Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoak ireki du dagoeneko “LaborAble: enplegurako gaitasunen garapena” unibertsitate zabalpeneko diploman izena emateko epea. Doako ikastaroa da, ONCE Fundazioaren eta Europako Gizarte Funtsaren finantzaketari esker, eta gutxienez % 33ko adimen urritasuna duten 18 eta 30 urte bitarteko gazteei dago zuzendua. Orain arte egindako bi edizioetan 30 ikaslek hartu dute parte, eta horien % 70 lanean hasi dira enpresetan.

Ikasle horiek sektore hauetan ari dira lanean: administrazioa, marketina, garbiketa, hirugarren adinekoentzako arreta eta posta banaketa. Nabarmentzekoa da pertsona horietako bi enpresa arruntetan ari direla lanean, laguntza bidezko enpleguaren modalitatean: bata SUMELEC NAVARRA S.L. enpresan, eta bestea Nafarroako Kutxa Fundazioan. Bi erakunde horiek desgaitasunen bat duten pertsonak laneratzeko apustu sendoa egin dute. Halaber, bi ikaslek funtzionario lanpostuak lortu zituzten oposizioak gainditu ondoren (horietako batek Nafarroako Gobernuan eta besteak Estatuko Administrazioan, Nafarroan).

zoom LeyreMusitu

Leyre Musitu, LaborAbleko ikasle ohia, SUMELEC NAVARRA, S.L enpresan lanean

Enplegurako Gaitasunen Garapeneko Unibertsitate Zabalpeneko Diploma urritik ekainera bitartean egiten da, astelehenetik ostiralera, egunean hiru orduz. Guztira, 261 eskola-ordu eta 100 praktika-ordu egiten dira enpresetan edo erakundeetan.
Irakasgaiei dagokienez, hiru modulutan banatzen dira: Gaitasun Sozialak, Komunikaziokoak, Emozionalak eta Entrenamendu Kognitiboa; Lanerako Gaitasunak; eta Kudeaketako, Zerbitzu Komunetako eta Administrazio Lanetako Laguntzaileentzako Prestakuntza Espezializatua.

Prestakuntza duala eta laguntza

Edizio honetako berritasun gisa, Pablo Sotés Ruiz Osasun Zientzien Saileko irakasle eta ikastaroko zuzendari akademikoak azpimarratu duenez, bisita praktikoak eta prestakuntzakoak egingo dira enpresetara (esperientzia pilotu duala), eta lanerako prestatzaile bat izango da, “ikasleari kanpoko praktikak egiten eta laneratzen lagunduko dion pertsona bat”.

Diploma hau egiteak aukera ematen die adimeneko eta garapeneko desgaitasunen bat duten gazteei prestakuntza jardueretan parte hartzeko NUPek eskaintzen dituen graduetako ikasleekin batera. Ikasleek, gainera, antzeko programak egiten dituzten eta “Unidibertsitate” izenarekin taldekatu diren beste unibertsitate batzuk bisitatuko dituzte. 

Azkenik, egoerak hala eskatzen badu, prestakuntza “online” modalitatera egokitu da, irakaskuntza ez-presentziala egin ahal izateko.