Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) proiektu bat garatuko du beren ikasleen artean gaitasun digitalak eta garapen jasangarriari buruzkoak garatzeko. Ikasleen prestakuntza integrala hobetu nahi da proiektuaren bidez. Irakaskuntzako, Garapen Digitaleko eta Proiekzioko, eta Kulturako eta Dibulgazioko Errektoreordetzek bultzatu dute ekimena, eta Nafarroako Kutxa Fundazioaren eta “laCaixa” Fundazioaren Innovasocial Programak finantzatu du.

Aurkeztutako ekimenak gaitasun digitalen eskaintza hau jasotzen du: informazioaren kudeaketa, edukien sorkuntza, komunikazioa, segurtasuna eta arazoen ebazpena. Jasangarritasunarekin zerikusia duten gaiei dagokienez, honako hauek jorratuko dira: ingurumena, genero-berdintasuna, osasun sustapena, kultura-aniztasuna eta gizarteratzea. Proiektuaren bidez edukiak eta plana diseinatu nahi dira 2021-22 ikasturtean ezartzeko.

zoom ikasle batzuk

Ikasle batzuk NUPen

Proiektuak enplegurako eta ekintzailetzarako zeharkako gaitasunei buruzko prestakuntza-programa osatzen du. Programa hori arrakastaz ematen da 2018-19 ikasturtetik aurrera, eta eduki erabilgarriak gehitzen ditu lan profesionalerako eta herritartasunerako. Hala, NUPen zeharkako gaitasunen eskaintza bloke hauetan banatuko da: “enplegua eta ekintzailetza”, “digitalak” eta “garapen jasangarria”.

Aldez aurretiko diagnostikoa, edukien diseinua eta ebaluazioa

Honako eginkizun hauek ezartzen dira proiektuan, eskainiko diren edukiak diseinatzeko aldez aurretiko urrats gisa: gaitasun digitalak eta  garapen jasangarriari buruzkoak identifikatzea unibertsitate publiko guztien inkesta adierazgarri bat eginez edukien profila ezagutzeko eta gaitasun horiek Espainian zenbateraino dauden ezarrita jakiteko, bai zehazteko ere nolako solaskideak dauden barneko eragileekin (NUPeko ikastegiak eta langile teknikoak) eta kanpoko eragileekin (Nafarroako enpresa, erakunde eta elkarteen sareko eragile sozialak) gaitasun digitalen eta garapen jasangarriari buruzko gaitasunen katalogo bat definitzeko.

Gero, gaitasunen curriculuma diseinatuko da, hau da, bere edukiak eta ikaskuntzako emaitzak eta metodologiak, bai eta ebaluaziorako tresnak ere. Gero, identifikatutako gaitasunak garatuko dituzten curriculumez kanpoko jarduerak diseinatuko dira. Esaterako, mintegiak, jardunaldiak, lan mahaiak, “living lab” direlakoak, ikaskuntza/zerbitzu esperientziak eta beste batzuk.

Gaitasun horiek NUPeko ikasketen curriculumean ezartzeko plan bat diseinatzea proposatzen da. Horretarako, inkesta bat egingo da prestakuntzaren aurreko maila baloratzeko, curriculumean ezartzeko estrategiak definituko dira eta, azkenik, gaitasun malgu eta berritzaileak ebaluatu eta egiaztatzeko prozesuak diseinatuko dira.