Joan eduki nagusira

Mikel Sesma Sara, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Konputazio Zientziako eta Ingeniaritza Artifizialeko irakasle laguntzaile doktorea, Espainiako Elkarte Zientifiko Informatikoa (SCIE) – BBVA Fundazioaren 2020ko Ikerketa Sarietan saritu dute, Ikertzaile Gazte Informatikoen modalitatean, zeinak doktoretza-lan berritzaile eta garrantzitsuak saritzen baititu.

Zehazki, epaimahaiak aintzatetsi egin du Mikel Sesma, “agregazio-funtzioen teorian egindako ekarpenengatik, zeinak funtsezko tresnak baitira informazioa bat egiteko, eta aplikazio praktiko garrantzitsuak baitituzte ertzak detektatzeko, konputagailu bidezko ikusmenaren arloan, eta automatikoki sailkatzeko arau-sistemen arloan”.

zoom Mikel Sesma

Mikel Sesma, NUPeko campusean

Ikertzaile gazteen modalitatearen bidez, diziplina zientifiko-tekniko horretan belaunaldi-erreleboa egiten eta hura aztertzen, indartzen eta hedatzen laguntzen duten ikertzaileak ezagutu nahi dira. Ikertzaile horien sormena, originaltasuna eta bikaintasuna saritzen ditu lanbidearen lehen urteetan, eta ikerketa-lanarekin jarraitzeko pizgarri izan nahi du.

Mikel Sesmak adierazi duenez, “sari hau urte hauetan guztietan egindako lanaren aintzatespena da, eta pizgarri handia da ikertzaile-karrerarekin jarraitzeko”. Gainera, nabarmendu nahi izan du saria talde-lanaren emaitza dela, eta tesi-zuzendariekin eta GIARA ikerketa-taldeko kide guztiekin partekatzen duela.

Sari-banaketako ekitaldia, azaroan egin ohi dena, datarik gabe geratu da, covid-19 dela-eta osasun-egoerak nolako bilakaera duen ikusteko.

Ezagutzari egindako ekarpena

Mikel Sesma Sara matematikaria da, eta 2019an lortu zuen doktoretza NUPen. Bere doktoretza-tesian eredu teoriko bat garatu du zenbait iturritatik datorren informazioa fusionatzeko, eta adimen artifizialean eta datuen zientzian erabiltzeko. Eredu berriaren abantailak sailkapen eredu prediktiboetan eta irudiak prozesatzeko arazoetan aplikatu dira; adibidez, objektuen ingeradaren detekzio automatikoan.

"Informazioaren eta 'big data' edo datu masiboen aroan, gero eta beharrezkoagoak dira informazioa fusionatzeko teknikak —esan zuen doktore berriak—. Izan ere, informazio sistema askok konbinatzen dituzte zenbait iturritatik datozen datuak; esaterako, sentsore sareetatik, erabakiak hartzeko problemetatik eta indize ekonomietatik datozenak".

Doktoretza-tesiaren zuzendariak Humberto Bustince Sola eta Radko Mesiar izan dira; lehenbizikoa NUPeko katedraduna, ISC Smart Cities Institutuko ikertzailea eta Nottinghameko Unibertsitateko ohorezko irakaslea (Erresuma Batua); bigarrena, berriz, Eslovakiako Teknologia Unibertsitateko irakaslea (Bratislava, Eslovakia).

NUPen doktoretza egin baino lehen, Mikel Sesmak Matematikako Lizentzia ikasi zuen Zaragozako Unibertsitatean, eta, horren ondotik, Modelizazio eta Ikerketa Matematikoko, Estatistikako eta Konputazioko Unibertsitate Masterra. Doktoretza-tesia egiten ari zela, ikerketa-egonaldi bat egin zuen Eslovakiako Teknologia Unibertsitatean.

Bere ikerketaren emaitzak eragin handiko zientzia-aldizkarietako hamabi artikulutan argitaratu ditu, eta nazioarteko biltzarretako hamalau lanetan aurkeztu.

Gaur egun, ikertzaile laguntzaile doktore ari da NUPeko Estatistika, Informatika eta Matematika Sailean.

Bi sari modalitate

Espainiako Elkarte Zientifiko Informatikoa (SCIE)  – BBVA Fundazioa sarien laugarren edizioa da aurtengoa. Zehazki, bi sari mota banatuko dira, urtean behin eta estatu-mailan: lehen aipatutako Ikertzaile Gazte Informatikoen modalitatea, gehienez ere sei pertsona saritzen dituena (diploma bat eta 5.000 euro dirutan); eta Informatikako Sari Nazionalen modalitatea. Azken horren helburua da informatikaren arloan beren karrera profesionala eta ahalegina diziplina hori aztertu, indartu eta zabaltzeko egin duten lana aitortzea, eta lau sari-kategoria ditu.