Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP), Espainiako eta Frantziako beste zazpi erakunderekin batera, osasun- eta gizarte-arloko esku-hartzearen eragileen mugaz gaindiko sare bat ezartzeko proiektu batean parte hartzen du. Horretarako, lankidetzan oinarritutako lan-plataforma bat eta mugaz haraindiko onlineko prestakuntza sortu ditu.
“Mugaz gaindiko Osasun eta Gizarte Sarea” (RETSASO) proiektuaren aurrekontu osoa 997.638 eurokoa da, eta Eskualde Garapeneko Europako Funtsak (EGEF) % 65 finantzatuko du Interreg V-A Espainia-Frantzia-Andorra (POCTEFA) delakoaren bidez. POCTEFAren helburua Espainiaren, Frantziaren eta Andorraren mugaldeko eskualdeen integrazio ekonomiko eta soziala indartzea da. Zehazki, jarduera ekonomiko, sozial eta ingurumenekoak garatzen dira mugaz gaindiko lurraldearen garapen jasangarriaren aldeko estrategia bateratuen bidez.
Proiektua apirilean jarri zen martxan, eta 2022ko maiatzera arte iraungo du. Perpignán Via Domitia unibertsitatea da proiektuaren liderra (Frantzia). NUPez gain, Gironako Unibertsitateak, Lleidako Unibertsitateak eta Zaragozako Unibertsitateak ere hartzen dute parte, eta Frantziako erakunde hauek: FAIRE Economie Sociale et Solidaire, Centre Régional de Formation aux Métiers du Social-ERASME eta Etcharry Formation Développement. NUPeko ikertzaile nagusia Jose María Uribe Oyarbide da, NUPeko Gizarte Laneko eta Soziologiako Saileko irakaslea eta I-COMMUNITAS Institutuko ikertzailea.
Proiektuaren erronkak eta mugako lekuen ezaugarriak
Proiektuaren erronka da Pirinioen mugaldeko eremuan kulturartekotasuna garatzea osasun- eta gizarte-arloko esku-hartzean, jardunbide onak zabaltzeko, esku hartzeko ereduei buruzko gogoeta-ikuspegia lortzeko, pertsonen akonpainamenduan aurrera egiteko eta lankidetzan aritzeko. Proiektuaren formulazioan azaltzen den bezala, “mugek zailtasunak sor ditzakete pertsonei laguntzeko (muga-efektuak planteamendu, araudi edo laguntza mota desberdinengatik), baina elkar aberasteko iturri ere izan daitezke. Mugaz gaindiko lekuetan sarean lan egitea mugaren zeharkatze birtuosoak egiteko eta nazioz gaindiko ikuspegi eta jardunbideak sortzeko modu bat da”.
Hauek dira lortu nahi diren emaitza nagusiak: mugaz gaindiko plataforma bati atxikitako osasun- eta gizarte-arloko ehun bat eragileren sarea sortzea, atxikitako zentroen prestakuntzako mugaz gaindiko eskaintza egitea eta lankidetzazko informazio eta lantresnak martxan jartzea (kartografia interaktiboa, webinarrak) prestakuntzari, ikerketari (diagnostiko aurreratuak) eta lanbidearteko trukeei buruz. Bestalde, sare horretan parte hartzeko araudi etikoa eta kalitate politika idatziko dira, eta zigilu bat emango zaie sareari atxikita daudenei.