Joan eduki nagusira

3 eta 6 urte bitarteko Haurren Jarduera Fisikoari buruzko Behatokiak, 2019an Nafarroan abian jarritakoak, bere ikerketaren lehen emaitzak eman ditu ezagutzera. Ikertzaileen arabera, ikasleen % 95ek ikastetxeetan egiten diren motrizitate-eskolekin “asko” gozatzen duen arren, “datu garrantzitsuetako bat da haurren % 45ek bakarrik egiten duela jarduera fisikoa bi edo hiru orduz larunbatetan eta igandeetan, eta % 15ek betetzen dituela 5 urtetik beherakoentzako gomendioak, alegia, egunean 180 minutuz jarduera fisikoa egiteari buruzkoak”. 

zoom Grupo de investigación

Ikerketa taldeko kideak. Ezkerretik eskuinera, Berta Villoslada Huarte, Mikel López Sáez de Asteasu, Gaizka Legarra Gorgoñon, Róbinson Ramírez Vélez, Alicia Alonso Martínez, Mikel Izquierdo Redín, Berta Echávarri Videgain, María Fernández Recasens eta Yesenia García Alonso.

Halaber, ikerketaren egileek adierazi dutenez, “haurren % 96k betetzen dituzte gehienez ere bi ordutan pantaila digitalen eraginpean egoteko denbora mugatzen duten gomendioak, eta %82k denbora gutxi edo batere ez dute ematen eserita, eta, beraz, sedentarismo-arriskua minimizatzen dute”. 

Nafarroako Foru Komunitateko 3 eta 6 urte bitarteko adingabeen Jarduera Fisikoari buruzko Behatokia Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Sailak finantzatutako ikerketa-proiektu bat da, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Ariketa Fisikoa, Osasuna eta Bizi Kalitatea (E-FIT) taldeko eta Nafarroako Ikerketa Biomedikoaren Zentroko ikertzaileek parte hartzen dute. Alicia Alonsok (NUP), Mikel Izquierdok eta Robinson Ramírez-Vélezek (NUP-Navarrabiomed) eta Antonio García-Hermosok (Navarrabiomed) zuzendu dute proiektua. 

Konfinamenduaren ondorioak 

COVID-19ak eragindako konfinamendu fasean jasotako datuek erakusten dute ebaluatutako ikasleen % 91k nolabaiteko jarduera fisikoa egin zuela. “Nahiz eta % 11k bakarrik egin duen 60 minutu baino gehiago egunean, garrantzitsua da esatea parte-hartzaileen % 65ek jardueraren bat egin duela astean 4 egunetik 7 egunera bitartean”. Familien % 3k adierazi zuten konfinamenduan seme-alabek ez zutela inolako jarduera fisikorik egin. 

Bestalde, bizi izandako egoeraren ondorio gisa, haurren % 8k beldurra zioten 1. fasearen hasieran kalean jolas egiteari eta paseatzeari, etxean 45 egunez konfinatuta egon eta gero. Denbora horretan egindako jarduera fisikoen artean, nabarmentzekoak dira etxeetara, terrazetara eta lorategietara egokitutako jokoak eta kirolak; haurrentzako dantzak eta koreografiak; adibidez, “Zumba Kids”, gorputz-hezkuntzako eta psikomotrizitateko irakasleek bultzatuak, batez ere. Horrek adierazten du “profesional horiek garrantzi handia dutela ohitura osasungarriak eta herritarren bizi-kalitatea txikitatik sustatzeko”. 

300 adingabe eta 500 guraso 

Behatokiaren helburua eskolako ikasleek jarduera fisiko gehiago egin dezaten laguntzea da, denbora gutxiago egon daitezen pantailadun gailuak erabiltzen eta beren adinerako behar adina atseden har dezaten; izan ere, frogatuta dago haurtzaroan ohitura osasungarriak izatea funtsezkoa dela etorkizunean gaixotasun kardiobaskularrak prebenitzeko. 

2019/2020 ikasturtean, Santa María La Real (Maristas), San Juan de la Cadena eta La Compasión Escolapios ikastetxeetako 300 haurrek baino gehiagok eta 500 gurasok baino gehiagok hartu dute parte. Datorren ikasturtean, beste zenbait ikastetxek, hala nola Mendillorriko El Lago ikastetxeak hartuko dute parte Behatokiaren 2. fasean. 

Proiektua osatzeko, irakaskuntzako prestakuntza espezifikoa egin da CIP F.P. Lumbier-en, non Gorputz- eta Kirol-ekintzako Familiako Goi-mailako prestakuntza zikloetako 80 ikaslek ebaluatzaile izateko prestakuntza jaso baitute. 

Familiek osasun-emaitzak kontsulta ditzakete uztailean martxan jarritako plataforma digitalean. Plataforma horrek ikasleen egoera fisikoari eta ohitura osasungarriei buruzko informazioa ematen du. Ikertzaileek diotenez, hauek dira balio gomendatuak adin-tarte bakoitzerako: gorputz-osaera (pisua eta altuera), erresistentzia kardiobaskularra, beso eta hanketako indar muskularra, bai eta abiadura eta bizkortasuna ere, “egoera fisiko osasungarria izateko eta etorkizuneko arrisku kardiobaskularrak gutxitzeko funtsezko alderdiak”. 

Ikertzaileek azaldu duten bezala, "haurtzaroaren lehenbiziko etapa aldi kritikoa da garapen fisiko, sozial eta kognitiborako eta portaera-eredu osasungarriak ezartzeko, haurtzaroan eta helduaroan iraun baitezakete". Ildo horretan, nabarmendu beharra dago Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) 5 urtetik beherako haurren jarduera fisikoari, jokabide sedentarioari (pantaila denbora) eta loaldiari buruzko gomendioak argitaratu dituela berriki. Zehazki, 3 eta 5 urte bitarteko haurren kasuan, gutxienez 180 minutuko jarduera fisikoa egitea gomendatzen du, eta horietako 60 minutuk intentsitate ertainekoak edo bizikoak izan behar dute.