Irune Bayano, Iranzu Equísoain Azcona eta Hugo Montoya Nafarroako Unibertsitate Publikoko gradudunek irabazi dute, “ex aequo”, Giza Eskubideen eta Garapenerako Lankidetzaren Jaime Brunet Unibertsitateko Saria, izen bereko Fundazioak ematen duena. Saria 2.000 eurokoa da (kasu honetan, irabazleen artean banatzeko), gehi egiaztagiri bat, eta gizabanakoen eskubideen defentsa eta babesa eta garapenerako lankidetzako gaietan hobekuntza eta proposamenak ardatz dituzten Gradu eta Master Amaierako Lanak saritzea du xede.
Irune Bayano Díez Lehen Hezkuntzako Irakasletzako graduduna “Transexualitate protokoloaren azterlana. Identitate-aniztasun sexuala lantzeko proposamen didaktikoa” lanaren egilea da. Lan horretan, aniztasun sexualaren gaiari heldu dio, identitate sexualarekin loturik, eta transexualitatea aztertu du. Zehazki, transexualitate kasuen aurrean Nafarroan erabiltzen den hezkuntza protokoloa aztertu du AMIA azterketa tresnaren bidez (ahuleziak, mehatxuak, indarguneak eta aukerak). Gainera, irakasleentzako galdetegi bat prestatu eta aurkeztu du, Harrotu eta Kattalingune elkarteen aholkularitzarekin. Azkenik, irakasleei zein familiei zuzendutako gida didaktiko-pedagogiko bat diseinatu du, eskuratutako ezagutzak eta aipatutako zerbitzu publikoen aholkularitza kontuan hartuta. "Gida honek dakarren proposamena egingarria da, irakasleek aukera izan dezaten kontzeptu horiek datozen urteetako ikasgeletan zeharka ezartzeko —azaldu du egileak—; izan ere, proposamen zehatzak eta erabilerrazak dituen tresna da, Lehen Hezkuntzako etapan praktikan jartzeko".
Gidaren lehen partean, sexuazio-prozesuari lotutako informazioa eta kontzeptuak transmititzen dira, haurraren garapen sozialetik eta hizkeratik abiatuta. Horrez gain, eremu juridikoko atal bat ere sartzen da. Bigarren partean, "Transformazio Txokoa" izeneko proposamen didaktikoa planteatzen da. Zenbait gai lantzea du helburu, hala nola identitate sexualaren aniztasuna, eta modu paraleloan lantzen dira transexualitatea eta baliabide pertsonalen garapena (komunikazioa, negoziazioa, autokontzeptua eta autoestimua) ikasleen artean. Fernando Trébol Unzue Osasun Zientzien Saileko irakasleak zuzendu zuen Irune Bayano Díezen lana.
Bestalde, Iranzu Equísoain Azcona Abokatutzarako Sarbideko masterduna “El robo de bebés: análisis de la problemática a la luz del Derecho Penal” lanaren egilea da. Bertan, 1950etik 1990era bitartean "haurtxoen lapurretak" edo "haur lapurtuen kasuak" eragin zituzten jarduketen garrantzi juridiko penala aztertu du, Espainian legez kanpoko adopzio ugari eragin baitzituzten. Egileak nazioarteko araudia eta urratutako giza eskubideak aztertu ditu, eta kasu horien azterketa sakona egin du Zuzenbide Penalaren argitan. Bere ikerketan, hiru ikuspegi hartu ditu kontuan: zailtasun faktikoak, gertaeren kalifikazio juridiko penalari dagokionez dauden zailtasun juridikoak eta, azkenik, preskripzioaren instituzio juridikoa, horixe izan baitzen haur lapurtuen lehen kasu epaituan absoluzioa ekarri zuen argudioa. Leticia Jericó Ojer Zuzenbide Saileko irakasleak zuzendu zuen Iranzu Equísoainen lana.
Hugo Montoya Oyónek EAZko eta Zuzenbideko Gradu Bikoitza ikasi zuen, eta “El conflicto palestino-israelí y la cuestión del apartheid” lanarekin lortu du saria. Bere lanaren helburua israeldarren politika eta praktikak aztertzea izan zen —bai lurralde palestinar okupatuetan, bai herritartasun israeldarra duten palestinarrei dagokienez—, Nazioarteko Zuzenbidearen argitan eta erreferentziatzat hartuta, batez ere, 1973ko Apartheid Hitzarmena, 1998ko Erromako Estatutua eta Arraza-bereizkeriaren Modu Guztiak Ezabatzeari buruzko Nazioarteko Konbentzioa. Atera zuen ondorio nagusia izan zen Israelgo Estatua apartheid erregimen batean eratu zela, eta antzekotasun oso esanguratsuak daudela Apartheida bizi izan zuen Hegoafrikaren eta egungo Israelen artean. Alicia Chicharro Lázaro Zuzenbide Saileko irakasleak zuzendu zuen Hugo Montoyaren lana.
Unibertsitateko Sariaren epaimahaia
Jaime Brunet Unibertsitateko Sariaren epaimahaia NUPeko Zuzenbide Saileko katedradun hauek osatu dute: José María Rifá Soler, Antonio Gorri Goñi eta Francisco Javier Blázquez Ruiz.
2014. urtetik Jaime Brunet Fundazioak ematen du Jaime Brunet Unibertsitateko Saria. Giza Eskubideak Sustatzeko Jaime Brunet Nazioarteko Saria ere ematen du Fundazioak 1998tik, giza eskubideak defendatzen dituzten gizabanakoen eta erakundeen ibilbide aparta nabarmendu eta aupatzeko. Hala ere, Jaime Brunetek berak gisa horretako ikerketa lanak nabarmentzea nahi zuenez, sari bat antolatzea erabaki zen, urtero-urtero unibertsitateko ikasle baten lana saritzeko.
Jaime Brunet fundazioa kultur fundazio pribatua da, gizarte interesa eta izaera iraunkorra dituena, eta hauek ditu helburuak: giza duintasuna, oinarrizko askatasunak eta giza eskubideak errespeta daitezen sustatzea eta, era berean, gizatasunik gabeko egoerak edo tratu iraingarriak errotik desagerraraztea. Fundazioak helburu horietara bideraturiko jarduerak eta balio horien errespetuarekin loturiko azterketak sustatzen ditu.
Jaime Brunet Romerok (Baiona, Frantzia, 1926 - Donostia, 1992) eman dio izena Fundazioari. Brunet Zuzenbidean lizentziatu zen Valladolideko Unibertsitatean. Seme-alabarik izan ez zuenez, eta bidegabekerien aurkako sentimenduek bultzatuta, bere ondarea oinordetzan uztea erabaki zuen, bi helbururekin: batetik, hiltzean bere izena izanen zuen fundazio bat sortzeko, eta, bestetik, giza eskubideen alde egindako lanagatik aintzatespena jasotzeko merezimenduak zituztenak saritzeko. Horrela, Jaime Brunet Romero fundazioa sortu zen, egoitza Nafarroako Unibertsitate Publikoan duela, hark testamentuan adierazitako nahiari jarraikiz.