Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) bere jakintza-arlo guztietako 42 titulu bereki eskainiko ditu guztira 2020-2021 ikasturtean, eta berriak izanen dira horietako lau. Horien barnean, master titulu berekiak, espezializazio eta aditu diplomak eta unibertsitate zabalpeneko beste diploma edo egiaztagiri batzuk daude. Izena emateko epea heldu den maiatzaren 30era arte egonen da irakia. Eskaintza osoa Unibertsitatearen webgunean kontsultatzen ahal da.

Heldu den ikasturteko eskaintzan lau titulu bereki berri daude: Fisioterapia Inbaditzaileko Espezializazio Diploma, Urgentzia eta Larrialdietako Erizaintzako Unibertsitateko Aditua, Nafarroako Antzinateko eta Erdi Aroko Ondareko Espezializazio Diploma, eta Gatazka Pribatuetako Bitartekaritzako eta Negoziazioko Unibertsitateko Aditua. Azken hiru horiek gradu jakin batzuei lotuak daude, eta kontuan hartzekoa da eskaintza hori iazkoa baino handiagoa dela, ikasketa ofizialei lotutako zazpi titulu izatetik hamahiru izatera igaro baita Unibertsitatea. 

zoom Ikasle batzuk NUPen

Ikasle batzuk NUPen

Bestalde, aipatu beharra dago aurtengo ikasturtean 800 ikasletik gora ari direla NUPen titulu bereki bat egiten, eta aurreko ikasturteetako ikasleen pertzepzioa positiboa izan zela; izan ere, balorazio inkestetan jasotako datuen arabera, eskuratutako prestakuntzari 10etik 8,5 puntu eman zizkioten ikasleek batez beste. Era berean, nabarmendu beharra dago 11 ikastaro formatu erdipresentzialean edo osorik online eginen direla. Aukera horren eskaria gero eta handiagoa da, oso erakargarria baita batez ere jardunean dauden profesionalentzat.

Prestakuntza eskaintzaren helburuak eta ezaugarriak

Unibertsitate-Gizarte Fundazioak kudeatzen ditu Nafarroako Unibertsitate Publikoak eskaintzen dituen titulu bereki gehienak. Prestakuntza eskaintza horrek bi helburu ditu: batetik, unibertsitateko tituludunen gaitasunak eta trebetasunak sustatzea eta profesionalen eguneratzea bultzatzea lan merkatuan sar daitezen, edo beren titulazioari egokitutako lanpostu bat eskura dezaten; eta, bestetik, enpresek eta administrazioek beren beharretara egokitutako pertsonal kualifikatua eduki dezatela.

Horretaz gainera, titulu berekietako ikasleek zenbait abantaila dituzte, hala nola lan orientaziorako unibertsitateko zerbitzua, enpresa eta erakundeetan prestakuntzako praktikak egiteko aukera, eta zenbait zerbitzu eta deskontu izateko aukera (hizkuntza ikastaroak, kirolak, Liburutegirako sarbidea, etab).

Titulu berekien 2020-2012 ikasturterako eskaintzaren barnean, master titulu berekiak, espezializazio eta aditu diplomak eta unibertsitate zabalpeneko beste diploma edo egiaztagiri batzuk daude. Unibertsitate zabalpeneko diploma egiteko, ez da aurretiaz unibertsitateko titulaziorik behar; bai, ordea, master tituluak eta espezializazio eta aditu diplomak egiteko. Nolanahi ere, zilegi da ikastaroetako gaiekin lotutako profesionalak onartzea, aldez aurretik unibertsitate ikasketa horiek egin ez badituzte ere. Kreditu kopuruari dagokionez ere, desberdintasun batzuk daude. Masterraren kreditu kopurua 60tik 120ra bitartekoa da; espezializazio diplomarena, 30etik 59ra bitartekoa; eta adituarena, 15etik 29ra bitartekoa; unibertsitate zabalpeneko diplomak, berriz, 30 kreditu ditu gutxienez ere.