Sergio García Magariño Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikertzaile (NUP) eta Ikerketa Sozial Aurreraturako Institutuko kidea (I-COMMUNITAS) da Sindiéresis argitaletxeak editatutako “Radicalización violenta: vías para la acción preventiva” liburuaren editore eta koordinatzaile, Dunia Donaires León giza eskubideetan eta lankidetzan espezializatutako abokatuarekin batera. Lan kolektibo honetan nazioarteko hamar adituk hartu dute parte erradikalizazio yihadistaren hainbat alderdi aztertzeko.
Sindiéresis argitaletxeak gobernantza eta erradikalizazioa aztertzeko sortu duen bilduma bateko lehen liburua da. NUPeko ikertzaileak eta Ricardo García García Madrilgo Unibertsitate Autonomoko Eliza Zuzenbideko irakasleak koordinatzen dute bilduma. Bigarren zenbakia urtearen amaieran aterako da
Lanaren egileek azaltzen dutenez, azken urteotan Mendebaldeko gizarteetan ugaritu egin dira indarkeriazko erradikalizazioarekin eta fundamentalismoarekin lotutako zenbait fenomeno, desberdinak baina elkarrekin lotuak. “Fenomeno horiek ulertzeko azterketek, alde batetik, dimentsio erlijiosoa baztertu ohi dute beste kausa garrantzitsu batzuei erreparatzeko, hala nola marjinaltasuna, identitatea, integrazio-arazoak edo segurtasun- eta defentsa-mekanismoen gabeziak, edo, beste batzuetan, bakar-bakarrik erlijiosoari erreparatzen diote erradikalizazio-prozesua bultzatzen duen osagai bakarra balitz bezala”, lanaren hitzaurrean adierazten denez. Hori dela eta, “liburua osatzen duen saiakera-bilduma bi ikuspegi horiek beren konplexutasun osoan lotzen saiatzen da, eta premisa bat esplizitu egiten du: erlijioa eta haren logikak dira fenomeno horiek ulertzeko eta prebentzio-, azterketa- eta gainditze-mekanismo eraginkorrak sortzeko giltzarrietako batzuk; hala ere, kontuan hartu behar dira beste faktore sozial, ekonomiko, politiko eta identitario batzuk”, zehazten du sarrerako testuak.
Fenomenoaren karakterizazioa eta faktoreen azterketa
Lanaren egiturari dagokionez, lehenengo bi artikuluetan, Leila Sant Massarrat Espainiako Bahá’í komunitateko Afera Publikoen Bulegoko kideak eta Juan José Tamayo teologoak erradikalizazioa kontzeptualizatu eta fundamentalismora daramaten arrazoiak aztertzen dituzte, hurrenez hurren.
Karakterizazio horren ondoren, hainbat saiakera agertzen dira, bai faktoreak bai erradikalizazioaren testuinguru zabalagoa aztertzeko: hala, Ricardo García Garcíak (Justizia Ministerioko Konfesioekiko Harremanetarako zuzendari nagusi ohia eta unibertsitateko irakaslea) “foreign fighters” direlakoen kasua aztertzen du (atzerriko borrokalariak). Bestalde, Federico Aznar Fernández-Montesinos fragatako kapitainak narratiben eta kontranarratiben rola aztertuko du. Eta, bestalde, Rafael Fraguas de Pablo El País egunkariaren sortzaileetako batek egungo errealitate geopolitikoaren testuinguru zabalagoan kokatzen du erradikalizazioa.
Azken lau artikuluak indarkeriazko erradikalizazioaren prebentzioari buruzkoak dira: Xavier Alarcón Galindo eta Óscar Prieto-Flores Gironako Unibertsitateko irakasleek deserradikalizazioa eta horretarako hasi berri diren mentoretza-programa batzuk dituzte aztergai; bestalde, Marcín Czubala Ostapuik, CEDEU/URJCko zuzendari akademikoak, EBko maila anitzeko gobernantza ekonomikoaren mekanismoak deskribatzen ditu prebentzio-tresna gisa; Terrorismoaren eta Krimen Antolatuaren aurkako Inteligentzia Zentroko (CITCO) Víctor Valentín Cotobalek erradikalizazioa prebenitzeko plan nazionala azaldu du. Azkenik, Nobel Perdú Honeyman Almeriako Unibertsitateko irakasleak, aurreiritziak gainditzeko eta komunitate kohesionatuak eraikitzeko bahá’í komunitatea egiten ari den ahaleginen kasua hartuz, erradikalizazioa saihesteko printzipio eta programa multzo bat proposatzen du.