Afrikako amen eta haurren heriotza-tasa % 2,8 jaitsi da urtean 1990etik 2016 arte, Luc Ounambele Fribourg-Suisse Unibertsitatean bioetikako doktoreak Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) berriki defendatu duen doktoretza-tesiaren arabera. Konfinamendu-egoera aparta dela-eta NUPen osorik “on line” defendatutako lehen tesia da. NADOEk (Nafarroako Doktoretza Eskola) eta Ikerketako Errektoreordetzak tesien “on line” defentsari buruzko protokolo bat ezarri dute.
Ikerketaren izenburua “Tendances internationales de la mortalité maternelle et infantile en Afrique de 1990-2016” da, espainieraz eta frantsesez egina, eta Francisco Guillén Grima katedradunak eta Inés Aguinaga Ontoso eta Leticia San Martín Rodríguez irakasleek zuzendu dute (bai katedraduna, bai irakasleak Unibertsitateko Osasun Zientzien Sailekoak dira). Tesiak bikain “cum laude” kalifikazioa lortu zuen, nazioarteko aipamenarekin. Tesiak haurdun dauden eta erditu berri diren emakumeen heriotza-tasa aztertzen du, baita urtebetetik beherako haurrena ere, Afrikan.
Konfinamendu-egoera honetan doktoretza-tesiak defendatzeari buruzko araudiari dagokionez, gogoratu behar da NUPeko administrazio-epeen kontaketa bertan behera geratu dela, oraingoz, alarma-egoeragatik, baina “online” defentsa onartzen da behar bezala justifikatutako eta baimendutako kasuetan.
Emaitza zehaztuak eta metodologia
Tesian ageri denez, 1990etik 2015era bitartean, Ekialdeko Afrikan izan da amen heriotza-tasa murrizteko urteko ehunekorik onena (% 3,4); ondoren, Mendebaldeko Afrikan (% 3), Ipar Afrikan (% 2,1), Erdialdeko Afrikan (% 1,6) eta, azkenik, Afrika Australean (% 0,2). Bestalde, 1990etik 2016ra bitartean, haurren heriotza-tasa murrizteko urteko ehunekorik onena Ekialdeko Afrikan erregistratu da (% 3,5), ondoren Ipar Afrikan (% 2,9), Erdialdeko Afrikan (% 2,3), Mendebaldeko Afrikan (% 2,2) eta Afrika Australean (% 1,2).
Metodologiari dagokionez, azterketa kuantitatiboa egin da batez ere, eta Munduko Bankuaren datu-basetik lortu dira amen eta haurren heriotza-tasaren datuak. Afrikako herrialdeen zifrak eskualdeka bildu dira, Nazio Batuen geoeskema erabiliz. “Joinpoint” erregresioa erabili da herrialde eta eskualde bakoitzeko eta Afrika osoko haurren eta amen heriotza-tasen joerak aztertzeko”, dio Luc Ounambelek.
Oso hedatua dagoen errealitatea zoritxarrez
NUPeko doktore berriak azaltzen duenez, “aztertutako aldian amen eta haurren heriotza-tasak behera egin duen arren, emaitzek erakusten dute errealitate triste hori oso hedatuta dagoela, eta, gainera, eta, batez ere, ezinbestekoa dela mundu osoak, Afrikako estatuek eta osasuneko profesionalek kontzientzia hartzea eta mobilizatzea haren eragina murrizteko, eta hori da Afrikako osasun publikoaren arloko erronka garrantzitsuenetako bat”.
Alde horretatik, tesiaren egileak esaten duenez, “afrikar askok bizi izan dugu minez emakume baten heriotza erditzean, senarra eta umezurtz babesgabeak atzean utzita, edo familia hautsi baten egoera haurraren heriotza dela eta”. Bere tesiak emandako informazioari dagokionez, honako hau gaineratzen du: “aztertutako aldian ama-haurren osasunaren arloan egindako ibilbidea ondo ezagututa, gustatuko litzaiguke emaitza horiek beste horizonte bat irekitzea, Afrikarako, oro har, eta Kamerunerako, bereziki, Garapen Iraunkorreko Helburuak (GJH) lortzeko”.Hilkortasun-tasak jaisteko, faktore anitzeko esku-hartzeak egin behar dira, familia-plangintza, haurdun dagoen emakumearentzako arreta, erditzea eta jaiotza aurreko eta ondorengo zainketak kontuan hartuko dituztenak.
Luc Ounambeleren CV laburra
Luc Onambele Kamerunen jaioa da eta Obala-Kamerungo elizbarrutiko apaiza. Gaur egun, Efokeko Santa Ana parrokiako parrokoa da, eta bikario nagusia bere elizbarrutian. NUPeko Osasun Publikoko nazioarteko doktore izateaz gain, Bioetikako doktore da Friburgoko Unibertsitatean (Suitza), eta bioetikako, etika biomedikoko eta osasun publikoko irakasle iraunkorra Osasun Zientzien Fakultatean (ESS), Erdialdeko Afrikako Unibertsitate Katolikoan (UCAC). Bertan, UFD doktoretza-unitateko idazkari exekutiboa da.
2019ko maiatzetik 2020ko urtarrilaren 30era bitartean, Osasun Publikoaren lehen Sinposioko batzorde zientifikoko lehendakariordea izan zen. Sinposio hori UCACeko Doktoretza Prestakuntzako Unitateak antolatu zuen, eta honako hau zuen izenburua: “Osasun publikoaren erronkak Afrikan: osasunaren sustapena birpentsatzea Afrikako testuinguruan”.
Zenbait libururen egilea da, eta horien artean nabarmentzekoak dira: “Ley natural y procreación médicamente asistida. Cuestiones fundamentales de bioética y ética biomédica” edo “Ley natural y eutanasia. Contribución de Evangelium vitae a la reflexión moral contemporánea”, biak frantsesez, L'Harmattan-ek argitaratuak (Paris, Frantzia).