Nafarroako Unibertsitate Publikoa (NUP), beste hainbat herrialdetako beste bederatzi erakunderekin batera, COVID-19ari buruz herritarrek dituzten iritziei, pertzepzioei eta informazio-bideei buruzko azterlan batean parte hartzen ari da, bai eta populazioak birusari buruz dituen mito eta errealitateen hedapenari buruzko azterlan batean ere. Azterlanak galdera-sorta bat du, hamar edo hamabost minutuan erantzuten dena, eta nahi duena "online" bidez sar daiteke galdetegira. Herritar guztiei zuzendua dago, eta bermatua dago anonimotasuna.
Unibertsitateko Enpresen Kudeaketa Saileko Monica Cortiñas Ugalde irakasleak azaldu duenez –NUPen ikerketaren arduraduna da–, "inkestan parte hartu dutenen iritziak ezagutzeak lagunduko digu gomendioak ematen bai ikerketa-erakundeei, bai gizartearekiko komunikazio-prozesu eraginkorrari buruzko politikak formulatzeaz arduratzen direnei".
Ikerketan, NUPez gainera, honako erakunde hauek hartu dute parte: Juiz de Forako Unibertsitate Federala (Brasil), Chengdu University of Information Technology (Txina), Aarhus University (Danimarka), University of Applied Sciences Zittau/Görlitz (Alemania), Reykjavik University (Islandia), Muhammadiyah University of Malang (Indonesia), Instituto Politécnico de Setúbal (Portugal), Kaliningrad State Technical University (Errusia) eta Nuh Naci Yazgan University (Turkia).
Birusaren, kutsatzeko moduen eta mitoen ezagutza
Galderen artean, koronabirusaren ezagutzarekin eta kutsatzea prebenitzeko moduarekin zerikusia duten batzuk daude. Bestalde, COVID-19arekin lotutako baieztapen batzuk aurkeztu dira, eta inkestatutako pertsona ados edo desados egon daiteke horiekin. Horietako batzuk dira, adibidez, "pertsona batek COVID-19a harrapatu ote dezakeen Txinatik bidalitako produktuak erosiz" edo "antibiotikoek COVID-19a hil ote dezaketen".
Pandemiaren ondorio sozio-ekonomikoei buruz eta edo beste ondorio batzuei buruz ere galdetzen da, baita ingurumenean izan dezakeen eraginari buruz ere. Gainera, inkestatutako pertsonak adierazi behar du zer komunikabideren bitartez izaten duen pandemiarekin lotutako albisteen berri zergatik ematen den, sinesgarritzat jotzen dituen ala ez eta inguruko norekin komentatzen dituen, besteak beste.