Nafarroako Unibertsitate Publikoak 2.576.332 euro erakarri ditu 22 ikerketa-proiektu egiteko, I+G+b proiektuetarako laguntzen Estatuko Planak emandako laguntzei esker (ikerketa, garapena eta berrikuntza). Horrek esan nahi du % 44,8 igo dela Unibertsitateak aurreko urtean lortutako finantziazioaren aldean (1.778.579 €), eta % 57 handitu dela finantzatutako proiektuen kopurua aurreko deialdiaren aldean (14 izan ziren).
Nafarroako portzentajeari dagokionez, NUPek Nafarroan finantzatu diren ikerketa-erakunde guztien proiektuen % 53,3 lortu ditu, eta FPI laguntzen % 60 (ikertzaileak prestatzeko doktoratu aurreko kontratuak).
Laguntza horiek lehiaketaren bidezko deialdietan ematen dira, eta Estatuko Planeko bi programatan kokatzen dira: “I+G+b sistemaren ezagutza sortzea eta zientzia eta teknologia sendotzea” eta “I+G+b, gizartearen erronkei begira”.
Zehazki —orain dela gutxi argitaratutako deialdiaren ebazpenetik ondoriozta daitekeenez—, NUPek 5 proiektutarako finantziazioa lortu du, jakintza sortzeari buruzkoak eta arlo hauei buruzkoak: Konputazioaren Zientzia eta Adimen Artifiziala, Kimika Organikoa, Finantza Ekonomia eta Kontabilitatea, Merkaturatzea eta Merkatuen Ikerketa eta Historia eta Erakunde Ekonomikoak.
Halaber, gizartearen erronka-programari lotutako beste 17 proiektutarako finantziazioa jasoko du. Proiektu horiek arlo hauetan kokatzen dira: Merkaturatzea eta Merkatuen Ikerketa, Estatistika eta Ikerketa Operatiboa, Adierazpen Grafikoa Ingeniaritzan, Landare Fisiologia, Nekazaritza eta Baso Ingeniaritza, Ingeniaritza Elektrikoa, Ingeniaritza Telematikoa, Landare Fisiologia, Soziologia, Teknologia Elektronikoa eta Seinalearen Teoria eta Komunikazioak.
Gutxienez ere 3 urteko iraupena dute 22 proiektuek.
Estatuko Plana
Estatuko Plana da Estatuko Administrazio Orokorraren tresna nagusia, Zientzia eta Teknologiaren Espainiako Estrategia eta Berrikuntza Estrategia (2013-2020) eta Europa 2020 Estrategiaren helburuak garatzeko eta lortzeko. I+G+B-rako estatu-laguntzak ere jasotzen ditu, eta, lehentasunez, lehiaketa araubideko deialdien bidez ematen dira.
Estatuko Plana estatuko lau programek osatzen dute: talentua eta haren enplegagarritasuna sustatzea, ezagutza sortzea eta sistema indartzea, I+G+b arloko enpresa-lidergoa eta gizartearen erronkei zuzendutako I+G+b.