasgaia irakurri du Juan Manuel Cabasés katedradunak. Ondoren, Ramón Gonzalo errektorearen hitzaldia izan da, eta, azkenik, María Chivite Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariarena, zeinak ofizialki inauguratu baitu 2020-2021 ikasturtea.
Ekitaldiaren alderdi musikala ZuraQuartet laukotearen eskutik eta Iruñeko Orfeoiaren Gazteen Abesbatzaren eskutik (Juan Gaínza Berrok zuzenduta) egin da.