Irene Lapuerta Méndez Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Soziologiako eta Gizarte Lan Saileko irakaslea eta Genero Espezializazioko Diplomaren koordinatzailea ikerketa batean ari da parte hartzen María José González Lópezekin (Pompeu Fabra Unibertsitatea) eta María Domínguez Folguerasekin batera (SciencesPo Aldaketaren Behatoki Soziologikoa) COVID-19aren pandemiak familietan eta haurtzaroan izaten ari den ondorioak ezagutzeko. Azterketa egiteko erabiliko diren datuak biltzeko, Espainian bizi den eta bikotekidearekin bizi den eta/edo ardurapean seme-alabak dituen adin nagusiko edozein pertsonak “online” eskuragarri dagoen galdetegi bat bete dezake maiatzaren 25era arte.
Zehazki, azterketa horren bidez jakin nahi da Espainiako familiak nola ari diren bateratzen lanaren eta familiaren betebeharrak konfinamendu-aldian, eta nola eragiten dien familia-harremanei. Horretarako, ikerketak genero-ikuspegia hartzen du, eta arreta jartzen du etxeko lanen eta zainketen banaketan eta horrek bikoteko kideen artean sor ditzakeen desadostasunetan. Aldi berean, familia mota desberdinentzat konfinamenduan bi esparruen (familiakoa eta lanekoa) arteko oreka lortzeko zailtasun handienak zein faktorek sor ditzaketen argitzen saiatzen da azterketa.
“Azterketa honen emaitzek gizarte-politiken diseinua hobetzen lagunduko dute. Politika horiek familien kontziliazio-beharrei erantzuten lagunduko dute, eta haurren eta familia-unitateko kide guztien onerako izango dira”, adierazi dute egileek.
Adierazle multzoa
Helburu horiek lortzeko, inkesta bat diseinatu da. Adierazle multzo baten bidez parte-hartzaileen ezaugarri soziodemografikoak berregingo dira: lan-egoera eta bikotekideena (halakorik badute) konfinamendua baino lehen eta konfinamenduan, etxeko lanen eta zainketen banaketan izandako aldaketak, eta konfinamendu-egoera zein testuingurutan gertatu den.
Galdetegiaren diseinuak Pompeu Fabra Unibertsitateko Etika Batzordearen bermea du, eta “horrek bermatzen du galdetegia estandar etikoetara zehatz-mehatz egokitzea, bai eta parte-hartzaileen datuak babesteko eskubideak ere”, adierazi dute ikertzaileek.