Sabeleko patologia akutuko koadro baten ondorioz ebakuntza kirurgikoa behar duten adineko pazienteen heriotza tasaren igoerarekin zerikusia duten faktoreak ikertu ditu bere doktoretza-tesian Inés Eguaras Córdoba Nafarroako Ospitaleguneko kirurgialari gastrointestinalak. Ikerketari esker formula matematiko bat garatu da heriotza arriskua kalkulatzeko. “Formula hori —dio Inés Eguarasek— tresna objektiboa da, eta erabaki profesionaletan gidari izan dezakegu Larrialdietako Zerbitzuan sabeleko koadro larriak dituzten adineko pazienteak baloratzen ditugunean. Datu objektibo bat eman diezaguke, hau da, halako pazienteek presazko kirurgia egin eta gero duten hiltzeko arriskuaren probabilitatea.
Honako hau da doktoretza-tesiaren izenburua: “Análisis de la mortalidad y de la evolución del estado funcional en pacientes ancianos operados por patología abdominal urgente, utilizando el CrisTAL (criteria for screening and triaging to appropiate alterantive care) score modificado”. Tesiak bikain cum laude kalifikazioa jaso du, eta Javier Herrera Cabezón Nafarroako Ospitaleguneko Kirurgia Hepatobiliarreko Unitateko buruak eta Francisco Guillén Grima Nafarroako Unibertsitate Publikoko Medikuntza Prebentiboko eta Osasun Publikoko katedradunak zuzendu dute.
Adinekoak (65 urtetik gorakoak) ahulagoak dira ebakuntza kirurgiko akutu bati aurre egiteko edo gainditzeko. Eguaras Córdoba doktoreak egindako ikerketa-lanean, Nafarroako Ospitalegunean ebakuntza kirurgikoa egin zitzaien 500 paziente sartu ziren, eta 6 hilabeteko ebakuntza ondoko jarraipena egin zitzaien: “Hilabete horietan nola osatu ziren jakin nahi genuen. Horretarako, zenbait parametro baloratzen ditugu, hala nola nutrizio-egoera, hauskortasuna, pazientearen autonomia, hautemandako osasuna, ospitaleratzea eta abar, eta, hala, haren bizi-kalitateak, autonomiak, nutrizio-egoerak eta abarrek nola eboluzionatzen zuten neurtzean, zenbatetsi ahal izan dugu nolako eragina izan duen kirurgia urgenteak paziente horiengan”.
Ondorio nagusiak
Lortutako ondorioen artean, ikertzaile horrek azpimarratu du “beharrezkoa dela jarduera kirurgikoak aztertzea, kalkulatzea eta estandarizatzea, baita adineko pazienteetan ere, larrialdiko arretan, eta arriskua baloratzeko sistemak erabiltzea, azterlan honetan garatu duguna bezalakoak”. Era berean, kirurgia honen ondoren adineko pazienteak sendatzeko sei hilabete behar direla ikusi dute, kirurgiaren aurreko oinarrizko egoera basala berreskuratzeko. “Ikusi dugu, halaber, bizi-kalitatea zertxobait okertzen dela, beste alderdi batzuetan eraginik izan gabe, hala nola pazientearen nutrizio-egoeran edo autonomian”.
Inés Eguarasen iritziz, lan hau “ikerketa-eremu zabal berri baten hasiera da, eta bultzada bat da adineko pazienteari buruzko ezagutzak areagotzeko”. Gainera, etorkizunean, kolon eta ondesteko minbiziaren eta larrialdietako kirurgiaren arloan adineko gaixoekin ikerketa-lanak egitea aurreikusten da, “gaixo-talde espezifiko horren emaitzak neurtzen laguntzeko”.
Inés Eguaras Córdoba Medikuntzan lizentziatu zen Nafarroako Unibertsitatean (2008-2014), eta, 2017an, Nafarroako Unibertsitate Publikoko doktoretza-programan sartu zen, eta, orain, Osasun Zientzietako doktore-titulua lortu du aipatu unibertsitatean. 2015az geroztik, zirujau lan egiten du Nafarroako Ospitalegunean.
Zenbait argitalpen zientifikoren egilea, nazioko eta nazioarteko dozena bat biltzarretan hartu du parte, eta ikerketarako egonaldiak egin ditu Bordeleko CHU ospitalean, bat kolon eta ondesteko kirurgia unitatean eta beste bat kirurgia esofagogastrikoko unitatean.