Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoa (NUP), Espainiako beste hamabost unibertsitaterekin batera, ikerketa-proiektu batean ari da parte hartzen. Proiektu horren helburua da unibertsitateko ikasleek jarduera fisikoko ohiturak eta bizimodua COVID-19 pandemiak eragindako konfinamendu-egoerara nola egokitzen dituzten jakitea eta ebaluatzea. Proiektua EXERNET sarearen esparruan garatzen ari da.  Sareak jarduera fisikoaren eta osasunaren esparruko ikerketa-talde espainiarrak biltzen ditu, arlo horietako jakintza koordinatu, harmonizatu eta zabaltzeko.

Proiektuan 16 unibertsitatetako 20 ikerketa-taldek hartzen dute parte, zeinek 500.000 ikasle baitituzte, hau da, Espainiako unibertsitate-ikasleen % 30 baino gehiago. Emaitzen bidez, “konfinamenduaren ondorengo aldian eta etorkizunean gerta daitezkeen antzeko egoeretan ondorio negatiboei aurre egiteko estrategiak diseinatzen ahalko dira”, ziurtatu dute sustatzaileek. Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) koordinatzen du azterketa. 

zoom 
NUPeko ikerketa taldea, bilera birtual batean

NUPeko ikerketa taldea, bilera birtual batean

NUPen, proiektuaren ardura duen ikerketa-taldea ELIKOS da, Idoia Labayen Goñik koordinatua, Osasun Zientzietako irakaslea eta IS-FOOD ikertzailea. Halaber, Ikasleen Gaietako, Enpleguko eta Ekintzailetzako Errektoreordetzaren eta NUPeko Unibertsitate Proiekzioko, Kulturako eta Zabalkundeko Errektoreordetzaren laguntza izanen du. 

Konfinamendua, sedentarismoa eta estresa

Idoia Labayenek aipatzen duenez, “pandemia honetan ia mundu osoan jarduera fisikoa izugarri jaisten ari dela adierazten duten aztarnak daude”  eta Espainia, esan du, “jarduera fisikoa gehien murriztu duen herrialdea da Fitbit plataformak bildutako datuen arabera”. Hala ere, zenbatespen horiek “ez dituzte kontrolatzen etxean egin daitezkeen jardueretako batzuk”, argitu du adituak.
Bestalde, mugikortasun-murrizketei irakaskuntzan aldaketa bat gehitu behar zaie, “on line” egiten dena, eta “egoera berri horretara egokitzeko prozesuak, ebaluazioari buruzko ziurgabetasunarekin batera, antsietate eta estres handiagoa eragin dezake, eta horrek eragina izan dezake hezkuntza-errendimenduan, baita osasun fisikoan eta mentalean ere”, dio Idoia Labayenek.

Alderdi horiek guztiak kontuan hartzeko, proiektuan parte hartzen duten 20 ikerketa-taldeek galdera-sorta bat diseinatu eta adostu dute. Galdetegi horretan, jarduera fisikoari, pisuari eta neurriari, bizi-kalitateari eta etxearen eta familia-unitatearen ezaugarriei eta datu soziodemografiko eta sozioekonomikoei buruz galdetuko da. Galdeketa hau unibertsitate bakoitzaren posta elektroniko korporatiboaren bidez zabalduko da, eta “on line” beteko da, modu anonimoan, konfinamenduan, hilabetera eta sei hilabetera.

“Konfinamenduan jarduera fisikoa egiteko aukerak murrizteak ondorio kaltegarriak izan ditzake epe labur, ertain eta luzean. Beharrezkoa da ikasleen bizi-ohituren egokitzapena ezagutzea, haien osasunean eta egungo errendimendu akademikoan eragina izan baitezake, baina baita etorkizuneko arrisku kardiobaskularrean eta desgaitasunean ere”, ondorioztatu du Idoia Labayen irakasleak. 

NUPaz gain, honako hauek ere parte hartzen dute proiektuan: Euskal Herriko Unibertsitatea (proiektuaren koordinatzailea), Zaragozako Unibertsitatea, Granadako Unibertsitatea, Gaztela-Mantxako Unibertsitatea, Cádizko Unibertsitatea, Leóngo Unibertsitatea, Sevillako Unibertsitatea, Kanaria Handiko Las Palmasko Unibertsitatea, Balear Uharteetako Unibertsitatea, Elxeko Miguel Hernández Unibertsitatea, Madrilgo Unibertsitate Politeknikoa, Extremadurako Unibertsitatea, Castelloko Jaime I Unibertsitatea, Valentziako Unibertsitatea, eta Kantabriako Unibertsitatea.