Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) eguneko sarreren eta 10, 20 eta 30 sarrerako bonuen sistema bat ezarri du 2020-2021 ikasturterako, kirol txartelaren ordez. Ikasturte osoan zehar, bonu horiek erabiliz, erabiltzaileek eskubidea izanen dute 130.000 m²-ko instalazioetara sartu, eta 31 kirol desberdin egiteko. 100 saio izanen dira astean, eta irailaren 7an hasiko dira. Sistema aldatzearen zergatia osasun egoerara egokitu beharra izan da, posible baita urtean zehar jarduerak bertan behera gelditzea.

zoom estudiantes practicando deporte en la UPNA

Ikasleak kirola egiten NUPen

Ikasturte honetan, Unibertsitateko jarduera guztietan bezala, neurri jakin batzuk hartuko dira erabiltzaileen segurtasuna bermatzeko COVID-19aren aurrean: tokiak mugatu, gainazalak desinfektatu, eskuak garbitzearen garrantzia gogorarazi edo instalazioetan maskara erabiltzera derrigortu beharrezkoa denean. 

Sarreren eta bonuen prezioa eta instalazioen erreserba

Nornahik erosten ahal ditu sarrerak Unibertsitatean kirola egiteko. Sarrera-bonuen prezioak honako hauek dira: 9,50 eta 28,50 euro bitarte ikasleentzat, 11,40 eta 34,20 euro bitarte Unibertsitateko komunitateko gainerako kideentzat, 19 eta 57 euro bitarte ikasle ohientzat, 28,50 eta 85,50 euro bitarte adiskideen programako kideentzat eta 47,50 eta 142,50 euro bitarte kanpoko pertsonentzat. Bonuak edukiz gero, gainera, kirol instalazioak erabiltzen ahal dira (igerilekua, rokodromoa, muskulazio aretoa eta abar), aurretik webgunean erreserba eginda, baita pilotalekua, kanpoko tenis eta futbol pistak eta Nafarroako Unibertsitate Pabiloia doan erreserbatu ere, ordua eskatuta betiere. 

Unibertsitatearen webgunean dago ikusgai informazio guztia: kirolak (ordutegia, deskribapena eta entrenatzaileak), kiroletan izena emateko sistema, eta sarreren eta bonuen prezioak, Unibertsitateko komunitateko kide direnentzat eta ez direnentzat.