Joan eduki nagusira
zoom Cristian Crusat

Cristian Crusat, Amado Alonso Nazioarteko XVII. Ikerketa Sariaren irabazlea

Amado Alonso Nazioarteko XVII. Ikerketa Sariaren epaimahaiak aho batez erabaki du 2019ko saria Cristian Crusati ematea lan honengatik: “La huida biográfica (Nuevas formas de la biografía, nuevas representaciones del artista)”. Saria 5.000 €-koa da, eta ikerketa-lana argitaratu egingo dute Valentziako Pre-textos argitaletxean. 

Amado Alonso Fundazioak egiten du urtero deialdi hau literatura-kritikako lan bat saritzeko, edozein idazle, idazlan, literatura-aldizkari edo literatura unibertsaleko edozein alderdi formali buruzkoa. Nafarroako Gobernua, Nafarroako Unibertsitate Publikoa (NUP) eta Leringo Udala fundazio horretako kide dira. 

Epaimahaiak azpimarratu duenez, “Zenbait idazleren ahalegin biografikoak bikain eta sakon arakatzen ditu (W. G. Sebald, Pascal Quignard, Pierre Michon, Antonio Tabucchi, Max Aub, Ricardo Menéndez Salmón, Stefan Hertmans eta J. G. Ballard)”. Epaimahaiaren iritziz, “Idaztearren edo, hobeki esan, biografiak irudikatzearren” nobelagile guztiek egindako ahalegina “baliatu du ikertzaileak biografiaren nozioa bera buruargitasun handiz problematizatzeko, generoa egiazkoa edo fikziozkoa den gogoeta egiteko, eta besteren bizitzak kontatzen edo imajinatzen saiatzean zein zailtasun dituzten arakatzeko”. 

Horretaz gainera, epaimahaiak azpimarratu du “ikerketaren egileak biografia ‘egiazkoak’ edo ‘alegiazkoak’ arretaz eta xehetasunez irakurtzen dituenean, gelditu edo desbideratu egiten dela tarteka digresio bikainak egitearren ikertutako idazleen izaera malenkoniatsuari buruz, garaiko artearen eta politikaren oinarrizko alderdiei buruz, eta Europako historiaren azken mendeetako bi gerra handien eraginari buruz”. 

Epaimahaia hauek osatu dute: María Isabel López Martínez (Literaturaren Teorian katedraduna), mahaiburua; José Luis Martín Nogales (literatura-kritikaria), Manuel Borrás Arana (editorea), Emilio Echavarren Urtasun (Literatura-irakaslea) eta Tomás Yerro Villanueva (Literatura-irakaslea) epaimahaikideak; eta Ricardo Pita Macaya (editorea), idazkaria. 

Saridunaren curriculum laburra 

Cristian Crusatek (1983) honako lan hauek argitaratu ditu: “W. G. Sebald en el corazón de Europa” saiakera (Wunderkammer, 2020), “Europa Automatiek” nobela (Sigilo, 2019), “Sujeto elíptico” mugako artefaktua (Pre-Textos, 2019), “Vidas de vidas” monografia (Páginas de Espuma, 2015); eta zenbait ipuin liburu, “Solitario empeño” (Pre-Textos, 2015), “Breve teoría del viaje y el desierto” (Pre-Textos, 2011), “Tranquilos en tiempo de guerra” (Pre-Textos, 2010) eta “Estatuas” (Pre-Textos, 2006). 

Zenbait sari ere irabazi ditu, hala nola Narratibako Tigre Juan Saria 2019an, Leonardo Beka 2017an, Saiakerako Málaga Saria 2014an eta European Union Prize for Literature 2013an. Cristian Crusaten lanen antologia bat ere bada, “Cuento español actual. 1992-2012” izenekoa (Cátedra, 2014), hainbat hizkuntzara itzulia (ingelesera, frantsesera, italierara, nederlanderara, bulgarierara, mazedonierara, turkierara, txekierara, albanierara, hebreerara eta kroazierara). Marcel Schwob-en artikuluak eta saiakerak itzuli, editatu eta haien hitzaurreak egin ditu “El deseo de lo único. Teoría de la ficción” lanean (Páginas de Espuma, 2012). Gainera, dosier monografikoak koordinatzen ditu, eta artikuluak, kritikak eta itzulpenak argitaratzen aldizkari hauetan: “Hispania” (AEB), “Hispanic Research Journal” (Erresuma Batua), “Revista de Occidente”, “Cuadernos Hispanoamericanos”, “Das Magazin” eta “Punto de partida”. 

Literatura Konparatuko doktorea da Amsterdamgo Unibertsitatean, eta zenbait unibertsitatetan aritu da irakasle eta ikertzaile Espainian, Frantzian, Herbehereetan, Marokon eta Amerikako Estatu Batuetan. 

Amado Alonso Fundazioa 

Amado Alonso Fundazioa 2001ean sortu zen, Amadeo Alonsoren bizitza ezagutzera emateko, bai eta Nafarroako, Espainiako eta beste herrialde batzuetako arlo akademikoan eta sozialean hark izandako testuinguru historikoa ezagutarazteko ere. Amado Alonso nafar literatura-kritikaria Hizkuntzako eta Literaturako irakasle aritu zen Harvardeko Unibertsitatean (Estatu Batuak). Beste helburu batzuk ere baditu fundazioak: Espainiar Filologiaren, Espainieraren Didaktikaren eta Literatura-teoriaren eta -kritikaren esparruan Amadeo Alonsok egindako ekarpen zientifikoen gaurkotasuna aldarrikatzea; Amado Alonsoren eta haren lankide eta ikasleen lan ildoak eta espiritua ikertzeko eta zabaltzeko jarduerak bultzatzea; eta idazleari buruzko dokumentazioa biltzea sustatzea. 

Sariketa 2002an hasi zenetik, hauek izan dira orain arteko irabazleak: Mª. Isabel López Martínez (2002), Gloria Estela González-Zenteno (2003), Ángel Pérez Martínez (2004), Miguel Zugasti Zugasti (2005), Josep María Rodríguez Cabrera (2006), Alberto Santamaría Fernández (2007), Magda Beatriz Lahoz de Klins (2009), Alejandro Bekes (2010), Mario Martín Gijón (2011), Toni Montesinos Gilbert (2012), Gabriel Insausti Herrero-Velarde (2014), Walter Cassara (2015), Álex Matas (2016), Miriam Moreno (2017) eta Marco Perilli (2018).