Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) ostiral honetan, irailak 11, 2020-2021 ikasturtearen hasiera-ekitaldia eginen du. Ekitaldia 12:00etan hasiko da, Sario eraikineko Fernando Remacha aretoan, eta Ramón Gonzalo García Unibertsitateko errektorea eta María Chivite Navascués Nafarroako Gobernuko lehendakaria izanen ditu buru. Foru Komunitateko agintari gorenak eta Unibertsitateko komunitateko kideak ere bilduko ditu.
Gomendatutako osasun-segurtasuneko neurriak betetzeko, edukiera murriztu egin da aurreko urteetako ekitaldiekin alderatuta, eta bertaratutakoek arau hauek bete beharko dituzte: maskara une oro behar bezala jarrita eduki, segurtasun-tartea mantendu, sarbideetan eskuragarri egonen den gel hidroalkoholikoa erabili, eta aretora sartu eta berehala eseri.
Juan Manuel Cabasések irakurriko du hasierako ikasgaia
Ekitaldiari hasiera emateko, Juan Manuel Cabasés Hita Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ekonomia Aplikatuko katedradunak hasierako ikasgaia irakurriko du; izenburua, hauxe: “Osasunaren ekonomia: balioaren neurria osasungintzan”.
Ondoren, Ramón Gonzalo García Unibertsitateko errektoreak eta Maria Chivite Navascués Nafarroako Gobernuko lehendakariak hitza hartuko dute, eta azken horrek inauguratuko du 2020-2021 ikasturtea. Ekitaldiaren alderdi musikala ZuraQuartet kuartetoak eta Iruñeko Orfeoiaren Gazteen Abesbatzak interpretatuko dute.