Laboral Kutxa entitateak jakintzaren dibulgazioan aritzen den Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) katedra finantzatuko du. “Laboral Kutxa Jakintzaren eta Kultura Zientifikoaren Dibulgazioa” izango da katedraren izen berria. Gaur asteazkena, ekainak 24, hitzarmen bat sinatu da bi erakundeen artean, eta Ramón Gonzalo García Unibertsitateko errektoreak eta Laboral Kutxako lurralde zuzendariak sinatu dute. Joaquín Sevilla Moróder NUPeko Jakintzaren Zabalkunderako arduraduna izango da Katedraren zuzendaria.
Erabakiaren testuan esaten denez, honako helburu hauek ditu Katedrak: Nafarroako Unibertsitate Publikoaren eta Laboral Kutxaren arteko lankidetza garatzea, jakintza berriaren sorrera bultzatuz eta bien interesekoak diren alderdien zabalkundea sustatuz; zabalkunderako jarduerak egitea bi erakundeen artean, bai NUPek, bai Laboral Kutxak gizarteari eta inguruneari egiten dioten ekarpena nabarmentzeko; eta, horretaz gainera, Nafarroako Unibertsitate Publikoak egiten dituen kultura, kirol eta gizarte jarduerak babestea.
Katedraren esparruan sortzen diren ekintzak azaldutako helburuen araberakoak izango dira, eta formatu diferenteko komunikazio eta prestakuntza jarduerak diseinatuko dituzte, bai eta sariak eta bekak eman ere.
Laboral Kutxak hemendik aurrera finantzatuko duen Katedra 2018an jaio zen Unibertsitatean, kultura zientifikoaren esparruan unibertsitate zabalpenari erantzuteko tresna gisa eta Unibertsitatean egiten den ikerketa ezagutarazteko.
Jarraipenerako bitariko batzordea
Hitzarmenaren arabera jarraipenerako bitariko batzorde bat eratuko da alde bakoitzeko bi ordezkarik osatua, eta lehen bileran batzordeburua eta idazkaria aukeratuko dira. Idazkariak bileren akta egingo du. Gutxienez urtean behin bilduko da batzordea. Honako eginkizun hauek izango ditu batzordeak: katedraren jardueren berri ematea, jardueren urteko programa betearaztea eta oroitidazkiak onestea, besteak beste.