Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoko Antzerki Taldea Galiziako Unibertsitate Antzerkiaren Nazioarteko Topaketara (MITEU) gonbidatu dute, eta “Summer evening” antzezlana estreinatuko du uztailaren 5ean, 21:00etan, Ourenseko Antzoki Nagusian, Óscar Orzaiz Serranoren zuzendaritzapean. COVID-19a dela eta, apirilean egiten den nazioarteko topaketa hau atzeratu egin zen, eta, azkenik, uztailaren lehen hamabostaldian egingo da.

Óscar Orzaizek zuzendutako antzerki-taldeak berriro ekin die “Summer evening” antzezlanaren entseguei. Antzezlana apirilean zen estreinatzekoa. Orain, Galiziako Unibertsitate Antzerkiaren Nazioarteko Topaketaren ospakizuna berretsitakoan, egoera berrira egokitzeko aldaketak eta egokitzapenak egiten ari da unibertsitateko antzerki-taldea. “Summer Evening” Javier Vicedo Alósek 2014. urtean idatzitako lana da, eta Calderón de la Barca Antzerkiko Sari Nazionala jaso zuen.

zoom Antzerki taldeko kideak

Antzerki taldeko kideak argazkia ateratzeko jarrita antzezlanaren entseguetako batean

Honako hauek daude “Summer evening” antzezlaneko aktoreen artean: Thania Andrés Iricibar, Gizarte Laneko Graduko ikaslea; Estíbaliz Balda Afonso (Gradua Lehen Hezkuntzako Irakasletzan), Adriana Ferreira Batista (Gradua Ekonomian), Laura Giménez Casado (Gradua Bioteknologian), Adrián González Iglesias (Gradua Telekomunikazioaren Teknologien Ingeniaritzan), Iñaki Hulsman Bordonaba (Gradua Ingeniaritza Informatikoan), Beatriz Lana Ugalde (Gradua Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoan), Daniel Latorre Barriuso (Masterra Bigarren Hezkuntzan), Nahia Munarriz Razquin (Gradua Zuzenbidean) eta Paula Puyol Ramos (Gradua Lehen Hezkuntzako Irakasletzan). Irantzu del Valle da koreografiaren arduraduna eta Fran Marcén Goñi eta Koldo León Casamayor dira teknikariak.

NUPeko Antzerki Taldea unibertsitateko ikasleei zuzenduta dago, eta helburu hauek ditu, besteak beste: antzerki-kultura ona eta sormen artistikoa garatzeko teknika egokiak eskaintzea; adin guztietako aktore eta publikoak prestatzea, unibertsitateko kultura-bizitza dinamizatzea eta egindako lana NUPen kultura aktiboa erakusteko bide gisa irudikatzea.

Honako hauek dira NUPeko Antzerki Taldeak antzeztu dituen azken antzezlanak: “La Doble Historia del Doctor Valmy”, Antonio Buero Vallejorena (2016-2017); “Superhéroes de Barrio”, Jordi Gomarrena (2017-2018); eta “Algún Amor que no mate”, Dulce Chacónena (2018-2019).

Sinopsia

Summer Evening antzezlanak Edward Hopper-en izen bereko margolana hartzen du abiapuntutzat, zeinean bikote gazte bat solasean ari baita estalpean, ilunabarrean. Mihise batean irudikatutako eszena soil bat da itxuraz; alabaina, ikusten dutenen irudimenean sortzen hasten den margolan bat da, patuaren ideiaren aurkako antzezlan baten oinarriak ezartzen dituena.

Istorioak berak sortzen ditu pertsonaiak ala pertsonaiek sortzen dute istorioa? Halabeharra ote? Edo zoria? Egilea agian? Edo baliteke ikusleak berak sortzea? Bi pertsonaia eta estalpe bat; istorio baten hasiera, gerta daitezkeen milaka istorioen artetik. Gauza bera gertatzen da udako arrats batean erortzen diren elur-maluten kasuan: denak dira antzekoak, baina ez dago berdinik. Horretan datza artelanaren edertasuna; izan ere, zirriborroa egin zuen unetik aurrera, Hopperrek ez du axola, istorioak berez hazten direlako.

MITEU

Aurten 25 urte beteko ditu Unibertsitateko Antzerkiaren Nazioarteko Topaketak. Vigoko Unibertsitateak sustatu du ekitaldi hori, erakunde publikoen laguntzarekin, eta Ourenseko Sarabela antzerki taldeak antolatu du.

Topaketak Galiziako taldeen eta Iberiar Penintsulako nahiz Penintsulatik kanpoko taldeen arteko arte eta giza trukea sustatu nahi du. Emanaldien ondoren antzezlanari, entseguen prozesuei eta unibertsitateko taldeen gestio diferenteei buruzko solasaldia egiten da.