Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP), Ikasleen Gaietarako, Enpleguko eta Ekintzailetzako Errektoreordetzaren bidez, Parekoen arteko Mentoretza Programaren beste edizio bat jarri du martxan. Hala, ikasturte honetan, graduko azken ikasmailetako 41 ikaslek orientabide akademiko eta administratiboa emanen diete beren karrerako lehen urteko ikasleei (haietako bakoitzak zazpi ikasleri gehienez). Ekimen horretan parte hartu nahi duten graduko lehen mailako ikasleek irailaren 13ra arte ematen ahal dute izena “online”, Unibertsitateak mentoretzarako duen webgunearen bidez.
Mentoreek irailetik martxora bitartean gauzatzen dute beren eginkizuna, eta, horretarako, erakunde hauen laguntza eta prestakuntza izaten dute: Ikasleen Gaietarako, Enpleguko eta Ekintzailetzako Errektoreordetza, beren fakultatea edo ikastegia, Unibertsitate Arretarako Bulegoa eta Ikasleen Kontseilua. Mentoretza Planaren promozio bideo bat ikusgai dago NUPen YouTubeko kanalean.
Mentoretza Programan izena eman nahi duten lehen mailako ikasleek Unibertsitateak mentoretzarako duen webgunea kontsultatzen ahal dute, hantxe aurkituko baitute ekimen horri buruzko informazio guztia.
Mentoreek unibertsitate zabalpeneko bi ECTS kreditu lortzen ahal dituzte gehienez (50 orduren baliokidea), eta konpromisoa hartzen dute, besteak beste, prestakuntzako lantegietara joateko; mentoretzapean daukaten ikasle taldearekin udazkeneko seihilekoan bi bilera edukitzeko, eta beste bat udaberrikoan; ikasleen banakako kontsultei “online” erantzuteko; eta ikasleengan independentzia eta unibertsitate autonomia bultzatzeko, lanerako eta ikasketarako ohitura eraginkorrak gara ditzaten. Amaieran, mentoretzapean dauzkaten ikasleek ebaluatuko dituzte.