Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) datorren astean hasiko du 2020-2021 ikasturtea, eta irakaskuntza-jarduera presentziala izango du ehuneko ehunean. Horretarako, zenbait neurri hartu dira antolakuntzakoak eta higieniko-sanitarioak, Unibertsitateko komunitate osoaren segurtasuna bermatzeko. Eskolak irailaren 2an hasiko dira, asteazkenarekin, baina lehen ikasmailako ikasleek graduak aurkezteko jardunaldia izango dute aurreko egunean, irailaren 1ean.

zoom ikertzaileak

La UPNA

Neurri hauek hartu dira, batez ere: ikasgeletako ikaspostu kopurua murriztu eta berregituratu da pertsonen arteko 1,5 metroko distantzia gomendatua kontuan hartuta, eta campuseko jarduera presentzialerako neurri higienikoak hartu dira (maskararen erabilera, eskuak garbitzea, etab.), agintari eskudunek emandako gomendioekin bat etorriz eta Nafarroako Foru Gobernuaren Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuarekin eta Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuarekin koordinatuta.

NUPek Kontingentzia Plan bat ere badu, 2020-2021 ikasturtean gerta daitezkeen egoeretan zer egin behar den jasotzen duena (presentzialtasun egokitua, konfinamendu partziala edo erabateko konfinamendua). Plan horren helburua da kalitatezko unibertsitate-irakaskuntza baten eta ikasleen eta langileen osasuna babestearen arteko oreka ahalbidetzea. Egoera horietan, Unibertsitatea egokitu egingo da ikasgela hibridoen, klaseen emankizun sinkronoaren edo baita lineako irakaskuntzararen bidez ere, joan den udaberrian gertatu zen bezala, osasun-agintariek hala agintzen badute.

Unibertsitateko komunitateari antolamendu-aukera horien guztien berri eman zaio, eta, gainera, ikasle guztiek gida berezi bat jasoko dute aste honetan, campusetara iritsi aurretik hartutako neurrien berri izan dezaten. Horri dagokionez, ikasleei gogorarazten zaie maskara behar bezala jarrita eduki behar dutela une oro, distantzia mantendu ala ez.

Irakaskuntza presentziala eta “ispilu ikasgelak”

Irakaskuntzari dagokionez, irakaskuntza-espazioen azterketa sakona egin da, irakaskuntza aurrez aurre eman dadin. Nafarroako Unibertsitate Publikoak ikasgelategi bat du Arrosadiko campusean zentralizatua, eta, horri esker, ahalik eta gehien optimizatu ahal izan dira irakaskuntza-espazioak. Nolanahi ere, zenbait talde identifikatu dira (talde guztien % 7), dagokien ikasgelako gehieneko ikaspostu kopurua gaindituko luketenak, zenbat ikasle matrikulatu diren kontuan hartuta. Hori dela eta, ikasgela horiei (46 ikasgela guztira) kamera, mikrofono eta bozgorailuen sistema bat jarri zaie, ikasgela beteta egonez gero ikasleetako batzuk “ispilu ikasgela” batera joan daitezen. Ikasgela horretan,  klasea zuzenean jarraituko dute erabiltzen duten gailuaren bidez, eta, irakasleak hala erabakitzen duenean, txat baten bidez parte hartu ahal izango dute. Osasun Zientzietako campusean eta Tuterako campusean % 100ekoa izango da presentzialtasuna  erabilgarri dauden baliabideak aintzat hartuta. Bestalde, NUPeko instalazioetako irakaskuntza-praktikei dagokienez, Unibertsitateak aurreikusten du praktika guztiak modu presentzialean egingo direla, dagozkien neurri higieniko-sanitarioekin.

Irakasleentzako prestakuntza, neurri higienikoak eta COVID-19aren Unitatea

Bestalde, ikasturte honetarako, “online” formatuko tailer-ikastaro batzuk prestatu dira irakasleentzat, irakaskuntzari laguntzeko metodologia eta tresna teknologikoei buruzkoak. Horrez gain, ikasturte osoan zehar prestakuntza jarraituko programa bat jarriko da abian bideoak egiten eta urrutiko irakaskuntzako beste metodologia batzuk baliatzen ikasteko. Bestalde, Unibertsitateak hainbat gailu eman dizkie sailei, hala nola web-kamerak, tabletak eta ordenagailu eramangarriak, irakaskuntza presentziala osatzeko gorago aipatutako materiala presta dezaten. Konfinamenduan gertatu bezala, behar izanez gero, ordenagailu eramangarriak edo mugikorretarako datu-txartelak ere jar daitezke ikasleen eskura.

Espazioak egokitzeaz eta irakasleentzako berariazko prestakuntza emateaz gain, Unibertsitateko komunitate osoari zuzendutako neurri higienikoei buruzko berariazko dokumentu bat egin da. Dokumentu horretan honako hauek jasotzen dira: Unibertsitateko instalazio guztietan derrigorrezkoa dela maskararen erabilera, eskuak garbitu behar direla, ikasgelan edo bulegoetan beti postu berean egon behar dela, materialak ez direla partekatu behar, espazioak maiz aireztatu behar direla, gomendagarria dela topaketak gutxiagotzea eta, egiten badira, talde txikitan eta kanpoan egin behar direla ahal bada. 

Era berean, COVID-19aren Unitatea sortu da Ikasgelategian, protokoloak betetzen direla zaintzeko, eta garbiketa-zerbitzua indartu egin da.