Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Smart Cities Institutuko (ISC) zenbait ikertzailek, Ingeniaritza Termikoaren eta Fluidoen Taldeari atxikita daudenek, abuztuaren 31n sorgailu termoelektrikoaren prototipo bat instalatu zuten Timanfayako Parke Nazionalean (Lanzarote), jatorri bolkanikoko bero geotermikoa energia elektrikoa ekoizteko aprobetxatzeko gai dena. Taldeko ikertzaile nagusia den David Astrain irakasleak azaldu duenez, “jatorri bolkanikoko beroa harri bero lehorreko aztarnategi bihurtzeko Seebeck efektua erabiltzen duen munduko lehen gailua da”.
Ezkerretik eskuinera, Leyre Catalán, Patricia Alegría, Miguel Araiz eta David Astrain, Timanfayan instalatutako prototipoaren ondoan
Prototipoaren funtzionamendu-printzipioak fase-aldaketan oinarritutako trukagailu termiko batzuk ditu oinarri; trukagailu horiek lurretik datorren bero-fluxua hartzen dute modulu termoelektriko deiturikoak zeharkatu ditzan. "Modulu horiek material erdieroaleen lotura elektrikoz osatuta daude, eta material horiek tenperatura-gradientea baliatzen dute beroaren zati bat energia elektriko bihurtzeko Seebeck efektuari esker", adierazi du David Astrainek.
Energia elektrikoa ekoizteko geotermiako ohiko sistemak ez bezala, lurrun-turbinetan oinarrituak, NUPeko taldeak garatutako teknologia hau energia elektrikoa sortzeko gai da inolako parte mugikorrik gabe, eta horrek esan nahi du gailu askoz trinkoagoa, erabat isila, oso sendoa eta fidagarria dela, ez duelako ez mantentze-lanik ez eragiketarik behar, eta ingurumena erabat errespetatzen duelako.
Teknologia hori garatu duen lantaldeak David Astrain Ulibarrena irakaslea du buru, eta honako hauek osatzen dute: Leyre Catalán Ros, doktoretza-tesia proiektu honetan egiten ari dena, Miguel Araiz Vega eta Patricia Alegría Cía, guztiak ISCko Ingeniaritza Termikoaren eta Fluidoen Ikerketa Taldekoak.
2 metroko sakoneran eta 170 ºC-tan
Lanzaroten, anomalia geotermiko oso bereziak daude, metro gutxiko sakoneran tenperatura altuak erregistratzea ahalbidetzen dutenak. Anomalia horien jatorria, 1730ko-36 eta 1824ko azken erupzioei dagokien laba gorputz bat da, lurrazalera iritsi ez dena eta lurrazaletik oso gertu hozten ari dena. Zehazki, prototipoa jarri duten lekuan, 2 metroko sakoneran, 170 ºC-ko tenperaturak daude.
Energia geotermiko konbentzionala produzitzeko, lurra zulatzen da 1.500-2.500 metroko sakoneran zundaketak eginez. Modu horretan, 100 ºC eta 300 ºC-ko lurruna lortzen da, eta hala sortzen den fluidoak turbina bat mugitzen du elektrizitatea produzitzeko. Kanarietan eta beste sistema bolkaniko aktibo askotan, lurrazalean izaten dira tenperatura horiek, baina sekula ez da ahaleginik egin bero-potentzial garrantzitsu hori berreskuratu eta gailu termoelektrikoen bidez elektrizitatea sortzeko.
Instalatutako prototipoak 35W-eko energia elektrikoa sortzen du; beraz, teknologia hori erabat eskalagarria denez, uhartean dagoeneko detektatutako anomalia geotermikoak dituzten eremuetan aplikatuz gero, 680 MWh-ko energia elektrikoa sortuko luke, hots, Espainiako 200 etxeren batez besteko kontsumoaren baliokidea. Gainera, Lanzarote uhartean antzeko anomaliak dituzten beste eremu batzuk daude, parkearen barruan zein kanpoan, eta horiek aztertzen ari dira gaur egun partzuergoko gainerako kideak.
Energia berriztagarri geotermikoa sortzeko erabiltzeaz gain, teknologia hori monitorizazio eta zaintza bolkanikorako ere aplikatzen ahal da, gai baita aldagai geotermikoak erregistratzeko eta urrunetik igortzeko behar den energia-hornidura emateko.
Ikerketa partzuergoa
Ikerketa ELECTROVOLCAN (RTC-2017-6628-3) ikerketa-proiektuaren barruan kokatzen da. Teknologiaren eta Energia Berriztagarrien Kanarietako Institutua (ITER) da proiektuaren liderra, eta Zientziaren, Berrikuntzaren eta Unibertsitateen Ministerioak, Ikerketarako Estatuko Agentziak (Electrovolcán proiektua) eta Eskualde Garapeneko Europako Funtsak (FEDER) finantzatzen dute 1,2 milioi eurorekin. Nafarroako Unibertsitate Publikoaz gainera, entitate hauek osatzen dute ekimen honetan esku hartzen ari den partzuergoa: Energia Berriztagarrien Kanarietako Institutua (ITER), Kanarietako Bolkanologia Institutua (INVOLCAN), Tenerifeko Uharteko Energiaren Agentzia (AIET), Geologiako eta Meatzaritzako Espainiako Institutua (IGME) eta Santa Cruzeko Constante Solar eta Madrilgo GAIA - Geotermia eta Aguas Minerales enpresak.