Mikel Domínguez Arrizabalaga nekazaritzako ingeniari teknikoak proteina intsektizida berri batzuk aurkitu ditu Nafarroako Unibertsitate Publikoan egindako doktoretza-tesiaren ikerketan. Proteina horiek Bacillus thuringiensis (Bt) bakterioaren ahalmen intsektizida daukate. Bakterio hori mikroorganismo bat da, eta intsektizida biologiko gisa erabiltzen da intsektu batzuen izurriak kontrolatzeko, patata-zomorroarena adibidez. “Ikerketaren emaitzak zientifikoki esanguratsuak dira —azaldu du ikertzaileak—, intsektuen izurriak kontrolatzeko estrategia berriak diseinatzeko erabil baitaitezke, koleopteroen izurriei aurre egiteko bereziki. Beste proteina batzuekin nahasiz gero, gainera, lagungarria izan liteke intsektizida jakin batzuk jasateko ahamena duten intsektu espezieak agertzearen kontra borrokatzeko, baita biointsektizida berrien osagai izateko edo landare transgeniko berriak sortzeko ere”.
Patata-zomorroaren izurria munduko intsektu izurri nagusietakoa da, eta, kalkuluen arabera, milaka milioi dolar galtzen dira urtero zuzenean eta zeharka intsektu horren ondorioz. Izan ere, patata-zomorroak gaitasun handia du bere ohiko ostalariari ez ezik beste landare solanazeoen barietate askori egokitzeko, eta bizkor garatzen du ahalmena intsektizida kimikoak eta biologikoak jasateko.
Mikel Domínguezek biointsektizidak garatu ditu doktoretza-tesian (mikroorganismo entomopatogenoetan oinarrituak), intsektizida kimikoek baino modu jasangarriagoan babesten baitituzte laboreak eta kalte txikiagoa egiten baitiote ingurumenari. “Bacillus thurigiensis (Bt) bakterioa da gaur egun merkatuan dauden biointsektiziden % 90 baino gehiagoren osagai aktiboa —azaldu du Mikel Domínguezek—. Orain arte, ahalmen intsektizida duten Bt bakterioen 700 proteina baino gehiago ezaugarritu dira, baina horietako batzuk baino ez dira aktiboak zomorroen kontra”.
Primitivo Caballero NUPeko Agronomia, Bioteknologia eta Elikadura Saileko katedradunak eta Maite Villanueva sail horretako irakasle laguntzaile doktoreak zuzendu dute “Novel Bacillus thuringiensis cry genes and their insecticidal potency against Coleoptera” izeneko tesia, eta bikain “cum laude” kalifikazioa lortu du.
Proteina berriak
Doktoretza-tesiaren helburu nagusia zen proteina berriak aurkitzea koleopteroen izurriak kontrolatzen dituzten Bt bakterioen toxina gehiago edukitzeko —eta, zehazki, patata-zomorroarena kontrolatzen dutenak—.
Ikertzen ari zela, Mikel Domínguezek proteina intsektizida berri bat aurkitu zuen, lehenago deskribatutako beste baten oso antzekoa, baina aurreko horren aldean ezaugarri abantailatsu batzuk dituena biointsektizida berri gisa merkaturatzeko.
Bestalde, “guztiz berriak ziren bi proteina-familia” identifikatu eta ezaugarritu zituen, “koleopteroei kalte egiten dieten beste proteina batzuen toxikotasuna areagotzen dutenak”.
Proteina horiek berez duten jardueraz gainera, “beste proteina intsektizida batzuekin nahasiz gero, lagungarriak izan litezke intsektizida jakin batzuk jasateko ahamena duten intsektu espezieak agertzearen kontra borrokatzeko; hala, biointsektizida berrien osagai izango lirateke edo landare transgeniko berriak sortzeko erabil litezke”.
Curriculum vitaea
Mikel Domínguez Arrizabalaga nekazaritzako ingeniari teknikoa da (NUP, 2012), eta Agrobioteknologiako Masterra ere egina du unibertsitate berean. “Bacillus thuringiensis bakterioaren proteina berrien identifikazioa eta karakterizazioa” izeneko Master Amaierako Lana egin zuen. 2015ean, NUPeko Bioteknologiako Doktoretza Programan sartu zen.
Zenbait argitalpen zientifiko idatzi ditu, eta Espainiako eta nazioarteko biltzarretan hartu du parte. Egonaldi labur bat egin zuen Luiz de Quiroz Nekazaritzako Goi Eskolan (Piracicaba, Brasil), eta, Koppert enpresarekin lankidetzan, saiakuntzak egin zituen hango garrantzizko intsektu izurriekin