Joan eduki nagusira

Alarma egoera dekretatu zenetik, Nafarroako Unibertsitate Publikoak, Gizarte Ekintzarako Unitatearen bitartez, larrialdietarako laguntzak emateko 26 balorazio egin ditu, eta matrikula ordaintzen laguntzeko 13 eskaera tramitatu. Horrez gain, Internetera konektatzeko arazoak izan dituzten 3 pertsonari lagundu die, zailtasunak baitzituzten online irakaskuntza gauzatzeko.

Bi gizarte-langilek, psikologo batek eta administrari batek osatzen dute Gizarte Ekintzarako Unitatea, eta aholkularitza psikologikoa eta soziala ematen dio zailtasun egoeran dagoen Unibertsitateko komunitateko edozein kideri. Covid-19ak sortutako egoera dela-eta, kontsultarik ohikoenak beren diru-sarreren mende dauden eta, orain langabezian gelditu direnez, etxebizitzaren eta mantenuaren ordainketari eusteko laguntza behar duten ikasleekin egon dira lotuta.

Egungo testuinguruan, bi motatako dirulaguntzak ematen dizkie NUPek zailtasun ekonomikoak dituzten ikasleei: larrialdietarako laguntzak (300 eta 400 euro artekoak, beharren arabera) eta matrikula ordaintzeko laguntzak. Orain arte, larrialdietarako laguntzak emateko 26 balorazio egin dira: horietako 7 urgentziaz izapidetu eta ordaindu dira, egoerak hala eskatzen zuelako; 7 matrikularako laguntzetara bideratu dira, eta beste 12ak balorazio prozesuan daude.

Gainera, matrikula ordaintzeko laguntza jasotzeko 13 eskaera tramitatu dira, eta Internetera konektatzeko arazoak izan dituzten 3 pertsonari lagundu zaie. Datuak erabiltzeko eguneroko muga bat duten pertsonak dira, edo anaia-arrebekin partekatu behar eta, horregatik, online eskolen ordutegietara egokitu ezin direnak. Halakoetan, irakasleei horren berri ematen zaie, online irakaskuntza malgutzeko eta, kasuak kasu, ikaslearen aukeretara egokitzeko. Ondoren, larrialdietarako laguntza baten eskaera baloratzen da.

Gizarte Ekintzarako Unitatea lanean ari da, halaber, NUPen ikasten ari diren eta ikusmen desgaitasuna duten pertsonen online irakaskuntza egokitzeko.

Arreta psikologikoa

Bestalde, ziurgabetasun testuinguru honetan eta premia ekonomikoko egoeren ondorioz, ohikoa da ikasleek beldurra edo antsietatea sufritzea. Gizarte Ekintzarako Unitateak online arreta sozial eta psikologikorako 48 hitzordu egin ditu, 30 pertsonarekin guztira.

Zailtasun ekonomikoko egoeran dauden ikasleak harremanetan jar daitezke NUPeko Gizarte Ekintzako Unitatearekin unidad.accionsocial@unavarra.es helbide elektronikoaren bidez, izena, harremanetarako telefonoa, ikasmaila eta ikasketen titulazioa adieraziz. Une horretatik aurrera, unitateko teknikariak harremanetan jarriko dira interesdunarekin, egoera zehatz-mehatz ezagutzeko, prozeduraren berri emateko eta, beharrezkoa bada, laguntzak tramitatzen hasteko.