Joan eduki nagusira

Navarrabiomedeko eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko Osasun Zientzien Saileko (NUP) ikertzaile batzuk, osasuna eta bizi-kalitatea hobetzeko ariketa fisikoa agintzen adituak direnak, Gorputz Hezkuntzako klaseen kalitatea edo kopurua areagotzearen ondorioei buruzko lan baten egileak dira. Azterketa hori gazteen osasunari eta oinarrizko mugimen-gaitasunei buruzkoa da (3 urtetik 18 urtera bitartekoak). Artikulua duela gutxi argitaratu dute JAMA Pediatrics aldizkarian (Journal of the American Medical Association). 

zoom Ezkerretik eskuinera: Antonio García-Hermoso (Navarrabiomed eta IdISNA), Mikel Izquierdo (NUP) eta Robinson Ramírez (NUP), artxiboko argazki batean

Ezkerretik eskuinera: Antonio García-Hermoso (Navarrabiomed eta IdISNA), Mikel Izquierdo (NUP) eta Robinson Ramírez (NUP), artxiboko argazki batean

Azterketa horrek 50.000 gazte ingururi buruzko datuak aztertu zituen, eta ondorioztatu zuen estrategia kualitatiboek (adibidez, osagai kardiobaskular eta muskular handiko jokoak eta jarduerak sartzeak edo saioen plangintza metodologiko hobea egiteak) onura osasungarriak ekar ditzakeela ikasleen egoera fisikoari eta oinarrizko mugimen-gaitasunei dagokienez. 

Antonio García-Hermoso, Robinson Ramirez-Vélez, Alicia Mª Alonso-Martínez eta Mikel Izquierdo Redín ikertzaileez gainera (Navarrabiomedeko, Idisnako eta NUPeko kideak) honako hauek ere sinatzen dute lana: Miguel Ángel Pérez-Sousa (Huelvako Unibertsitatea) eta Rodrigo Ramírez-Campillo (Los Lagoseko Unibertsitatea. Osorno, Txile).

Ariketaren premia egoera fisikoa hobetzeko

Azterketa honetako ikertzaileek adierazi dute, halaber, ezin direla beti Gorputz Hezkuntzako ariketarako edo asteko saioetarako eskola-orduetan emandako orduak gehitu, eta horretarako erabilitako denboraren eraginkortasuna hobetzeko iradokitzen dute (HIIT intentsitate handiko tarteen entrenamendua, muskulu-indarra, jauziak edo zirkuituak bezalako estrategien bidez). Hala ere, autoreek azpimarratzen dute, eskola-ordutegian horrelako estrategiek dakartzaten hobekuntzak gorabehera, gazteek eskolaz kanpoko jarduera fisikoetan gehiago hartu behar dutela parte, adin-tartearen arabera (hau da, egunean 60 minutu jarduera fisiko neurritsu edo bizian).

Halaber, esan dute Gorputz Hezkuntzak beste helburu batzuk ere betetzen dituela, ez bakarrik jarduera fisikoa egitearekin zerikusia dutenak, hala nola sozializazioa, lankidetza, ohitura osasungarriak eta gorputz-adierazpena sustatzea, besteak beste. Hala ere, gogorarazi dute eskola-umeen egoera fisikoa hobetzea funtsezkoa dela osasunerako, epe labur eta luzera, gazteen obesitate-tasa handiak eta jarduera fisikorik eza direla eta, zeinak “eskoletatik landu beharreko osasun publikoko arazoa” baitira.