Joan eduki nagusira

Iñigo Liberal Olleta Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) ikertzaileak Europako Batasuneko “Starting Grant” del European Research Council (ERC) laguntza jaso du, Unibertsitatearen historian lortu den garrantzitsuena. Gehienez ere 1,5 milioiko finantzaketa izango du onuradunak bost urtean, eta hark erabakiko du zein europar erakundetan erabiliko den. Iñigo Liberalek erabaki hau hartu du: NUPen garatzea nanofotonikaren eta optika kuantikoaren esparruetan muturreko materialak ikertzen dituen proiektua.

Hala oinarrizko ikerketa nola garapen teknologikoa hartzen ditu barruan proiektuak. Oinarrizko ikerketaren atalak “material horietako quasi-partikula fotonikoen eta igorle kuantiko eta elektroi askeen arteko elkarreragina” du ardatz ikertzailearen arabera. Garapen teknologiko hurbilenean, adibidez, “kamuflaje termikoko aplikazioetarako eta leiho adimendunetarako igorgailu termikoen garapen esperimentala egingo da, bai eta interkonektoreetarako, argi-iturri integratuetarako eta LiDAR sistemetarako optika integratuko gailuena ere”, gehitu du.

zoom ikertzaileak

Iñigo Liberal ikertzailea, eskuinean, eta Ramón Gonzalo García Unibertsitateko errektorea (doktoretza tesiaren zuzendari), ezkerrean.

NUPeko Telekomunikazio Ingeniaritzako ingeniari eta doktoreak, Smart Cities Institutuko (ISC) ikertzalea, nafar erakundean geratzea aukeratu du, zeren, haren iritzian, “unibertsitate gazte bat da, eta ahalegin handiak egiten ari da ikerketaren alde, eta, ondorioz, leku erakargarria da lerro berriak garatzeko. Gainera, NUP nire alma materra da, eta asko pozten nau ahalegin kolektibo horri nire ekarpena egiteak”.

Europar Batasuneko “Starting Grant” laguntza

ERC (Europako Ikerketa Kontseilua) erakunde europarraren laguntzak Europan ospe zientifiko handiena dutenak dira, eta gaur egungo ezagutzaren mugatik haratago ideia berritzaileak aurkezten dituzten munduko edozein lekutako ikertzaileentzat dira. ERCk onartutako proposamenak edozein ikerketa-eremutan koka daitezke, eta laguntza jasotzen duten proposamen zientifikoen ebaluazioa irizpide bakar batean oinarritzen da: bikaintasun zientifikoa, bai ikertzailearena bai proiektuarena.

Azken deialdian, Espainiako 25 zientzialarik lortu dute “Starting Grant” laguntza Zientzia Fisikoekin eta Ingeniaritzarekin, Biziaren Zientziekin eta Giza eta Gizarte Zientziekin lotutako proiektuak egiteko. Espainiako 12 proiektu baino ez dira hautatu Zientzia Fisikoen eta Ingeniaritzaren atalean, eta NUPeko ikertzailearena da Sistemen eta Komunikazioen Ingeniaritzaren arloko proiektu bakarra.

Francisco Javier Arregui San Martín NUPeko Ikerketa errektoreordearen hitzetan, NUPen ikerketak egingo dituen programa horretako ikertzaile bat izatea “pizgarri handia” da erakundearentzat. “Laguntza horiek munduko talentuaren eliterik hautatuena erakartzen dute, eta espero izatekoa da aurrerapen zientifiko disruptiboak lortzea. Aurrerapen horiek onuragarriak izango dira bai erakundearentzat, bai ingurune hurbilarentzat eta, oro har, Nafarroako gizartearentzat. Ekimen horien garapenak berekin dakar ideia eta proiektu berrien eta talentua atxikitzeko ingurune egoki baten sorrera. Beraz, nazioarteko ikusgarritasun eta prestigio handiagoa ematen diote NUPi, Europan itzal handienetakoa duten laguntza zientifikoen onuradunaren anfitrioi gisa.

Nanofotonika eta optika kuantikoa muturreko materialekin

Aipatu denez, Nanofotonikaren eta optika kuantikoaren esparruetako muturreko materialen ikerketan oinarritzen da Iñigo Liberalen proiektua. “Muturreko materialtzat hartzen dira muturreko propietate optikoak dituztenak (adibidez, zero inguruko errefrakzio-indizea) edo muturreko geometria dutenak (adibidez, eskala atomikoko lodierak)”, azaldu du. Ikertzaileak zehazten duenez, muturreko materialen propietateak aztertzeak “bidea irekitzen du portaera ez-konbentzionalei behatzeko, batzuetan gure intuizio oinarrizkoenei aurre eginez ere”.

“Material horietan (quasi-partikula fotonikoak) kuantizatutako eszitazio optikoek eta igorle kuantikoek eta elektroi libreek elkarri nola eragiten dioten aztertzea da ikerketarik funtsezkoena. Helburua elkarrekintza horiek ulertu eta kontrolatzea da, teknologia kuantiko desberdinetan aplikatzen diren argi ez-klasikoaren iturriak garatzen laguntzeko, (komunikazioak, sentsatzea, simulazioa eta konputazioa)”, zehaztu du Iñigo Liberalek.

Iñigo Liberalen CV laburra

Iñigo Liberal Olleta (Iruñea, 1985) ingeniaria (2009) eta Telekomunikazio Ingeniaritzako doktorea (2013) da Nafarroako Unibertsitate Publikoan. Ramon Gonzalo García eta Iñigo Ederra Urzainqui irakasleek batera zuzendutako tesia du, eta Espainiako Gobernuaren FPI beka bati esker egina (Ikertzaileen Prestakuntza).

2014tik 2017ra arte doktoretza ondoko ikertzailea izan zen Pensilvaniako Unibertsitatean (Filadelfia, Estatu Batuak), Nader Engheta Irakaslearen taldean. Gaur egun, Ramón y Cajal ikertzailea da Nafarroako Unibertsitate Publikoan, eta Ekonomia, Industria eta Lehiakortasun Ministerioaren 2013-2016 Ikerketa Zientifiko eta Teknikorako eta Berrikuntzarako Estatuko Planaren barruan, Talentua eta I+G+B arloan duen Enplegagarritasuna Sustatzeko Programan parte hartzen ari da.

Antenen, metamaterialen, nanofotonikaren eta optika kuantikoaren teorian oinarritzen da haren ikerketa-jarduera. Ikertzaile bisitaria izan da hainbat erakundetan, hala nola Delft-eko Unibertsitate Teknologikoan (Herbehereak, 2008), Aalto Unibertsitatean (Helsinki, Finlandia, 2011) eta Arizonako Unibertsitatean (Tucson, Estatu Batuak, 2012 eta 2013).