Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Industria, Informatika eta Telekomunikazio Ingeniaritzako Goi Mailako Eskola Teknikoko graduko ikasleek, ikasketa amaierako lana 2019-2020 ikasturtean egiten dutenek, 4.0 Industria Katedraren gradu amaierako lanik onenaren sarira aurkezten ahal dute beren burua.
Gai hautakoren bati buruzkoak izan behar dira proiektuak: fabrikazio aurreratua, industria diseinua, “big data”, automatizazioa eta robotika eta efizientzia energetikoa. Deialdia Unibertsitateak eta Nafarroako Industria ingeniari tekniko eta graduatuen elkargoak (CITI Nafarroa) sustatu dute, eta saria 2.000 eurokoa da. Aurkezteko epea irailaren 30ean amaituko da.
Deialdiak sarietara aurkeztu diren lanen defentsa publikoa egin beharra eta Elkargoan akreditatu beharra jasotzen ditu. Nafarroako Aldizkari Ofizialean daude ikusgai oinarriak.
4.0 Industria Katedra
Honako helburu hauek dituzte NUPeko 4.0 Industria Katedrak eta CITI Nafarroak: bi erakundeen arteko lankidetza garatzea; ikerketa aurreratua sortzea, mundu akademikoa eta enpresa mundua integratzeko aukera emango duena; ikasleen eta profesionalen prestakuntza praktikoa eta nazioarteko garapena bultzatzea, eta unibertsitate-hedapeneko jarduerak babestea, hala nola, kultura-, kirol- edo gizarte-arlokoak.
Industria 4.0 Katedra sortzeko sinatutako hitzarmenaren bidez, jarduera bateratuak garatu nahi dira, hala nola ikerketa-proiektuak, doktoretza-tesiak eta gradu-amaierako lanak, elkargoko profesionalentzako etengabeko prestakuntza, ikasleen praktikak enpresetan edo unibertsitate-ikasleek ekoizpen-zentroetara egindako bisitak. Sari horietaz aparte, tituludun berrien laneratzea errazten da edo elkargoarekin harremana duten Estatu Batuetako unibertsitateekin trukeak egitea (Alabama, Aurburn, Clemson eta Kentucky).