Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Historiako eta Ondareko Graduko sei ikaslek hartu dute parte beste hogei bat gazterekin batera Beran frankismoko bunkerrak aurkitzeko eta berreskuratzeko lanetan, Nafarroako Gobernuaren  “Muga gotortua” deritzan gazteen boluntariotzako esparruan. Honako hauek izan dira parte-hartzaileak: Edurne Turrillas Bueno, Raúl Uriarte Mañú, Irune Bueno Delgado, Igor Garzaron Irurzun, Irati Zurbano Zuazu eta Noelia Gómez Jurío. 

zoom Lan-kanpamentuan parte hartu duten ikasleak

Lan-kanpamentuan parte hartu duten ikasleak. Ezkerretik eskuinera: Irune Bueno, Edurne Turrillas, Irati Zurbano, Noelia Gómez, Igor Garzaron eta Raúl Uriarte.

NUPeko ikasleen kasuan, esperientzia Historiako Graduko curriculumetik kanpoko praktikatzat hartu da Unibertsitateak eta Nafarroako Gobernuak horretarako sinatutako hitzarmenaren arabera. Fernando Mendiola Gonzalo Giza eta Hezkuntza Zientzietako irakasleak gainbegiratu ditu praktikak. 

Irakaslearen hitzetan, esperientzia horren bidez, “gotortze-lan horien eta haien aztarna arkeologikoen norainokoa ezagutu nahi da lekuan bertan, baita ondare-mota hori gizartearen esku jartzeko estrategien garrantzia baloratu ere”. Hala, bada, praktika horiei esker, “historia garaikideari buruzko edukietan sakondu ahal izan dute ikasleek, eta kultura-ondarea zaintzeko eta haren bitartekotza egiteko lanetan trebatu ahal izan dira”, adierazi du Fernando Mendiolak.

Ikasleen lana Beran

Proiektuaren arduradunek azaltzen dutenez, diktadura frankistak “Pirinio osoan zehar milaka egitura militar (10.000 baino gehiago) eraikiz Frantziaren eta Espainiaren arteko muga itxi eta gotortzeko egindako ahaleginaren erakusgarri dira” 1930eko hamarkadaren amaieran hasi eta 40ko eta 50eko hamarkadetan zehar eraikitako bunker horiek.

Parte-hartzaileak 18 eta 25 urte bitarteko gazteak izan dira, eta gotorleku horietako bat garbitzen, berreskuratzen eta dokumentatzen egin dute lan. Mendian zulatutako galeria batek osatzen zuen gotorleku hori, eta, horri esker, Peña Rata tontorretik 360º-ko ikuspegia zuen.