Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Zientzia Juridikoen Fakultateko berrogeita hamar ikasle ari dira parte hartzen LyDer Programan (Literatura eta Zuzenbidea), eta konfinamendua dela-eta “online” formatuan jarraitu dute. 2010ean hasi zirenetik, 70 ikasle graduatu dira programa honetan. “Zuzenbideaz bakarrik dakienak zuzenbideaz ere daki” lelopean, irakurketa-plan bat dago, graduaren lau ikasmailetan banatuta, eta gero mintegietan eztabaidatzen dira. Helburua ikasleen hezkuntza integralean laguntzea da, prestakuntza humanistiko eta balioetan oinarrituta. 

zoom Humberto Bustince

Programaren mintegitako baten prestaketa-lanen irudia, Zientzia Juridikoen Fakultateko dekanoaren lantokian

LyDer programa “gozaraziz irakasteko” asmoz jarri zen abian José F. Alenza Garcíaren hitzetan (Zientzia Juridikoen Fakultateko dekanoa eta programaren arduraduna). Dekanoaren arabera jrduera honek "helburu bat baino gehiago du, baina denak elkarren osagarri dira; laburbilduz, prestakuntza jaso baterako bidea ematea, ikasleari gaitasuna eman diezaion errealitatea kritikoki interpretatzeko eta gizartearen bilakaerara egokitzeko”.  

Hala, irakurgai plan bat prestatu zen ("zeren programa honen helburua ez baita literatura ikastea, liburuak irakurtzea baizik", dekanoaren arabera), eta gero irakurgai horiek mintegietan eztabaidatzen dituzte. Mintegiak graduko irakaskuntzen erritmoaren arabera antolatzen dira: mintegi bat egiten da seihileko bakoitzaren amaieran, eta beste bat ikasturte hasieran, udan irakurri diren irakurgaiekin. Horretaz gainera, ohiz kanpoko mintegiak antolatzen dira. 

Bideokonferentziaren bidezko mintegiak 

Orain arte, bideokonferentziaren bidezko hiru mintegi egin dira, zortzigarren, bederatzigarren eta hamargarren promozioei dagozkienak (zazpigarren promozioko ikasleek duela gutxi amaitu dute programa).  Distopíak eta totalitarismoak, naturalismoa, eta Miguel de Cervantesen lana aztertu zituzten hurrenez hurren. Azken mintegi hori apirilaren 23an egin zen, “Kixote”ren aitaren heriotzaren urteurrenean, eta bertan familia zuzenbidea, zuzenbide penala eta “gobernu ona” aztertu ziren. 

Irakurgaien plan osoak nahitaezko hogeita hamar bat lan dauzka (aukerako beste lan batzuez gainera): Cervantes, Shakespeare eta Espainiako Urrezko Mendekoak (Calderón de la Barca, Lope de Vega), XIX. mendekoak (Poe, Sthendal, Stevenson, Dostoievsky, Dickens, Balzac, Galdós, Benavente), XX. mendekoak (Camus, Kafka, Golding, Orwell) edota idazle garaikideak (García Márquez, Vargas Llosa, Eduardo Mendoza, Javier Marías, Lorenzo Silva, Juan Manuel de Prada…). Promozio diferenteen graduazioetan itzal handiko idazleek hartzen dute parte.